Diputatuen Kongresua eta Senatua egun honetan desegin ziren: 2019ko iraila 24. Berriz ere eratu behar dira egun honetan: 2019ko abendua 3.

Espainiako konstituzioa

Azken berrikuspena: 05/07/2019

DON JOAN KARLOS I.AK, ESPAINIAKO ERREGEAK, BERAU IKUSI ETA ULERTZEN DUTEN GUZTIEI,
JAKIN EZAZUE GORTEEK ONESTI DUTELA, ETA ESPAINIAKO HERRIAK BERRETSI, HONAKO KONSTITUZIO HAU:

HITZAURREA

Espainiako nazioak, justizia, askatasuna eta segurtasuna ezarri, eta hura osatzen duten guztien ontasuna bultzatu nahi du eta, bere subiranotasuna erabiliz, hurrengo borondatea aldarrikatu du:

Bizikidetasun demokratikoa bermatzea, Konstituzioaren eta legeen barruan, ordena ekonomiko eta sozial zuzenaren arabera.

Zuzenbideko estatua indartzea, lege-agintea herri-nahiaren azalpen bezala ziurtatuz.

Espainiar guztiak eta Espainiako herri guztiak babestea giza eskubideen egikaritzan, baita beraien kultura eta tradizioak, hizkuntzak eta erakundeak ere.

Kultura eta ekonomiaren garapena sustatzea, guztiei bizi-maila duina ziurtatzeko.

Gizarte demokratiko aurrerakoia ezartzea, eta

Lurreko herri guztien artean harreman baketsuak izan daitezen eta lankidetza eragingarria sendo dadin laguntzea.

Ondorenez, Gorteek onetsi dute eta Espainiako herriak honako hau berretsi du.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua

1. Espainiak zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa eratzen du, eta, beraren antolamendu juridikoaren balio nagusi bezala, askatasuna, justizia, berdintasuna eta aniztasun politikoa aldarrikatzen ditu.

2. Nazioaren subiranotasuna Espainiako herrian datza, eta hortik sortzen dira estatuaren botereak.

3. Espainiako estatuaren eredu politikoa parlamentu-monarkia da.

2. artikulua

Konstituzioa Espainiako nazioaren batasun zatiezinean oinarritzen da, hura baita espainiar guztien aberri komun eta banaezina; Konstituzioak aitortu eta bermatu egiten du Espainia osatzen duten nazionalitate eta herrialdeen autonomia-eskubidea, bai eta horien guztien arteko elkartasuna ere.

3. artikulua

1. Gaztelania da Espainiako estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainiar guztiek dute gaztelania jakiteko eginbeharra eta erabiltzeko eskubidea.

2. Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien autonomia-erkidegoetan, beraietako estatutuekin bat etorriz.

3. Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultur ondarea da, eta ondare horrek begirune eta babes berezia izango du.

4. artikulua

1. Espainiako bandera hiru lerro horizontalek osatzen dute, eta horien koloreak gorria, horia eta gorria dira, horiaren zabalera bi gorriren adinakoa izanik.

2. Estatutuek autonomia-erkidegoen bandera eta ikur berezkoak onar ditzakete. Horiek Espainiako banderaren ondoan jarriko dira autonomia-erkidegoetako eraikin publiko eta ekintza ofizialetan.

5. artikulua

Estatuko hiriburua Madrilgo hiria da.

6. artikulua

Alderdi politikoek aniztasun politikoa adierazten dute, herri-nahia eratu eta azaltzen dute, eta politikan parte hartzeko oinarrizko tresnak dira. Haien sorrera eta jarduerak askeak dira, Konstituzioa eta legeak errespetatuz. Haien barne-egiturak eta jardunbideak demokratikoak izan beharko dute.

7. artikulua

Langileen sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek lan egiten dute beraiei dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babestu eta sustatzeko. Haien sorrera eta jarduerak askeak dira, Konstituzioa eta legeak errespetatuz. Haien barne-egiturak eta jardunbideak demokratikoak izan beharko dute.

8. artikulua

1. Lehor, itsaso eta aireko gudarosteek osatzen dituzte Indar Armatuak, eta haien eginkizuna da Espainiako subiranotasuna eta independentzia bermatzea, eta haren lurralde-osotasuna eta konstituzio-antolamendua zaintzea.

2. Lege organikoak antolakuntza militarraren oinarriak arautuko ditu, Konstituzio honetako printzipioen arabera.

9. artikulua

1. Herritarrak eta botere publikoak Konstituzioaren eta antolamendu juridikoaren gainerako arauen menpe daude.

2. Botere publikoei dagokie inguruabar zehatzak sustatzea, gizabanakoaren eta berak osatzen dituen taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak eta eragingarriak izan daitezen; oztopoak kentzea, horiek haien osotasuna eragotzi edo zailtzen badute; eta herritar guztien parte-hartzea erraztea, bai bizitza politikoan, baita ekonomia-, kultura- eta gizarte-bizitzan ere.

3. Konstituzioak bermatzen ditu legezkotasun-printzipioa, arauen arteko hierarkia, arauen publizitatea, xedapen zehatzaileen atzeraeragin eza —xedapenok banakako eskubideei begira onuragarri izan ez edo eskubideok murrizten dituztenean—, segurtasun juridikoa, erantzukizuna, eta botere publikoen nahierakeriaren debekua.

I. TITULUA. Oinarrizko eskubide eta eginbeharrak

10. artikulua

1. Ordena politikoaren eta gizarte-bakearen oinarri dira gizabanakoaren duintasuna, hari datxezkion eskubide bortxaezinak, nortasunaren garapen askea, eta legeei eta gainerakoen eskubideei zor zaien begirunea.

2. Konstituzioak aitortzen dituen oinarrizko eskubideei eta askatasunei buruzko arauak interpretatzeko, kontuan hartuko da Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, bai eta gai berberen inguruan Espainiak berretsi dituen nazioarteko tratatuak eta itunak ere.

LEHENENGO KAPITULUA. Espainiarrak eta atzerritarrak

11. artikulua

1. Espainiako naziotasuna legeak ezartzen duen eran eskuratu, gorde eta galtzen da.

2. Sorterriz espainiarra denari ezin zaio bere naziotasuna kendu.

3. Estatuak naziotasun bikoitzeko itunak egin ditzake Iberoamerikako herriekin, eta Espainiarekin lotura berezia duten edo izan dutenekin. Nahiz eta herri horiek beren herritarrei elkarrekiko antzeko eskubiderik aitortu ez, espainiarrak bertako egin daitezke, sorterriko naziotasuna galdu gabe.

12. artikulua

Espainiarrak adin nagusiko dira hemezortzi urte betetzean.

13. artikulua

1. Atzerritarrek titulu honek bermatzen dituen askatasun publikoak izango dituzte Espainian, itunek eta legeek ezartzen dutenaren arabera.

