Ir al Contenido (Presione enter)

12 ABENDUA 2017

XII LEGEGINTZALDIA

Senatuko presidenteak. 1834 eta 1923 artean

01 Francisco Javier CastaNos

Francisco Javier CASTAÑOS Y ARAGORRI. Duque de Bailén (Madrid, 1758 – Madrid, 1852).

Militar gailena. Frantsesei irabazi zien Bailenen (1808) eta, ondorioz, dukearen titulua bereganatu zuen. Absolutista zen eta politikatik urrun egon zen aldi liberaletan. 1832an, Estatuko Kontseiluko presidentea izan zen eta, 1833an, Gorteetako presidentea Fernando VII.a gaixo egon zen bitartean. Erregeak bere testamenduan Erregeordetzako kontseiluko presidente eta Isabelen, Asturiasko Printzesaren, eta bere ahizpa Mª Fernandaren tutore izendatu zuen.

1834-1835 legealdiko Ospetsuen Estamentuko presidente izan zen.
02Pedro Agustín Girón y Las Casas, marqués de las Amarillas

Pedro Agustín GIRÓN Y DE LAS CASAS. Marqués de las Amarillas y Duque de Ahumada (San Sebastián, 1778 – Madrid, 1842).

Militarra. Gerra-ministroa izan zen 1820an. Liberal konstituzionalista moderatua zen eta Fernando VII.ak jazarri zuen. 1833an berragertu zen Erregeordetzako Kontseiluko kide gisa Isabel II.a adin txikikoa zen bitartean. 1835an, berriro Gerra-ministro izendatu zuten.

Ospetsuen Estamentuko presidentea 1834-1835eko legealdian, 1834ko irailetik aurrera, Bailengo dukeak karguari uko egin ostean.
03 Pedro González Vallejo, obispo de Mallorca

Pedro GONZÁLEZ VALLEJO (Soto de Cameros, Logroño, 1770 – Madrid, 1842).

Elizgizona. Liberala zen eta, Riegoren altxamenduaren ostean, Konstituzioa goretsi zuen. Mallorcako gotzaina zela, erreakzionarioek arroztzat jo zuten 1820an. Gorteetako diputatua eta presidentea izan zen 1811n, eta aparteko Gorteetakoa 1821ean. Absolutismoa berrezarritakoan, Frantziara emigratu zuen eta, 1832an itzuli zen, amnistiaren ostean. 1834tik 1836ra ospetsu izan zen. 1837tik aurrea senatari eta Esparteroren erregeordetza babestu zuen.

1835-1836ko eta 1836ko legealdietako Ospetsuen Estamentuko presidentea izan zen.
04 José María Moscoso de Altamira, conde de Fontao

José María MOSCOSO DE ALTAMIRA. Conde de Fontao (Mondoñedo, Lugo, 1788 – Madrid, 1854).

Militarra. Frantsesen kontra borrokatu zuen eta, ondorioz, okupazioa amaitu arte ihes egin behar izan zuen. 1820an diputatu liberal izan zen eta Gorte horien presidenteorde eta presidente. 1822an Gobernazioko ministro izan zen eta, 1823an, Estatuko Kontseilari. Absolutismoa itzultzean, erbestera joan zen. Amnistiaren ostean, berriro ere Barne-ministro izan zen 1834tik 1835era, beti Martínez de la Rosarekin.

Senatuko presidente izan zen 1837-1838, 1838-1839, 1839-1840 eta 1844-1845ko legealdietan.
05 Ildefonso Díez de Rivera, conde de Almodóvar

Ildefonso DÍEZ DE RIVERA Y MURO. Conde de Almodóvar (Granada, 1777 – Valencia, 1846).

Militarra. Napoleonen kontrako gerran nabarmendu zen. Liberala zen eta Inkisizioak atxilo eraman zuen. 1810etik 1812ra Estatu Nagusira destinatu zuten. 1817an kartzelan sartu zuten Hirurteko Liberalera arte. 1823an, absolutismoa itzuli zenean, Frantziara erbestean joan zen eta amnistiaren ostean itzuli zen. Prokuradoreen Estamentuko presidente izan zen 1834 eta 1835 artean. Gerra-ministro izan zen 1835ean eta 1836an. Gobernuko bitarteko presidentea eta Estatuko ministroa izan zen 1843an Esparterorekin. Alderdi Progresistan egon zen.

