Batzordeak eta ponentziak. Osaera, funtzionamendua eta motak

Azken eguneraketa: 11/05/2018

Osaera

Senatuko Batzordeak Ganberaren lanerako oinarrizko organoak dira, eta Talde Parlamentario bakoitzak Ganberan duen indarraren araberako Senatari kopuru batek osatzen ditu (Senatuaren araudiko 51. artikulua); gaur egun, Batzorde bakoitzeko Senatari kopurua hogeita zazpi da, eta honela banatuta daude:

BATZORDEEN OSAERA XII. LEGEGINTZALDIAN
TALDE PARLAMENTARIOA SENATARIAK
Popular en el Senado 15
Socialista 6
Unidos Podemos - En Comú Podem - En Marea  2
Esquerra Republicana 1
Vasco en el Senado (EAJ-PNV) 1
Nacionalista Partit Demòcrata (PDeCAT-CDC) - Agrupación Herreña Independiente-Coalición Canaria (AHI/CC-PNC) 1
Mistoa 1

Arau horrek ondorengo salbuespenak ditu:

Autonomia Erkidegoetako Batzorde Nagusia, egun 54 Senatarik osatua (Senatuaren Araudiko 51.3 artikulua).

Izendapenen Batzordea, egun 7 kidek osatua (Senatuaren Araudiko 185. artikulua).

Beste alde batetik, Batzorde Mistoak (2018ko apirilaren 26an Diputatuen Kongresuko eta Senatuko Mahaiek egindako Ebazpena, Diputatuen Kongresuko eta Senatuko Mahaiek Kongresua-Senatua Batzorde Mistoen osaerari buruz egindako Ebazpena aldatzen duena, 2016ko irailaren 27 eta 28koa) gaur egun 39 parlamentariok osatzen dituzte, eta banaketa hauxe dute Talde Parlamentarioen artean:

  • Popular: 8 Diputatu eta 10 Senatari.
  • Socialista: 5 Diputatu eta 4 Senatari.
  • Confederal de Unidos Podemos–En Comú Podem–En Marea eta Unidos Podemos-En Comú Podem-En Marea: 3 Diputatu eta 2 Senatari.
  • Ciudadanos: 2 Diputatu.
  • Esquerra Republicana: Diputatu 1 edo Senatari 1.
  • Vasco: Diputatu 1 edo Senatari 1.
  • Mistoa: Diputatu 1 eta Senatari 1.
  • Nacionalista Partit Demòcrata (PDeCAT-CDC)-Agrupación Herreña Independiente-Coalición Canaria (AHI/CC-PNC): Senatari 1.

Funtzionamendua

Batzordeetako kideek aukeratzen dute beren Mahaia, eta Presidente bat, bi Presidenteorde eta bi Idazkari izango dira bertako partaideak (Senatuaren Araudiko 53. artikulua). Halere, badaude salbuespenak: Autonomia Erkidegoen Batzorde Nagusia, bi Idazkari gehiago baititu (Senatuaren Araudiko 55. artikulua), eta Izendapenen Batzordea, ez baitu Mahairik eta Senatuko Presidentea da bertako batzordeburua.

Batzordeetako Mahaiak aukeratzeko erabiltzen den prozesura Ganberako Mahaiko kideak aukeratzeko erabiltzen den berbera da (Senatuaren Araudiko 53. artikulua).

Batzordeek Ponentziak izenda ditzakete, Talde Parlamentario desberdinetako Senatariek osatuak, txostenak prestatzeko, eta txosten horiek legegintza arlokoak, ikerketakoak edo beste arlo batekoak izan daitezke, Batzordearen lanerako oinarri gisa erabiltzeko.

Batzordeen bilkurak gizarte-hedabideetako ordezkari akreditatuentzat irekita egongo dira, Batzordeak bilera jakin bat ateak itxita egin dadila berariaz erabaki ezean. Aldiz, sekretuak izango dira Bateraezintasunen eta Erregu Batzordeen bilkurak (Senatuaren Araudiko 75. artikulua).

Batzordeen eskumen garrantzitsuenetako batzuk dira ondokoak: legegintzako testuak egitea eta Gobernuko kideekin, agintariekin, funtzionarioekin eta beste goi-kargudun batzuekin informazio-bilerak egitea, baita ahozko galderak eta aztergai duten eremu materialarekin loturiko mozioak izapidetzea ere, baina jakina, Araudian ezarrita dauden beste eginkizun batzuk ere burutu ahal izango dituzte.