2.* Espainiarrak bakarrik izan daitezke 23. artikuluan aitortzen diren eskubideen titularrak; hala ere, elkarrekikotasun-irizpideei men eginez, itun bidez edo lege bidez bestelakoa ezar daiteke udal hauteskundeetarako, sufragio aktiboari eta pasiboari dagokienez.
* 1992ko abuztuaren 27ko Espainiar Konstituzioko atal 2, artikulu 13ko erreformaren arabera idatzita.

3. Estradizioa itun edo lege bat betetzeko bakarrik gertatuko da, elkarrekikotasun-printzipioa aintzakotzat harturik. Delitu politikoak estradiziotik kanpo gelditzen dira, eta terrorismo-ekintzak ere ez dira halakotzat hartzen.

4. Legeak ezarriko du beste herrietako herritarrek eta aberrigabeek nola erabil dezaketen asilo-eskubidea Espainian.

BIGARREN KAPITULUA. Eskubideak eta askatasunak

14. artikulua

Espainiarrak legearen arabera berdinak dira, eta ezin da inolako bereizkeriarik egin, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialak aintzat hartuta.

LEHENENGO ATALA. Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak

15. artikulua

Guztiek bizitza eta osotasun fisiko nahiz moralerako eskubidea dute, eta ezin da inoiz torturarik egin, ez eta zigor edo tratu jasanezin edo apalesgarririk ere. Heriotza-zigorra indarrik gabe geratzen da, zigor-lege militarrek gerraldirako xeda dezaketenari kalterik egin gabe.

16. artikulua

1. Gizabanakoen eta giza taldeen ideologia-, erlijio- eta kultu-askatasuna bermatzen da, eta beraien agerpenetan muga bat baino ez da izango, legeak babesten duen ordena publikoa jagotea.

2. Ezin izango da inor behartu bere ideologia, erlijio edo sinesmenei buruzko adierazpenak egitera.

3. Erlijio batek ere ez du izango estatu-izaerarik. Botere publikoek kontuan hartuko dituzte Espainiako gizartearen erlijio-sinesmenak, eta Eliza Katolikoarekin eta beste erlijioekin lankidetza-harremanak izango dituzte.

17. artikulua

1. Gizabanako guztiek askatasun eta segurtasunerako eskubidea dute. Inori ezin dakioke askatasunik ken, artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez bada, eta legean agindutako kasuak eta baldintzak gertatzen ez badira.

2. Aurreneurrizko atxilotzea ezin daiteke egitateak argitzeko ikerketek zenbat iraun behar eta hori baino luzeagoa izan; betiere, gehienez hirurogei eta hamabi ordu igaro ondoren, atxilotua askatua izango da, edo, bestela, agintaritza judizialaren esku geratuko da.

3. Atxilotu guztiei lehenbailehen eta ulertzeko moduan jakinaraziko zaizkie beren eskubideak eta atxilotzeko arrazoiak; atxilotuok ezin dira behartu adierazpenak egitera. Legeak agintzen duen eran, atxilotuentzako abokatu-laguntza bermatzen da, polizia-eginbideetan eta eginbide judizialetan.

4. Legeak "habeas corpus" prozedura arautuko du, edozein gizabanako legearen aurka atxilotua izanik, hori lehenbailehen agintaritza judizialaren esku jartzeko. Era berean, legeak mugatuko du behin-behineko espetxealdiaren gehieneko epea.

18. artikulua

1. Ohorerako, norberaren eta familiaren intimitaterako, eta bakoitzaren irudirako eskubidea bermatzen da.

2. Egoitza bortxaezina da. Bertara ezin da sartu, ezta erregistroak egin ere, jabearen baimenik gabe edo epailearen ebazpenik gabe, delitua ageri-agerikoa denean izan ezik.

3. Komunikazioen sekretua bermatzen da, eta, bereziki, posta, telegrafo eta telefono bidezkoak, ebazpen judiziala izan ezean.

4. Legeak informatikaren erabilera mugatuko du, herritarren ohorea, eta norberaren nahiz senitartekoen bizitza pribatua, eta horien guztien eskubideen egikaritza osoa bermatzeko.

19. artikulua

Espainiarrek eskubidea dute, beraien bizilekua askatasunez aukeratzeko eta nazioaren lurraldean zehar ibiltzeko.

Halaber, legeak ezartzen duen moduan, espainiarrek Espainian askatasunez sartu eta bertatik irteteko eskubidea dute. Eskubide hori ezin dute mugatu arrazoi politiko edo ideologikoek.

20. artikulua

1. Hurrengo eskubideak aitortu eta babesten dira:

a) Pentsamenduak, ideiak eta iritziak hitzez, idatziz nahiz beste edozein bidetatik askatasunez azaldu eta zabaltzeko.

b) Ekoizpen eta sortze literario, artistiko, zientifiko eta teknikorako.

c) Katedra-askatasunerako.

d) Edozein hedabidetatik askatasunez egiazko informazioa komunikatu edo jasotzeko. Legeak kontzientzia-klausularako eta lanbide-sekreturako eskubideak arautuko ditu, askatasun horiek egikaritzeko orduan.

2. Eskubide hauen egikaritza ezin da inola mugatu aldez aurretiko zentsuraren bidez.

3. Legeak arautuko ditu estatuaren nahiz bestelako erakunde publikoen menpeko gizarte-komunikabideen antolakuntza eta parlamentu-kontrola, eta adierazgarri diren gizarte-talde eta talde politikoei bermatuko die haietan parte hartzea, Espainiako gizarte-aniztasuna eta hizkuntzak errespetatuz.

4. Askatasun horien guztien mugak dira titulu honetan zein eskubide aitortu eta eskubideoi zor zaien begirunea, horiek garatzeko emandako lege-manuak, eta, batez ere, ohorerako, bizitza pribaturako eta norberaren irudirako eskubideak, bai eta gaztaroa eta haurtzaroa babesteko eskubidea ere.

5. Ebazpen judizialaren bidez bakarrik erabaki daiteke argitalpen, grabazio eta bestelako komunikabideen bahitura.

21. artikulua

1. Bilera baketsu eta armarik gabekoak egiteko eskubidea aitortzen da. Eskubide horren egikaritzak ez du aurretiazko baimenik behar.

2. Bilerak iraganbide publikoetan egiteko edo kale-agerraldiak burutzeko, agintariari aldez aurretiko jakinarazpena egin behar zaio, eta hark halakoak debekatu ahal izango ditu, soilik, pertsona eta ondasunen arriskuaz, ordena publikoa asaldatzeko arrazoi oinarridunak daudenean.

22. artikulua

1. Elkartzeko eskubidea aitortzen da.

2. Elkarteen helburuak edo bitartekoak delitu izanez gero, elkarteok legearen aurkakoak izango dira.

3. Artikulu honen babesean sorturiko elkarteak erregistroan inskribatu behar dira, publizitate-ondoreetarako bakarrik.

4. Elkarteak desegin edo horien jarduerak eteteko, nahitaezkoa da ebazpen judizial zioduna ematea.

5. Isilpeko elkarteak eta elkarte paramilitarrak debekatzen dira.

23. artikulua

1. Herritarrek arazo publikoetan parte hartzeko eskubidea dute, zuzen-zuzenean nahiz ordezkari bidez; ordezkariok askatasunez hautatuko dira, sufragio unibertsalaren bidez, aldizka egindako hauteskundeetan.