Senatuko presidentea izan zen 1841 eta 1841-1842ko legealdietan.
06 Álvaro Gómez Becerra

Álvaro GÓMEZ BECERRA (Cáceres, 1771 – Madrid, 1855).

Alderdi Progresistaren alderdikideko abokatua. Extremadurako buruzagi politiko izan zen 1814an, Fernando VII.a itzuli zenean. Cadizko Gorteetako presidente izan zen 1822an eta Fernando VII.a hil arte erbestean egon zen. Grazia eta Justizia ministroa izan zen 1835ean eta Prokuradoreen Estamentuko presidente 1836an. Ministroen Kontseiluko presidente eta Grazia eta Justizia ministroa izan zen Esparterorekin eta Narváezengatik utzi zuen 1845ean.

Senatuko presidentea izan zen 1842 eta 1843 [1.a] eta 1843ko [2.a] legealdietan.
07 Mauricio Carlos de Onís

Mauricio Carlos de ONÍS MERKLEIN (Dresde, Alemania, 1790 – Madrid, 1861).

Diplomatikoa. Estamentuaren hiru legealdietako prokuradorea, 1834tik 1836era. Azken legealdian, Mahaiko idazkari ere izan zen. Alderdi Progresistako kide izan zen. Estatuko ministro izan zen 1840an, senataria 1839tik aurrera eta Senatuko 4. idazkari 1841ean; 2.a, 1841-1842an, eta 1.a 1842-1843an.

Senatuko presidente izan zen 1843ko [3.a] legealdian
08 Manuel Pando y Fernández-Pinedo, marqués de Miraflores

Manuel de PANDO FERNÁNDEZ DE PINEDO. Marqués de Miraflores (Madrid, 1792 – Madrid, 1872).

Publizista, historialaria eta diplomatikoa. Alderdi Moderatuko kide izan zen, Batasun Liberalera pasa zen eta, bizitzaren azken urteetan, Alderdi Kontserbatzailera. Londres eta Parisko enbaxadorea izan zen. 1846an, Ministroen Kontseiluko presidente izan zen egun batzuez, Narváez ordezkatzeko. 1851n Estatuko ministro izan zen. 1861ean Erromako enbaxadore eta, 1863an, Ministroen kontseiluko presidente, O’Donnellen ordezko gisa. 1836an Senatuko presidente izendatu zuten, baina ez zuen kargua hartu Granjako gertakariengatik.

Senatuko presidentea izan zen 1845-1846, 1847-1848, 1848, 1849-1850, 1850-1851, 1852, 1866-1867 eta 1867-1868ko legealdietan.
09 Manuel de la Pezuela y Cevallos, marqués de Viluma

Manuel de la PEZUELA Y CEVALLOS. Marqués de Viluma (A Coruña, 1797 – Madrid, 1872).

Militarra. Hirurtekoan goraipatutako liberala izan zen. 1834an, Alderdi Moderatuan agertzen den Chesteko konde den bere anaiarekin. Santanderreko gobernadore eta diputatu izan zen. Estatuko Ministro izan zen Narváezekin. Iraultzaren kontra zegoen eta, 1868an, Katolikoen Elkartea sortu zuen.

Senatuko presidente izan zen 1846-1847, 1851-1852, 1853 [2.a], 1857 eta 1858ko legealdietan.
10 Joaquín de Ezpeleta y Enrile

Joaquín de EZPELETA ENRILE (La Habana, Cuba, 1788 – Madrid, 1863).

Militarra. Fernando VII.aren aldekoa zen eta konstituzionalen kontra borrokan aritu zen Madrilen 1822an. Errege Guardiaren buru izan zen eta Isabel II.a tronuratzea babestu zuen, eta I. Gerra Karlistan parte hartu zuen. 1834an, Nafarroako prokuradore moderatu izan zen. 1838tik 1840ra kapitain nagusi eta Kubako Errege Audientziako presidente izan zen. 1852an, Gerra-ministro izan zen eta, zenbait hilabete geroago, Itsas Armadarena. Senatuko 4. presidenteorde izan zen 1850-1851ean eta 3.a 1851-1852an.

Senatuko presidente izan zen 1853ko legealdian.
11 Francisco Javier Istúriz y Montero

Francisco Javier ISTÚRIZ Y MONTERO (Cádiz, 1785 – Madrid, 1871).

