Bozeramaileen batzordea. Funtzioak

Azken berrikuspena: 09/01/2024

Bozeramaleen batzordea Ganberako presidenteak eta talde parlamentarioen bozeramaleek osatzen dute (Senatuaren araudiko 43.1. artikulua). Parlamentu taldeen bozeramaleez gainera, Gobernuko ordezkari bat, normalean, estatuko idazkaria edo Gorteekin harremanak dituen zuzendari nagusia, etorri izan ohi da bileretara. Hala balegokio, lurraldeko taldeetako ordezkariak ere parte har dezakete (Senatuaren araudiko 43.2. artikulua).

Normalean, astero biltzen da, astearteetan, mahaiaren bilera baino lehen.

Senatuaren araudiaren arabera (Senatuaren araudiko 44. artikulua), Bozeramaleen batzordeari entzun behar zaio parlamentuaren jarduerak antolatzeari eta garatzeari zuzenean eragiten dieten gaien inguruan. Horrela, osoko bileren gai-zerrenda zehazterakoan, Bozeramaleen batzordeak bere iritzia eman behar du. Gai-zerrenda hori presidenteak zehazten du mahaiarekin bat etorrita. Bozeramaleen batzordeari entzun behar zaio, halaber, mahaiak gai hauei buruzko akordioaren bat hartu aurretik: saio-aldi bakoitzeko osoko bilkuren egutegia onartzea eta aldaketak egitea; osoko bilkuran ateratzen diren ekimenak talde parlamentarioen artean banatzea, hala nola galderak, mozioak eta interpelazioak; eta Diputazio Iraunkorreko eta batzordeetako kide kopurua zehaztea eta talde parlamentarioen artean banatzea.

Era berean, Bozeramaleen batzordeak paper garrantzitsua du eztabaida parlamentarioak zuzentzeko unean; izan ere, presidentearen ohiko eskumenetako bat den arren (Senatuaren araudiko 37.2. artikulua), aldez aurretik iritzia eskatzen baitie bozeramaleei. Era berean, Bozeramaleen batzordearen zenbait funtzio arau-emaileak dira, entzun egin behar baitzaio Presidentetzari dagozkion interpretazio-arauak edo arau osagarriak onartzeko. Gainera, errealitatean, Bozeramaleen batzordeak talde parlamentarioek Ganberaren funtzionamenduarekin eta jarduerarekin lotutako edozein alderi buruzko iradokizunak eta behaketak egiten dituzten foro bat osatzen du, Senatuko presidentearen agintaritzapean.