2. Era berean, herritarrek eskubidea dute, berdintasun-baldintzetan eta legeek ezartzen dituzten betekizunekin, funtzio eta kargu publikoetara heltzeko.

24. artikulua

1. Gizabanako guztiek eskubidea dute, beraiei dagozkien eskubide eta interes legitimoak egikaritzean, epaile eta auzitegien babes eragingarria lortzeko, eta ezin daiteke inoiz ere babesgabeziarik gerta.

2. Halaber, guztiek dute eskubidea, legeak lehendik izendaturiko epaile arruntarengana izateko, abokatuaren defentsa eta laguntza izateko, haien aurkako akusazioaren argibideak jasotzeko, jendaurreko prozesua bidegabeko atzerapenik gabe eta berme guztiekin burutzeko, euren buruen babeserako egoki diren frogabideak erabiltzeko, beren buruen aurka adierazpenik ez egiteko, errudun direla ez aitortzeko, eta errugabetasun-presuntzioa izateko.

Legeak arautuko du senidetasunarengatik edo lanbide-sekretuarengatik zein kasutan ez dagoen betebeharrik, ustez delitu diren egitateei buruz adierazpenak egiteko.

25. artikulua

1. Ezin dakioke inori egite edo ez-egiteen ondorioz kondena edo zehapenik ezar, baldin eta, une horretan delitu, falta edo arau-hauste administratiboak ez badira, aldi horretan indarrean dagoen legeriaren arabera.

2. Zigor askatasun-gabetzaileek eta segurtasun-neurriek berreztea eta gizartean birsartzea dute helburu, eta ezin daitezke lan bortxatuak izan. Norbaiti espetxealdi-zigorra ezarri bazaio eta hori betetzen ari bada, kapitulu honetako oinarrizko eskubideak izango ditu; ez, ordea, beren beregi mugatuta dituenak, kondena-epaiaren edukia, zigorraren esangura eta espetxe-legea kontuan hartuta. Edonola ere, espetxeratuak lan ordaindua izateko eskubidea du, eta Gizarte Segurantzaren onurak izango ditu, bai eta kultura lortzeko eta bere nortasuna oso-osorik garatzeko eskubideak ere.

3. Administrazio zibilak ezin du zehapenik ezarri, halako zehapenek, zuzenean edo modu subsidiarioan, askatasuna kentzen badute.

26. artikulua

Ohore-auzitegiak debekatzen dira, Administrazio zibilaren eta erakunde profesionalen esparruan.

27. artikulua

1. Guztiek dute hezkuntzarako eskubidea. Irakaskuntza-askatasuna aitortzen da.

2. Giza nortasuna oso-osorik garatzea da hezkuntzaren helburua, betiere bizikidetasunaren printzipio demokratikoak, eta oinarrizko eskubideak eta askatasunak errespetatuz.

3. Botere publikoek gurasoei dagokien eskubidea bermatzen dute, hauen seme-alabek heziketa erlijioso eta morala har dezaten, beraien uste sendoei dagokien bezalaxe.

4. Oinarrizko hezkuntza nahitaezko eta doakoa da.

5. Botere publikoek bermatzen dute gizabanako guztien hezkuntza-eskubidea, hezkuntzari buruzko programazio orokorraren bidez, sektore interesdun guztien parte-hartze eragingarriarekin eta ikastetxeak sortuz.

6. Pertsona fisiko eta juridikoei ikastetxeak sortzeko askatasuna aitortzen zaie, konstituzio-printzipioei dagokien begirunearen barruan.

7. Irakasleek, gurasoek eta, hala denean, ikasleek ere, parte hartuko dute Administrazioak diru publikoarekin ordaindutako ikastetxe guztien kontrol eta kudeaketan, legeak ezartzen dituen mugekin.

8. Botere publikoek hezkuntza-sistema ikuskatu eta homologatuko dute, legeen betetzea berma dadin.

9. Botere publikoek laguntza emango diete legezko betekizunak dituzten ikastetxeei.

10. Unibertsitateen autonomia aitortzen da, legeak ezartzen duenaren arabera.

28. artikulua

1. Guztiek dute askatasunez sindikatzeko eskubidea. Legeak eskubide horren egikaritza muga edo salbuets diezaieke Indar nahiz Erakunde Armatuei eta diziplina militarraren menpeko gainerako kidegoei, eta haren egikaritzak funtzionario publikoentzat dituen berezitasunak arautuko ditu. Sindikatu-askatasunak bere barruan hartzen ditu sindikatuak sortzeko eskubidea eta aukeratutako horretan afiliatzekoa, bai eta sindikatuek konfederazioak eratzeko, eta nazioarteko sindikatu-erakundeak sortu edo horietan afiliatzeko eskubidea ere. Inor ezin da behartu sindikatu batean afiliatzera.

2. Langileen greba-eskubidea aitortzen da haien interesak defendatzeko. Legeak eskubide horren egikaritza arautuko du, eta legeak berak bermeak ezarriko ditu gizarteko zerbitzu premiazkoenei eusten zaiela ziurtatzeko.

29. artikulua

1. Espainiar guztiek, banaka nahiz taldeka, eskariak egiteko eskubidea dute, betiere idatziz, legeak onartzen duen eran eta ondoreekin.

2. Indar edo Erakunde Armatuetako kideek eta diziplina militarraren menpeko gainerako kidegoetakoek bakarka ez beste erabil dezakete eskubide hori, eta beren legeria berezian xedatuarekin bat etorriz.

BIGARREN ATALA. Herritarren eskubideak eta eginbeharrak

30. artikulua

1. Espainiarrek Espainia defendatzeko eskubidea eta eginbeharra dute.

2. Legeak finkatuko ditu espainiarren betebehar militarrak, eta beharrezko diren bermeekin arautuko du kontzientzia objekzioa, bai eta nahitaezko soldadutzaren zerbitzutik salbuesteko bestelako arrazoiak ere; legeak, hala denean, ordezko gizarte-prestazioa ezarri ahal izango du.

3. Zerbitzu zibila ezarri ahal izango da interes orokorreko helburuak betetzeko.

4. Herritarren eginbeharrak legearen bidez arautu ahal izango dira, arrisku larrietarako, hondamendi-kasuetarako edo herri-lazerietarako.

31. artikulua

1. Guztiek gastu publikoei aurre egiten lagunduko dute, bakoitzak bere ekonomia-ahalbidearen arabera; horretarako, zerga-sistema zuzena ezarriko da, berdintasun- eta progresibitate-printzipioetan oinarriturik; sistema hori ez da inoiz konfiskagarri izango.