Merkataria. 1820an liberala zen. 1823an Gorteetako presidente zela, Erregea gaitasunik gabe uztearen alde botatu zuen eta, ondorioz Ingalaterrara erbesteratu behar izan zuen. 1834an itzuli eta Alderdi Moderatuan afiliatu zen. 1836an Prokuradoreen Estamentuko presidente zela, Mendizabali aurre egin zion eta Gobernuan ordeztu zuen. Granjako gertakarien ostean, berriro erbestera joan behar izan zuen. Itzuli eta 1837an Konstituzioa zin egin zuen. 1838an, 1839an eta 1840an Kongresuko presidente izan zen. Moderatuekin, Gobernazio ministro, Ministroen Kontseiluko presidente bi alditan eta Estatu-ministro izan zen.

Senatuko presidente izan zen 1858ko legealdian.
12 Manuel Gutiérrez de la Concha, marqués del Duero

Manuel GUTIÉRREZ DE LA CONCHA E IRIGOYEN. Marqués del Duero (Córdoba de Tucumán, Argentina, 1808 – Batalla de Montemuro, Navarra, 1874).

Militar liberal honek Isabel II.a babestu zuen eta gerra karlistetan parte hartu zuen. Alderdi kontserbadorera pasa eta Esparterori aurka egin zion. 1841ean lehia galduta, erbestera joan zen. 1845ean, moderatuengana itzuli eta igoera ugari eskuratu zituen. 1868ko Iraultzaren ostean, politikatik erretiratu zen.

Senatuko presidente izan zen 1858-1860, 1860-1861, 1861-1862, 1862-1863, 1863-1864 eta 1864-1865ko legealdietan.
13 Francisco Serrano Domínguez, duque de la Torre

Francisco SERRANO DOMÍNGUEZ. Duque de la Torre (Isla de León, Cádiz, 1810 – Madrid, 1885).

Militarra. 1840an Espartero babestu bazuen ere, 1843an, Erregeordetzaren kontra konspiratu zuen. Alderdi Garbizale Kontserbadoreko kide izan zen 1845tik aurrera. 1847an erretiratu zen politikatik eta 1849an berragertu zen O’Donnellekin. 1867an, Batasun Liberaleko buru zela Kanarietara deserriratu zuten Erreginaren kontra konspiratzeagatik. 1868an, behin-behineko Gobernuko presidente eta erregeorde izan zen. Amadeo I.arekin Gobernuko presidente izaten jarraitu zuen. 1873an, Errepublikaren kontra konspiratu eta Biarritzera ihes egin zuen. Exekutibako presidente izan zen Pavíaren taldearekin. Berrezarkuntzarekin pisu politikoa galdu zuen.

Senatuko presidentea izan zen 1865-1866 eta 1883-1884 legealdietan.
14 Manuel de Seijas Lozano

Manuel de SEIJAS LOZANO (Almuñécar, Granada, 1800 – Madrid, 1868).

Epailea eta azukre-industrialaria. Kontserbadorea. 1837az geroztik diputatu izan zen; 1847an, Narváezekin Gobernazioko ministro; Diputatuen Kongresuko barne-presidente; Merkataritza, Industria eta Herri Lanen ministro, Grazia eta Justizia eta Itsasoz Haraindikoa izan zen. 1857an Auzitegi Goreneko fiskala izan zen.

Senatuko presidente izan zen 1867ko legealdian.
15 Francisco Santa Cruz Pacheco

Francisco SANTA CRUZ PACHECO (Orihuela, Alicante, 1797 – Madrid, 1883).

Aberatsa. Milizia Nazionaletan egon zen 1823ra arte. Absolutismoarekin politikatik erretiratu zen. 1840an, Teruelgo Gobernuko Juntako buruzagi politikoa zen. 1853an, Diputatuen Kongresuko presidente zen. Esparterorekin, Gobernazio eta Ogasun ministro izan zen. Batasun Liberalera pasa zen. Kontuen Auzitegiko presidente eta Espainiako Bankuaren Gobernadore izan zen. Estatu Kontseiluko presidente zela, Amadeo I.aren aldeko botoa eman zuen 1869an. Alfonsino Alderdi Kontserbadorera pasa zen.

Senatuko presidente izan zen 1871 eta 1872ko legealdietan.
16 Laureano Figuerola Ballester

Laureano FIGUEROLA BALLESTER (Calaf, Vic, Barcelona, 1816 – Madrid, 1903).

