LEHENDAKARIAREN AGURRA



ESKERRIK ASKO, ETA LASTER ARTE

Javier Rojo, Senatuko lehendakaria

Bizitza oso bat politikarekin konprometituta. Zaila da nire ibilbidean puntu bat jartzea, oso konplexua izan baita, eta, aldi berean, oso atsegina. Urteotan, hamaika etapa eta gertakaritan parte hartu dut. Demokrazia jaioberria zenetik Euskadik etorkizun itxaropentsua izango duela dirudien honetara arte, bertatik bertara bizi izan ditut Konstituzioaren eta Estatutuaren onarpena, estatu-kolpea emateko saioa, demokraziaren finkatzea, Espainiaren sarrera Europan eta beste hainbat jazoera. Horregatik, eta beste gauza askorengatik, pribilegiatua sentitzen naiz.

Lerro hauen bidez, batetik, eskerrak eman nahi dizkiot Senatuari, Espainiako politika eta gizartea eraikitzen parte hartzeko eman didan aukera bakoitzarengatik. Pauso bat atzera egitea erabaki dudan honetan, ETA erakunde terroristak gizartearen aldeko apustua egin zutelako hildako guztien eginkizuna eta ondarea gogorarazi nahi nuke.  

Inork bere bizitzako etapa bat amaitutzat ematea erabakitzen duenean, irudiak eta oroitzapenak bata bestearen atzetik etortzen zaizkio gogora, eta ibilaldi bat egiten du bizi izan duen guztian barrena. Horri esker, balio handiagoa ematen die bere garaian hutsalak ziruditen ñabardurei. Esate baterako, politikagintzan hiru hamarkada baino gehiago eman dituen inori zaila gertatzen zaio horrelako zerbitzu publikoaren alde egitea. Bada, politika beharrezkoa, funtsezkoa eta errespetagarria da. Lan ohoragarria da. Jendearen arazoak konpontzeko lana da, edo izan beharko luke; herritartasuna eraikitzeko antzea da; bokazio bat da, beharrezkoa eta erabat askea. Nire ustez, politika balioztatzeko garaia da, beharrezkoa dela aitortzekoa, eta zerbitzu publikoa egiteko bidetzat zintzoki aukeratu dutenen zilegitasuna azpimarratzekoa.

Politikagintza nire bizitza, nire grina eta nire erabateko bokazioa izan da. Baliteke askotan denbora kendu izana familiari, ingurukoei, baina bada garaia pauso bat atzera egiteko, beste batzuek pauso bat aurrera egin dezaten. Ematen dugun hitzaldi bakoitzarekin koherentea izan nahian egingo dut hori.

Beharrezkoa da gizarteak planteatutako berrikuntza gauzatzea. Politikan badira esparru gehiago ekarpenak egiteko, lan egiteko eta apustu egiteko. Esaten duena sinesten duen politikari bat naiz, eta azken hariraino eramaten dut esaten dudana. Nire konpromisoa elikatzen jarraituko dut,  nire idealen alde egiten, balioak finkatzen, eta nire alderdia eta gizartea errespetatzen.

Orain, zailtasunak ditugun honetan, amets egiten uzten diot nire buruari, eta politika aitortu eta errespetatu egingo dela amets egiten dut; politika gizatiarra izango dela, eta arima izango duela; hitzaren balioa errespetatzen duten erakunde demokratikoetan oinarrituko dela. Amets egiten uzten diot nire buruari, eta amets egiten dut alderdi politikoek lehentasun handiagoa emango diotela interes orokorrari beren interesari baino, guztion mesederako adostasuna lortzeko. Azken finean, politikagintza zerbitzu publiko bat izango dela amets egiten dut, interes partikularrekin zerikusirik ez duena, liskar errespetugabeekin zerikusirik ez duena, eta, horrenbestez, herritarrengandik gero eta gertuago dagoena.

Badakit, hainbeste urte emanda herritarrak ordezkatzeko ardura nire gain hartuta, hutsegiteak egingo nituela seguru asko. Barkamena eskatzeko baliatu nahi ditut lerro hauek, egin ditudan hutsegiteak ez baititut nahita egin, baizik eta gehiegitan politikagintza itotzen duten zailtasunak eta tirabirak zirela eta.

Guztioi gauza bat esatea besterik ez zait falta: eskerrik asko, eta laster arte!

Javier Rojo, Senatuko lehendakaria



Biografia