2. Gastu publikoak ekitatez banatuko ditu baliabide publikoak, eta haren programazioak eta betearazpenak eragingarritasun- eta ekonomia-printzipioak beteko dituzte.

3. Izaera publikoko prestazio pertsonalak edo ondare-prestazioak legearen arabera, ez bestela ezarri ahal izango dira.

32. artikulua

1. Gizonak eta emakumeak berdintasun juridiko osoz ezkontzeko eskubidea dute.

2. Legeak arautuko ditu ezkontzeko formak, adina, gaitasuna, ezkontideen eskubideak eta eginbeharrak, banantzeko eta ezkontza desegiteko arrazoiak, eta ezkontzaren ondoreak ere bai.

33. artikulua

1. Jabetza pribaturako eta jarauntsirako eskubideak aitortzen dira.

2. Eskubideon gizarte-eginkizunak legeen arabera mugatuko du haien edukia.

3. Inori ez zaio bere ondasun eta eskubiderik kenduko, onura publikoko edo gizarte-intereseko arrazoi justifikaturik izan ezean, betiere kalte-ordain egokia emanez eta legeetan xedatutakoaren arabera.

34. artikulua

1. Interes orokorreko helburuetarako fundazio-eskubidea aitortzen da legearen arabera.

2. Fundazioen inguruan ere, 22. artikuluko 2 eta 4. paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko da.

35. artikulua

1. Espainiar guztiek lan egiteko eginbeharra dute, eta lanerako eskubidea dute, lanbide edo ogibidea askatasunez aukeratzeko eta lanean igotzeko eskubideak dituzte, eta beren beharrizanak eta beren familiarenak asetzeko adina ordainsari jasotzeko eskubidea ere, inoiz sexu-arrazoiengatik bereizkeriarik gertatu gabe.

2. Legeak langileen estatutua arautuko du.

36. artikulua

Legeak lanbide-elkargoen araubidea ezarri eta tituludun profesioen jarduera arautuko du. Elkargoen barne-egiturak eta jardunbideak demokratikoak izan beharko dute.

37. artikulua

1. Legeak lan-negoziazio kolektiborako eskubidea bermatuko du enpresaburu eta langileen ordezkarien artean, baita hitzarmenen indar loteslea ere.

2. Langileek eta enpresaburuek gatazka kolektiboko neurriak hartzeko duten eskubidea aitortzen da. Legeak eskubide horren egikaritza arautuko du, eta lege berberak beharrezko diren bermeak jasoko ditu gizartearen zerbitzu premiazkoenen jardunbidea ziurtatzeko, berak ezar ditzakeen mugei kalterik egin gabe.

38. artikulua

Enpresa-askatasuna aitortzen da merkatu-ekonomiaren eremuan. Botere publikoek bermatu eta babesten dituzte haren egikaritza eta ekoizgarritasunaren defentsa, ekonomia orokorraren eskakizunei kasu eginez, eta, hala denean, plangintza kontuan izanik. 

HIRUGARREN KAPITULUA. Politika sozial eta ekonomikoaren gida-oinarriak

39. artikulua

1. Botere publikoek familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa ziurtatzen dituzte.

2. Botere publikoek, era berean, seme-alaben babes osoa ziurtatzen dute, seme-alabok legearen arabera berdinak izanik eta seme-alabatasuna kontuan hartu gabe, eta ama horien babes osoa ere bai, euren egoera zibila edonolakoa izanik. Legeak aitatasunaren ikerketa ahalbidetuko du.

3. Gurasoek era guztietako laguntzak eskaini behar dizkiete seme-alabei, nahiz ezkontzakoak nahiz ezkontzatik kanpokoak izan, haien adingabetasunean zehar eta lege-aginduz bidezko diren beste kasuetan ere bai.

4. Umeek nazioarteko itunetan ezarritako babesa izango dute, itunok haien eskubideak zaintzen dituzten neurrian.

40. artikulua

1. Botere publikoek baldintza onuragarriak sustatuko dituzte, aurrerapen sozial eta ekonomikoa gerta dadin, eta herrialdeen eta gizabanakoen errenta ekitatez bana dadin, egonkortasun ekonomikorako politikaren esparruan. Botere publikoek, bereziki, enplegu osoa lortzera bideraturiko politika egingo dute.

2. Halaber, botere publikoek lanbideko heziketa eta birmoldatzea bermatzeko politika zehatza sustatuko dute; laneko segurtasuna eta garbitasuna zainduko dute; eta, lan-saioa mugatuz, aldizka oporren ordainketa ziurtatuz eta zentro egokiak suspertuz, behar-beharrezko atsedena bermatuko dute.

41. artikulua

Botere publikoek herritar guztientzat Gizarte Segurantzako araubide publikoari eutsiko diote; sistema horrek gizarte-laguntza eta -prestazio nahitaezkoak bermatuko ditu beharrizan-egoeretan eta, batez ere, langabezia-kasuetan. Laguntza eta prestazio osagarriak askeak izango dira.

42. artikulua

Estatuak bereziki zainduko ditu atzerrian ari diren langile espainiarren eskubide ekonomiko eta sozialak, eta haien itzuleraren alde zuzenduko du bere politika.

43. artikulua

1. Osasuna babesteko eskubidea aitortzen da.

2. Botere publikoei dagokie aurreneurrien bidez eta beharrezkoak diren zerbitzu eta prestazioen bidez osasun publikoa antolatu eta babestea. Horretarako, legeak ezarriko ditu guztion eskubideak eta eginbeharrak.

3. Botere publikoek osasun-hezkuntza, hezkuntza fisikoa eta kirola sustatuko dituzte. Era berean, aisialdiaz behar bezala baliatzen lagunduko dute.

44. artikulua

1. Botere publikoek kultura eskuratzea bultzatu eta babestuko dute, guztiek baitute kulturarako eskubidea.

2. Botere publikoek, interes orokorraren mesederako, zientzia eta ikerketa zientifiko nahiz teknikoa bultzatuko dituzte.

45. artikulua

1. Guztion eskubidea da gizabanakoaren garapenerako egoki den ingurumena izatea, eta guztion eginbeharra ere bada hori zaintzea.

2. Botere publikoek zainduko dute baliabide natural guztien erabilera arrazionala, bizitza-kalitatea babestu eta hobetzeko, eta ingurumena defendatu eta berriztatzeko, behar-beharrezko den elkartasun kolektiboan oinarrituz.

3. Norbaitek aurreko paragrafoak xedatu duena hausten badu, legezko mugen barruan horri zehapen penalak ezarriko zaizkio, edo, hala denean, administrazio-zehapenak, bai eta eragindako kaltea konpontzeko betebeharra ere.

46. artikulua

Botere publikoek bermatuko dute Espainiako herrien ondare historiko, kultural eta artistikoa zaindu eta aberastea, bai eta ondareon ondasunena ere, horien araubidea eta titulartasuna edozein izanda. Zigor-legeak zehatuko ditu ondare horien kontrako atentatuak.