Abokatua eta katedratikoa. Librekanbista zela Alderdi Progresistako kide egin zen. 1868an, Iraultzako Batzorde Nagusian zegoen eta Ogasun ministro zen Serrano eta Primekin. Pezeta sortu zuen diru-unitate gisa. Errepublika babestu zuen eta, Berrezarkuntza gailendu ostean, politikatik erretiratu zen.

Senatuko presidente izan zen 1872-1873ko legealdian.
17 Manuel García Barzanallana, marqués de Barzanallana

Manuel GARCÍA BARZANALLANA GARCÍA DE FRÍAS. Marqués de Barzanallana (Madrid, 1817 – Madrid, 1892).

Funtzionarioa eta publizista. Aduanen zuzendari nagusia izan zen 1854an. Alderdi Moderatuan, Ogasun ministro izan zen hainbat aldiz Narváezekin eta oposizio moderatuaren buru 1869ko Konstituziogileetan. Ondorioz, 1876ko Konstituzioaren idazleetako bat izan zen Senatuari buruzko zatian.

Senatuko presidente izan zen 1876, 1877, Ez ohiko 1878, 1878, 1879-1880 eta 1880-1881ko legealdietan.
18 Jose Gutierrez de la Concha

José GUTIÉRREZ DE LA CONCHA E IRIGOYEN. Marqués de la Habana (Córdoba de Tucumán, Argentina, 1809 – Madrid, 1895).

Teniente jenerala. Valentziako kapitain jenerala izan zen 1847an eta, ondoren, Kubako kapitain jeneral eta gobernadorea. Kargu horiek beste bitan ere beteko zituen. 1854an erbestera joan zen Uztaileko iraultza babesteagatik. 1863an, Gerra-ministro eta Gobernuko presidente izan zen, La Gloriosa lehertutakoan. Berrezarkuntzarekin, Ministroen kontseiluko presidente eta Ejertzitoetako kapitain jeneral izan zen. Kontserbadorea zen.

Senatuko presidente izan zen 1881-1882, 1882-1883, 1886, 1887, 1887-1888, 1888-1889, 1889-1890 eta 1893ko legealdietan.
19 Francisco Javier Arias Dávila y Matheu, conde de Puñonrrostro

Francisco Javier ARIAS DÁVILA MATHEU Y CARONDELET. Conde de Puñonrostro (Cádiz, 1812 – Madrid, 1890).

Teniente jenerala. 1868an, Estatu Nagusiko zuzendari nagusia izan zen. Iraultzaren ostean erretiratu egin zen eta, 1871n, erbesteratu egin zuten Amadeo I.a ez aitortzeagatik. Berrezarkuntza babestu zuen eta garrantzizko karguak bete zituen berriz ere. 1879an, Alderdi Moderatuaren zuzendaritzako presidente gisa, eta Martínez Camposekin batera, “Jeneralen taldea” antolatu zuen Cánovasen kontra. Orduan, alderdikideek desautorizatu egin zuten. 1884an erretiratu egin zen.

Senatuko presidente izan zen 1884-1885ko legealdian.
20 Arsenio Martínez de Campos

Arsenio MARTÍNEZ CAMPOS Y ANTÓN (Segovia, 1831 – Zarauz, 1900).

Militarra. Monarkikoa zen eta Erregea aldarrikatu zuen Sagunton 1874an. Diputatu canovista izan zen eta, 1879an, Gerra-ministro izan zen. Sagastaren Alderdi Liberalera pasa zen eta harekin ministro eta Gobernuko presidente izan zen hura kanpoan zenean. El Pardoko itunaren bitartekari izan zen 1885ean. Hainbat postutako kapitain jeneral eta ejertzitoko jeneral izan zen Melillan. Han bertan sinatu zuen gerraren amaierako ituna. Gerrako eta Itsas Armadako Auzitegi Goreneko presidente izan zen.

Senatuko presidente izan zen 1885-1886, 1891 eta 1899-1900ko legealdietan.
21 Eugenio Montero Ríos

Eugenio MONTERO RÍOS (Santiago de Compostela, A Coruña, 1832 – Madrid, 1914).