Aurreko hori hala izanik ere, kontuan hartu behar da Batzorde Iraunkor Legegileek bakarrik (ikus beherago) izapidetu ditzaketela izaera hori duten ekimenak, eta beraz, Batzorde Iraunkor Ez-legegileek, Ikerketa Batzordeek edo Batzorde Bereziek eta Batzorde Mistoek ezingo dute eginkizun hori bete.

Beste alde batetik, Batzorde batzuen eskumena jarduera jakin batera mugatua dago, eta horrela, esate baterako:

Eskaeren Batzordeak norbanakoek edo taldeek aurkeztutako eskaerak aztertzen ditu (Senatuaren Araudiko 192.etik 195.era bitarteko artikuluak).

Araudiaren Batzordeak, berriz, Senatuaren Araudia eraberritzeko proposamenak aztertzeko eta horiei buruzko diktamena emateko eskumena du (Senatuaren Araudiko 196. artikulua).

Izendapenen Batzordea, hain zuzen ere, Senatuak betetzen dituen kargu desberdinetarako hautagaiak aztertzeko eskumena du (Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko bokalak, Auzitegi Konstituzionaleko Magistratuak, eta abar). Horretarako, aurkezpen-ekitaldiak egiten ditu, egokitasun-txostenak prestatzen ditu eta, hala egokituz gero, hautagaiei buruzko proposamenak egiten dizkio Osoko Bilkurari (Senatuaren Araudiko 184.etik 186.era bitarteko artikuluak).

Bateraezintasunen Batzordea Senatari bakoitzaren egoerari buruzko diktamena egiteko eskumena du hark eduki dezakeen bateraezintasun-egoeraren inguruan (Senatuaren Araudiko 16. artikulua).

Erreguen Batzordeak, azkenik, Senatari bat prozesatzeko jasotako erreguari buruz diktamena egiteko eskumena du.

Motak

Senatuko Batzordeak

Batzorde iraunkorrak

Batzorde iraunkorrak, legealdi osorako eratuak, Legegileak edo Ez-legegileak izan daitezke.

Batzorde iraunkor Legegileak

Gaur egun, Autonomia Erkidegoetako Batzorde Nagusiaz gain, ondorengo hauek dira Batzorde Legegileak:

  • Konstituzionala.
  • Kanpo Arazoak.
  • Justizia.
  • Barnekoa.
  • Defentsa.
  • Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuna.
  • Ogasuna eta Funtzio Publikoa.
  • Aurrekontuak.
  • Sustapena.
  • Hezkuntza eta Kirola.
  • Enplegua eta Gizarte Segurantza.
  • Energia, Turismoa eta Agenda Digitala.
  • Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura.
  • Osasuna eta Gizarte Zerbitzuak.
  • Garapenerako Nazioarteko Lankidetza.
  • Kultura.
  • Berdintasuna.
  • Toki Erakundeak.
  • Ingurumena eta Klima Aldaketa.
  • Desgaitasunerako Politika Integralak.
Batzorde iraunkor Ez-legegileak
  • Araudia.
  • Bateraezintasunak.
  • Erreguak.
  • Eskaerak.
  • Iberoamerikako Gaiak.
  • Izendapenak.
  • Familiaren, Haurren eta Nerabeen Eskubideak.

Ikerketa Batzordeak edo Batzorde bereziak

Ikerketa Batzordeak edo Batzorde bereziak, Legegintzaldi jakin batean herritarren intereseko edozein gairi buruz inkestak edo azterketak egiteko «ad hoc» sortuak. Horiek sortzeko arrazoi izan diren lanak amaitutakoak desegin egiten dira.

Diputatuen Kongresua-Senatua Batzorde Mistoak

Batzorde Mistoak iraunkorrak edo bereziak izan daitezke.

Bi Ganbaretako kideek osatzen dituzte. Gaur egun, ondoko hauek ditugu:

  • Europar Batasunerako Mistoa, iraunkorra.
  • Kontuen Auzitegiarekin Harremanak izateko Mistoa, iraunkorra.
  • Herri Defendatzailearekin Harremanak izateko Mistoa, iraunkorra.
  • Segurtasun Nazionaleko Mistoa, iraunkorra.
  • RTVE Korporazioaren eta bere Sozietateen Kontrol Parlamentariorako Mistoa. Izaera berezia du, eta VIII. Legegintzaldiaz geroztik eratu da.
  • Drogen Arazoa Aztertzeko Mistoa. Izaera berezia du, eta IV. Legegintzaldiaz geroztik eratu da.