47. artikulua

Espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dute. Botere publikoek beharrezkoak diren inguruabarrak bultzatu eta bidezko arauak ezarriko dituzte, eskubide hori eragingarria izan dadin; eta, espekulazioa desagerrarazteko, interes orokorraren arabera arautuko dute lurraren erabilera.

Erakunde publikoen hirigintza-jarduerak gainbaliorik sortzen badu, gizarteak horietan parte hartuko du.

48. artikulua

Gazteriak garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean parte-hartze aske eta eragingarria izan dezan, botere publikoek behar bezalako inguruabarrak bultzatuko dituzte.

49. artikulua

Botere publikoek aurreneurri-, tratamendu-, bizkortze- eta gizarteratze-politika egingo dute elbarri fisikoentzat, zentzumen-elbarrientzat eta elbarri psikikoentzat; horiei, eurek behar duten arreta berezia emango zaie, eta bereziki babestuko dira, titulu honek herritar guztiei ematen dizkien eskubideak egikaritu ahal izateko.

50. artikulua

Botere publikoek, aldizka eguneratutako pentsio egokien bidez, gutxieneko kaudimena bermatuko die herritarrei zahartzaroan. Modu berean, eta familiaren betebeharretatik kanpo, haien ongizatea bultzatuko dute gizarte-zerbitzuen bidez, beraien arazo bereziei kasu eginez, osasunari, etxebizitzari, kulturari eta aisialdiari dagokienez.

51. artikulua

1. Botere publikoek kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsa bermatuko dute, eta, prozedura eragingarrien bidez, haien segurtasuna, osasuna eta interes ekonomiko legitimoak babestuko dituzte.

2. Botere publikoek kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa eta heziketa ematea sustatuko dute; haien antolakuntzak suspertuko dituzte; horiei dagozkien arazoetan entzun egingo diete, legeak ezartzen duenaren arabera.

3. Aurreko paragrafoetan xedaturikoaren esparruan, legeak barne-merkataritza arautu eta merkataritzako produktuen baimen-araubidea ezarriko du.

52. artikulua

Legeak lanbide-antolakuntzak arautuko ditu, berezko interes ekonomikoak izan eta interes horiek babesten dituztenak. Haien barne-egiturak eta jardunbideak demokratikoak izan beharko dute. 

LAUGARREN KAPITULUA. Askatasunen eta oinarrizko eskubideen gaineko bermeak

53. artikulua

1. Titulu honen bigarren kapituluan aitorturiko eskubide eta askatasunak lotesleak dira botere publiko guztientzat. Lege bidez bakarrik arautu ahal izango da eskubide eta askatasun horien egikaritza; lege horrek, edozein kasutan, haien oinarrizko edukia errespetatu beharko du, eta eskubide eta askatasunok 161.1.a) artikuluan ezarri bezala babestuko dira.

2. Herritar guztiek auzitegi arruntetan eskatu ahal dute 14. artikuluan eta II. kapituluko 1. atalean aitortutako askatasun eta eskubideen babesa; horretarako, lehentasun- eta sumariotasun-printzipioetan oinarritutako prozedura erabiliko da, eta, hala denean, babes-errekurtsoa ere jar daiteke Konstituzio Auzitegian. Azken errekurtso hori aplika dakioke, halaber, 30. artikuluan aitorturiko kontzientzia-objekzioari ere.

3. Hirugarren kapituluan aitortutako printzipioak onartu, errespetatu eta babestu egin behar dira, eta legeria positiboak, eginera judizialek eta botere publikoen jardunak horiexek izango dituzte kontuan. Jurisdikzio arruntean halakoak alegatu ahal izateko, nahitaezkoa da haiek garatzen dituzten legeak aintzakotzat hartzea.

54. artikulua

Lege organikoak arautuko du Herri Defendatzailearen erakundea, Gorte Nagusietako komisionatu goren bezala, haiek izendatuta, titulu honetan barneratzen diren eskubideak defendatzeko; horretarako, Herri Defendatzaileak Administrazioaren jarduna gainbegiratu ahal izango du, Gorte Nagusiei kontu-arrazoiak emanez.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 183 artikulua

BOSGARREN KAPITULUA. Eskubideak eta askatasunak etetea

55. artikulua

1. Konstituzioan ezarri bezala, salbuespen- edo setio-egoera erabakiz gero, 17. artikuluan, 18. artikuluaren 2 eta 3. paragrafoetan, 19. artikuluan, 20. artikuluaren 1.a), 1.d) eta 5. paragrafoetan, 21. artikuluan, 28. artikuluaren 2. paragrafoan eta 37. artikuluaren 2. paragrafoan aitortutako eskubideak eten ahal izango dira. Salbuespen-egoeraren kasuan, aurretiaz ezarritako horietatik salbuetsi behar da 17. artikuluko 3. paragrafoa.

2. Lege organikoak zehaztu ahal izango du gizabanako jakin batzuentzat nola eta zein kasutan eten daitezkeen, beharrezko den esku-hartze judizialarekin eta Parlamentuak kontrol egokia eginez, 17. artikuluaren 2. paragrafoan eta 18. artikuluaren 2 eta 3. paragrafoetan aitorturiko eskubideak; hala gertatuko da, banda armatuen edo elementu terroristen jardunari buruz ikerketak egin ahal izateko.

Lege organiko horretan aitortutako ahalmenak justifikaziorik gabe edo abusuz erabiltzen badira, horrek erantzukizun penala ekarriko du, legeek ezarritako eskubide eta askatasunen bortxatu direlako.

II. TITULUA. Corroa

56. artikulua

1. Erregea estatuko burua da, haren batasun eta iraupenaren sinboloa; berak antolatu eta bideratzen du erakundeen jardunbide egokia; Espainiako estatuaren ordezkaritza gorena bereganatzen du nazioarteko harremanetan, eta, batez ere, haren erkidego historikoko nazioetan; eta Konstituzioak eta legeek beren beregi ematen dizkioten eginkizunak betetzen ditu.

2. Haren titulua Espainiako Errege da, eta Koroari dagozkion gainerakoak ere erabil ditzake.

3. Erregea bera ukiezina da, eta ez du inolako erantzukizunik. Haren egintzak berretsita daude beti 64. artikuluan ezarritako eran, eta, aipatu berrespenik gabe, ez dute balio, 65.2 artikuluan erabakitzen dena izan ezik.

57. artikulua

1. Espainiako Koroaren oinordekoak izango dira Borbongo don Juan Carlos I maiestate horren ondorengoak, hura baita dinastia historikoaren jaraunsle legitimoa. Tronu-oinordetzak premutasun eta ordezkaritzaren inguruko hurrenkera erregularra beteko du, eta aurreko lerroak lehentasuna izango du beti gerokoei begira; lerro berean, hurbilekoak lehentasuna izango du urrunekoari begira; gradu berean, gizonezkoak emakumezkoari begira; eta, sexu berean, zaharrenak gazteenari begira.