Abokatua eta katedratikoa. Alderdi Progresistaren Batzordeko presidentea. 1868ko Iraultzaren ostean, diputatu eta Konstituzioaren batzorde-idazleko kide izan zen. Sei aldiz 1870 Grazia eta Justizia ministro izan zen 1870etik 1873ra artean. Amadeo I.a erregea babestu eta erretiratu egin zen. 1885etik aurrera, Alderdi Fusionistan Sagastarekin, Sustapen ministro eta Grazia eta Justiziakoa izan zen, beste kargu batzuen artean. 1905ean Gobernuko presidente izatera heldu zen.

Senatuko presidente izan zen 1894-1895, 1898, 1901, 1902, 1905-1907, 1910 eta 1911ko legealdietan.
22 José Elduayen, marqués del Pazo de la Merced

José ELDUAYEN GORRITI. Marqués del Pazo de la Merced (Chinchón, Madrid, 1823 – Madrid, 1898).

Bide ingeniarien gorputzeko funtzionarioa. 1856an Batasun Liberalean sartu zen eta Vigoko diputatu izan zen. 1864an, Gobernazioko idazkariorde izan zen eta Estatuko kontseilari, 1866an. 1868an, Iraultzarekin bat egin zuen, baina laster pasa zen Alderdi Kontserbatzailera. Orduan, Ogasun ministro izendatu zuten 1872an. Orduz geroztik, Itsasoz Gaindiko, Estatuko eta Gobernazioko ministro izan zen, beste hainbat karguren artean.

Senatuko presidente izan zen 1896ko legealdian.
24 Manuel Aguirre de Tejada Oncale y Eulate, conde de Tejada de Valdesera

Manuel AGUIRRE DE TEJADA Y O’NEALE. Conde de Tejada de Valdosera (El Ferrol, A Coruña, 1827 – Madrid, 1911).

Jurisprudentzian lizentziaduna eta funtzionarioa. Administrazio eta Sustapeneko Zuzendari nagusia. 1858an Batasun Liberaleko diputatu izan zen eta bertan jarraitu zuen 1868ko Iraultzara arte; orduan, politika bertan behera utzi zuen. Berrezarkuntzarekin itzuli egin zen, baina Alderdi Kontserbadorearekin. 1884an Itsasoz Gaindiko ministro izan zen. Postu horretan zela Kubari Zigor-kodea eman zion eta hainbat zigor- eta zerga-erreforma egin zituen.

Senatuko presidente izan zen 1900-1901eko legealdian.
23 Marcelo de Azcárraga y Palmero

Marcelo de AZCÁRRAGA Y PALMERO (Manila, 1832 – Madrid, 1915).

Militarra. 1857an Estatu Nagusiko komandante izan zen Kuban. 1868an Estatu Nagusiko buru izan zen. Berrezarkuntza babestu zuen eta diputatu aukeratu zuten. 1877an teniente jeneral izan zen eta, 1911n, kapitain jeneral. Kontserbadorea zen. Bi aldiz izan zen Gerra-ministro eta beste bi aldiz Gobernuko presidente.

Senatuko presidente izan zen 1900, 1903-1904, 1904-1905, 1907-1908, 1908-1909, 1909-1910 eta 1914ko legealdietan.
25 Luis Pidal y Mon, marqués de Pidal

Luis PIDAL Y MON. Marqués de Pidal (Madrid, 1842 – Madrid, 1913).

Diplomatikoa. Isabeldarra zen eta 1868ko Iraultzan borrokatu zuen; ondorioz, erbestera joan behar izan zuen. Berrezarkuntzarekin itzuli zen eta Oviedoko diputatu aukeratu zuten hamabi urtez. Bere anaia Alejandrorekin partekatu zuen Asturiasko hegemonia politikoa. Erromako enbaxadore, Instrukzio publikoko kontseilari 1894an eta Sustapen-ministro izan zen 1899tik 1900era. Batasun Katoliko Ultramontanoa sortu zuen.

Senatuko presidente izan zen 1904-1905eko legealdian.
26 José López Domínguez

José LÓPEZ DOMÍNGUEZ (Marbella, Málaga, 1829 – Madrid, 1911).

Militarra. Serrano jeneralaren iloba zen eta Batasun Liberalean sartu zen. 1868ko Iraultzan parte hartu zuen eta Amadeo I.aren landako laguntzaile izan zen. Karlisten eta Cartagenako kantonalen kontra borroka egin zuen. Ez zuen Berrezarkuntza aitortu eta ejertzitotik bota zuten. Berriro gaitu ostean, Alderdi Fusionistara pasa zen eta Gerra-ministro izendatu zuten. Alderdi Liberaleko buru eta hiru aldiz Gerra-ministro izan zen. 1906an Gobernuko presidente izatera heldu zen.