2. Printze oinordekoak, jaiotzatik bertatik edo deia eragin duen egitate horretatik, Asturiasko Printzearen tratamendua izango du, bai eta Espainiako Koroaren ondorengoari tradizioz loturik dauden gainerako tituluak ere.

3. Zuzenbidearen arabera deitutako lerro guztiak azkentzen badira, Gorte Nagusiek Koroaren oinordetza antolatuko dute, Espainiaren interesei gehien komeni zaien eran.

4. Tronuan oinordeko izateko eskubidea izanik, norbait ezkontzen bada Erregearen eta Gorte Nagusien esanbidezko debekuaren aurka, bera eta beraren ondorengoak Koroaren oinordetzatik at geratuko dira.

5. Koroaren oinordetza-hurrenkerari dagokionez, abdikazioa, uko-egitea edo egitezko nahiz zuzenbideko edozein zalantza gertatzen bada, hori lege organikoaren bidez erabakiko da.

58. artikulua

Erregina-ezkontideak edo erreginaren ezkontideak ezin du konstituzio-eginkizunik bereganatu, erregeordetzaren inguruan xedatuta dagoenetik kanpo.

59. artikulua

1. Erregea adingabe izanez gero, Erregearen aitak edo amak, eta, horiek ez leudekeenean, eta Konstituzioak ezarritako hurrenkeraren arabera, Koroan oinordeko izateko hurbilen dauden senideetatik zaharrenak, berehalaxe bereganatuko du erregeordetza, eta horretan jardungo du Erregearen adingabetasunak dirauen bitartean.

2. Erregeak bere agintea erabiltzeko gaikuntza galtzen badu eta Gorte Nagusiek ezintasun hori aitortzen badute, Koroaren Printze oinordekoak berehalaxe ekingo dio erregeordetzan jarduteari, adin nagusikoa baldin bada. Eta ez baldin bada, aurreko paragrafoan ezarri moduan jokatuko da, Printze oinordekoak adin-nagusitasuna lortu arte.

3. Erregeordetza bereganatzeko pertsonarik ez badago, Gorte Nagusiek egingo dute izendapena, eta bat, hiru edo bost pertsonak osatuko dute erregeordetza hori.

4. Erregeordetzan aritzeko, espainiarra izan behar da eta adin nagusikoa.

5. Erregeordetza Konstituzioaren aginduz beteko da, eta beti Erregearen izenean.

60. artikulua

1. Errege adingabearen tutorea izango da Errege zenduak bere testamentuan nor izendatu eta berori, adin nagusikoa bada eta jaiotzez espainiarra; izendatu ez baldin bazuen, aita edo ama izango da tutorea, alargun diren bitartean. Horiek izan ezean, Gorte Nagusiek izendatuko dute tutorea, baina erregeordetza eta tutore-kargua ez dira pertsona batengan izango, hori aita, ama edo Erregearen zuzeneko aurrekoetatik bat ez baldin bada.

2. Tutoretzan aritzea bateraezina da, orobat, kargu edo ordezkaritza politiko guztiekin.

61. artikulua

1. Behin Gorte Nagusietan Erregea aldarrikatu eta gero, horrek zin egingo du bere eginkizunetan zintzotasunez arituko dela, Konstituzioa eta legeak bete eta betearaziko dituela, eta herritarren eta autonomia-erkidegoen eskubideak errespetatuko dituela.

2. Printze oinordekoak, adin-nagusitasuna lortu eta gero, eta erregeordeak edo erregeordeek, beren eginkizunez jabetu eta gero, zin berbera egingo dute, bai eta Erregearenganako leialtasun-zina ere.

62. artikulua

Erregeari dagokio:

a) Legeak sendetsi eta aldarrikatzea.

b) Gorte Nagusietarako deialdiak egitea eta haiek desegitea, eta Konstituzioan ezarri moduan hauteskundeetarako deia egitea.

c) Referendumerako deialdiak egitea Konstituzioan agindutako kasuetan.

d) Gobernuko lehendakaritzarako hautagaia proposatzea, eta, behar denean, hori izendatzea, eta haren eginkizunei amaiera ematea Konstituzioan ezarri bezala.

e) Gobernuko kideak izendatu eta banantzea, lehendakariak hala proposatuta.

f) Ministro Kontseiluetan erabakitako dekretuak luzatzea, enplegu zibil eta militarrak ematea, eta legeen arabera ohore eta sariak banatzea.

g) Estatuko arazoen berri jasotzea eta, ondore horietarako, egoki iruditzen zaionean, Ministro Kontseiluko bileren buru izatea, Gobernuko lehendakariak hala eskatuta.

h) Indar Armatuen gorengo agintea izatea.

i) Grazia-eskubidea legearen arabera erabiltzea, indultu orokorrik baimendu gabe.

j) Errege-akademien babesgo nagusia izatea.

63. artikulua

1. Erregeak ematen die enbaxadoreei eta diplomaziako beste ordezkariei egiaztagiria. Espainian atzerriko ordezkariek haren egiaztagiria jasotzen dute.

2. Erregeari dagokio estatuaren adostasuna agertzea, itun bidez nazio artean betebeharrak bereganatzeko, Konstituzioarekin eta legeekin bat etorriz.

3. Erregeari dagokio, Gorte Nagusiek aurretiaz baimena emanez gero, gerra aldarrikatu eta bakea egitea.

64. artikulua

1. Gobernuko lehendakariak, edo, hala denean, ministro eskudunak, berretsiko ditu Erregearen egintzak. Gobernuko lehendakariaren proposamena eta izendapena, bai eta 99. artikuluan ezarritako desegitea ere, Kongresuko lehendakariak berretsiko ditu.

2. Erregearen egintzei begira, erantzukizuna izango dute egintzok berretsi dituztenek.

65. artikulua

1. Erregeak, estatuaren aurrekontuetatik, diru-kopuru bat jasotzen du, bere familia eta etxeari eusteko, eta askatasunez banatzen du kopuru hori.

2. Erregeak askatasunez izendatu eta kentzen ditu bere etxeko kide zibil eta militarrak.

III. TITULUA. Gorte Nagusiak

LEHENENGO KAPITULUA. Ganberak

66. artikulua

1. Gorte Nagusiek Espainiako herria ordezkatzen dute; Diputatuen Kongresuak eta Senatuak osatzen dituzte gorte horiek.

2. Gorte Nagusiek estatuko legegintza-ahala egikaritzen dute, aurrekontuak onesten dituzte, Gobernuaren jarduna kontrolatzen dute, eta Konstituzioak ematen dizkien beste eskumen guztiak ere badituzte.

3. Gorte Nagusiak bortxaezinak dira.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 38 artikulua)

67. artikulua

1. Inor ezin da aldi berean izan bi ganberetako kidea, eta inork ezin du autonomia-erkidegoko biltzar-akta izan Kongresuko diputatuarenarekin batera.

2. Gorte Nagusietako kideak ez daude manuzko aginduaren menpe.

3. Parlamentukideen bilerak arauzko deialdirik gabe egiten badira, ez dira lotesleak ganberentzat, eta ezin dituzte euren eginkizunak bete, ez eta pribilejiorik izan ere.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 37.2 eta 3; 48.1; eta 61.1 artikuluak)

68. artikulua

1. Kongresuak, gutxienez, 300 diputatu eta, gehienez, 400 izango ditu; diputatuok hautatzeko, sufragio orokor, aske, berdin, zuzeneko eta sekretua erabiliko da, legeak ezartzen duenaren arabera.

2. Hauteskunde-barrutia probintzia da. Ceutak eta Melillak diputatu bana izango dute ordezkari gisa. Legeak banatuko du diputatuen kopuru osoa; barruti bakoitzari hasierako gutxieneko ordezkaritza esleituko dio, eta gainerako diputatuak biztanle-kopuruaren arabera banatuko ditu.

3. Barruti bakoitzean hautaketa egiteko, proportziozko ordezkaritzaren irizpideak hartuko dira kontuan.

4. Kongresua lau urterako hautatzen da. Diputatuen agintaldia lau urte igarota bukatzen da, beren hautaketatik edo ganbera desegin den egunetik zenbatuta.

5. Espainiar guztiak hautesle eta hautagaiak dira, beren eskubide politikoen erabilera osoa baldin badute.

Legeak aitortu eta estatuak ahalbidetuko du Espainiako lurraldetik kanpo dauden espainiarrek sufragio-eskubidea egikaritzea.

6. Agintaldia bukatu ondoko hogei eta hamar eta hirurogei egunen bitartean izango dira hauteskundeak. Kongresu hautatua biltzeko deialdia egin beharko da, hauteskundeak izan eta hurrengo hogeita bost egunen barruan.

69. artikulua

1. Senatua lurraldeak ordezkatzeko ganbera da.

2. Probintzia bakoitzean, bertako boto-emaileek lau senatari hautatuko dituzte, sufragio orokor, aske, berdin, zuzeneko eta sekretua erabiliz, lege organikoak finkatzen duenaren arabera.

3. Uharteetako probintzietan, uharte bakoitzak edo uharte-talde bakoitzak, kabildo edo uharte-kontseilua izanik, barrutia osatuko du, senatarien hauteskundeetarako; hiru uharte nagusien kasuan —Gran Canaria, Mallorca eta Tenerife—, bakoitzari hiru dagozkio, eta bana dagokie, aldiz, hurrengo uharte eta uharte-taldeei: Ibiza-Formentera, Menorca, Fuerteventura, Gomera, Hierro, Lanzarote eta La Palmari.

4. Ceuta eta Melillaren kasuan, bakoitzak bi senatari hautatuko ditu.

5. Autonomia-erkidegoek, halaber, senatari bat izendatuko dute, eta beste bat, beren lurraldean milioi bat biztanleko. Izendapena biltzar legegileari dagokio, edo, hori ezean, autonomia-erkidegoko kide anitzeko organo gorenari, estatutuetan ezartzen denaren arabera; estatutuek, edozein kasutan, proportziozko ordezkaritza egokia ziurtatuko dute.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 56 bis 1 artikulua)

6. Senatua lau urterako hautatzen da. Senatarien agintaldia lau urte igarota bukatzen da, beren hautaketatik edo ganbera desegin den egunetik zenbatuta.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 1, 18, 45.3 eta Lehenengo xedapen gehigarria)

70. artikulua

1. Hauteskundeei buruzko legeak mugatuko ditu diputatu eta senatarien inguruko hautaezintasun- eta bateraezintasun-arrazoiak; edozein kasutan, arrazoi horien artean hurrengoak jasoko dira:
(Ikusi Senatuko Araudiaren 16.1 artikulua)

a) Konstituzio Auzitegiko kide izatea.

b) Estatuaren Administrazioko goi kargu izatea, legeak zehaztu bezala, Gobernuko kide izan ezik.

c) Herri Defendatzaile izatea.

d) Jarduneko magistratu, epaile eta fiskal izatea.

e) Jarduneko militar profesional, eta Segurtasun eta Polizia Indar eta Kidegoetakoa izatea.

f) Hauteskunde-batzarretako kide izatea.

2. Bi ganberetako kideen akta eta egiaztagiriei dagokienez, horien baliozkotasuna kontrol judizialaren menpe egongo da, hauteskunde-legeak ezartzen duenaren arabera.

71. artikulua

1. Diputatu eta senatariak bortxaezinak dira, beren eginkizunak betetzean adierazitako iritziengatik.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 21 artikulua)

2. Era berean, diputatu eta senatariek, beren agintaldian zehar, ukiezintasuna izango dute, eta ageri-ageriko delituengatik bakarrik izan daitezke atxilotuak. Ezin zaie errurik egotzi, ez eta auziperatu ere, ganbera egokiaren aldez aurretiko baimenik gabe.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 22 artikulua)

3. Diputatu eta senatarien aurkako auzietan, Auzitegi Goreneko Zigor arloko Aretoa izango da eskudun.

4. Diputatu eta senatariek ordainsaria jasoko dute; ganbera bakoitzak finkatuko du ordainsari hori.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 23.1 artikulua)

72. artikulua

1. Ganberek beren araudiak ezartzen dituzte; euren aurrekontuak autonomiaz onesten dituzte; eta, bi-bion adostasunez, Gorte Nagusietako Langileen Estatutua ematen dute. Araudiei eta horien eraldaketari dagokienez, azken botazioa egingo da haien osotasunari buruz, eta, botazio horretan, erabateko gehiengoa lortu beharko da.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 196 artikulua eta Hirugarren xedapen gehigarria eta Kongresuko Araudiaren Hirugarren azken xedapena)

2. Ganberek beren lehendakariak eta mahaietako beste kideak hautatzen dituzte. Bi-biok batera egindako bileretan, Kongresuko lehendakaria izango da buru, eta Gorte Nagusietako Araudiaren arabera jardungo da, araudi hori ganbera bakoitzeko erabateko gehiengoz onartua.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 5.1 artikulua eta Bigarren xedapen gehigarria)

3. Ganberetako lehendakariek horien izenean erabiltzen dituzte administrazio-ahalak eta polizia-ahalmenak, ganberetako egoitzen barruan.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 38 eta 39 artikuluak)

73. artikulua

1. Ganberak urtero bilduko dira, bi batzarraldi arruntetan: lehena, irailetik abendura, eta, bigarrena, otsailetik ekainera.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 69.1 artikulua)

2. Ganberek aparteko bilerak egin ditzakete, Gobernuak, Diputazio Iraunkorrak eta edozein ganberatako kideen erabateko gehiengoak hala eskatuz gero. Aparteko bileretarako deialdia eginez gero, eguneko gai-zerrenda zehaztu beharko da, eta, behin horren azterketa burutu eta gero, bilerak amaitu egingo dira.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 70.1 artikulua)

74. artikulua

1. Ganberak batera bilduko dira legegintzazkoak ez diren eskumenak erabiltzeko; II. tituluak beren beregi eratxikitzen dizkie halakoak Gorte Nagusiei.