Senatuko presidente izan zen 1905-1907ko legealdian.
27 Joaquín Sánchez de Toca y Calvo

Joaquín SÁNCHEZ DE TOCA Y CALVO. Marqués de Toca (Madrid, 1852 – Pozuelo, Madrid, 1942).

Zuzenbidean lizentziaduna zen eta Alderdi Kontserbadoreko politikan jardun zuen. Diputatua, Estatuko kontseilaria eta Nekazaritza, Industria eta Merkataritza eta Herri Lanen ministro izan zen. 1902an, Itsas Armadakoa izan zen eta, gero, Grazia eta Justiziakoa Maurarekin. Madrilgo alkate izan zen eta, 1919an, Ministroen kontseiluko presidente.

Senatuko presidente izan zen 1915, 1919-1920, 1921-1922 eta 1922ko legealdietan.
28 Manuel García Prieto, marqués de Alhucemas

Manuel GARCÍA PRIETO. Marqués de Alhucemas (Astorga, León, 1859 – San Sebastian, Guipúzcoa, 1938).

Gorputz juridiko militarrean sartu zen, baina erretiratu eta abokatu gisa jardun zuen. Alderdi Liberaleko diputatu, Gobernazioko ministro, Grazia eta justiziakoa eta sustapen-ministro izan zen. 1910ean, Estatukoa. 1917an, liberalak itzultzean, Gobernuburu izan zen eta, Mauraren Gobernu Nazionalaren ostean, berriro izan zuen kargu bera. 1922an, Kontzentrazio Liberaleko buru gisa, presidente izan zen beste behin ere, Primo de Riveraren diktadurara arte. 1931n, Justizia-ministro izan zen Aznarrekin.

Senatuko presidente izan zen 1916 eta 1917ko legealdietan.
29 Alejandro Groizard y Gomez de la Serna

Alejandro GROIZARD Y GÓMEZ DE LA SERNA (Madrid, 1830 – Madrid, 1919).

Magistratua. Alderdi Progresistako hegal moderatukoa zen eta Konstituzionalera pasa zen hasiera-hasieratik. Diputatu, Sustapen-ministro eta Grazia eta Justiziakoa izan zen. Estatuko Kontseiluko presidente eta Sustapen-ministro izan zen bi aldiz. 1897tik 1899ra, berriz ere Estatuko ministro eta Grazia eta Justiziakoa izan zen eta Kuba, Puerto Rico eta Filipinak entregatu zituen Parisko Ituna betetze aldera.

Senatuko presidente izan zen 1918ko legealdian.
30 Manuel Allendesalazar y Munoz de Salazar

Manuel ALLENDESALAZAR Y MUÑOZ DE SALAZAR (Guernica, Vizcaya, 1856 – Madrid, 1923).

Nekazaritzako ingeniaria. 1894an diputatu izan zen eta Madrilgo alkate 1900ean. Ogasun-ministro, Instrukzio publikokoa, Arte Ederretakoa eta Nekazaritza eta Herri Lanetakoa ere izan zen. Espainiako Bankuaren gobernadorea izan zen eta 1907an Estatuko ministroa. 1919an koalizio-gobernuko presidente izan zen baita gobernu berriarena ere, Dato hil eta gero. Annual-eko porrotaren ondoren dimititu zuen.

Senatuko presidente izan zen 1919-1920ko legealdian.
31 Alvaro de Figueroa y Torres

Álvaro de FIGUEROA Y TORRES. Conde de Romanones. (Madrid, 1863 – Madrid, 1950).

Abokatua, jabea eta negozio-gizona. 1894an, Alderdi Liberalean zegoela, Madrilgo alkate izan zen eta orduz geroztik bere partiduko gobernuetako ia ministerio guztietan egon zen. Diputatuen kongresuko presidente izan zen 1910 eta 1911n. Gobernuko presidente 1912, 1915 eta 1918an. Diktaduran zehar politikatik urrundu zen eta diputatu monarkiko gisa itzuli zen II. Errepublikako Gorteetan.

Senatuko presidente izan zen 1923ko legealdian.