2. Gorte Nagusiek hartu beharreko erabakiak 94.1, 145.2 eta 158.2 artikuluetan jasotakoak badira, ganbera bakoitzeko gehiengoz onetsi behar da. Lehenengo kasuan, prozedura Kongresutik hasiko da, eta beste bietan, Senatutik. Bi kasuotan, Senatua eta Kongresua ados jartzen ez badira, Bitariko Batzordea eratuko da, bertan diputatu eta senatarien kopurua berbera izanik, eta batzorde hori saiatuko da adostasuna lortzen. Batzordeak testu bat aurkeztuko du, eta bi ganberek testu horren gaineko botazioa egingo dute. Testua ezarri moduan onesten ez bada, Kongresuak erabateko gehiengoz hartuko du erabakia.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 57, 137-140 eta 145 artikuluak eta Kongresuko Araudiaren 158 artikulua)

75. artikulua

1. Ganberek osoko bilkuran eta batzordeka jardungo dute.

2. Ganberek batzorde legegile iraunkorrei eskuorde diezaieke lege-proiektuak edo lege-proposamenak onestea. Dena den, osoko bilkurak edozein unetan eska dezake eskuordeturiko lege-proiektu edo lege-proposamena eztabaidatu eta horren gainean botazioa egitea.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 130-132 artikuluak eta Kongresuko Araudiaren 149.2 artikulua)

3. Aurreko paragrafoan xedatutako horretatik salbuetsirik daude konstituzioaren eraldaketa, nazioarteko arazoak, lege organikoak, oinarri-legeak eta Estatuaren Aurrekontu Orokorrak.

76. artikulua

1. Kongresuak eta Senatuak, eta, hala denean, bi ganberek batera, ikerketa-batzordeak izenda ditzakete, interes publikoko edozein gai aztertzeko. Batzorde horien erabakiak ez dira lotesleak auzitegientzat, eta ez dute eraginik sortzen erabaki judizialetan; hala eta guztiz ere, ikerketaren emaitza Fiskaltzari komunikatuko zaio, horrek, bidezkoa denean, akzio egokiak egikari ditzan.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 59, 60 artikuluak eta Bigarren xedapen gehigarria eta Kongresuko Araudiaren 53 artikulua)

2. Ganberetan azaltzea nahitaezkoa izango da, haiek hori eskatuz gero. Legeak arautuko du zein zehapen ezar daitekeen betebehar hori ez betetzeagatik.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 60.2 artikulua)

77. artikulua

1. Ganberek banakako nahiz taldeko eskariak jaso ditzakete, betiere idatziz; debekaturik dago herritarren manifestazioen bidez zuzenean eskariak aurkeztea.

2. Ganberek eurek jasotzen dituzten eskariak Gobernuari bidal diezazkiokete. Gobernuak azalpenak eman beharko ditu eskarion edukiari buruz, ganberek hori eskatzen diotenetan.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 192-195 artikuluak)

78. artikulua

1. Ganbera bakoitzean, Diputazio Iraunkorra izango da, gutxienez hogei eta bat kiderekin; kide horiek Parlamentuko taldeak ordezkatuko dituzte, taldeon kopuruaren garrantzia kontuan harturik.

2. Diputazio Iraunkorraren buru izango da ganbera bakoitzeko lehendakaria, eta diputazio horren eginkizunak izango dira 73. artikuluan ezarritakoa, 86. eta 116. artikuluen arabera ganberei dagozkien ahalmenak bereganatzea, betiere ganberok desegin edo beraien agintaldia amaitu ondoren, eta ganberen ahalmenak zaintzea, horiek bildurik ez daudenean.

3. Agintaldia amaitu eta gero, edo Gorteak desegitean, diputazio iraunkorrek beren eginkizunei eutsiko diete, Gorte Nagusi berriak eratu arte.

4. Behin ganbera egokia bildu ondoren, Diputazio Iraunkorrak eztabaidatutako gaiei eta hartutako erabakiei buruzko kontu-arrazoiak emango ditu.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 45-48 artikuluak)

79. artikulua

1. Ganberek erabakiak har ditzaten, arauz bildu behar dira, eta kide gehienek bertan izan behar dute.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 82, 93.2, 3 eta 4 artikuluak)

2. Erabaki horiek baliozkoak izan daitezen, bertan dauden kide gehienek onetsi behar dituzte; horri kalterik egin gabe, Konstituzioak edo lege organikoek gehiengo bereziak ezar ditzakete, eta ganberetako araudiek ere horixe egin dezakete, zenbait pertsona hautatu ahal izateko.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 93.1 artikulua)

3. Senatari eta diputatuen botoa pertsonal eta eskuordeezina da.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 92.3 artikulua)

80. artikulua

Ganberen osoko bilkurak jendaurrekoak izango dira, erabateko gehiengoz edo erregelamenduaren arabera ganbera bakoitzean aurkakoa erabakitzen ez bada.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 22.3 eta 6; 23.2; 72, 73 eta 102.3 artikuluak)  

BIGARREN KAPITULUA. Legeak egitea

81. artikulua

1. Lege organikoak dira askatasun publikoen eta oinarrizko eskubideen garapenari dagozkionak, autonomia-estatutuak eta hauteskundeetarako araubide orokorra onesten dituztenak, eta Konstituzioan ezarritako beste guztiak.

2. Lege organikoak onetsi, aldatu edo indargabetzeko, nahitaezkoa izango da Kongresuko erabateko gehiengoa, proiektu osoari buruzko azken botazioan.

82. artikulua

1. Gorte Nagusiek Gobernuari eskuorde diezaieke lege-lerruneko arauak emateko ahala, gai zehatz batzuetan, inoiz ez aurreko artikuluan aipatzen direnetan.

2. Legegintzarako eskuordetza oinarri-legearen bidez gauzatu beharko da, eskuordetza horren helburua testu artikuludunak sortzea bada; lege arruntaren bidez gauzatu beharko da, ordea, helburua zenbait lege-testu bat egitea bada.

3. Legegintzarako eskuordetza Gobernuari egin beharko zaio, beren beregi, gai zehatz bati buruz eta eskuordetza zein epetan erabili behar den finkatuz. Eskuordetza Gobernuak hori erabiltzen duenean agortuko da, arau egokia argitaratuz. Ezin izango da ulertu eskuordetza isilbidez edo epe mugagaberako eman denik. Bestalde, ezin izango zaie azpieskuordetzarik egin Gobernuaz bestelako agintariei.

4. Oinarri-legeek mugatuko dituzte, zehatz-mehatz, legegintzarako eskuordetzaren helburua eta norainokoa, eta hori erabiltzean bete beharreko printzipioak eta irizpideak ere bai.

5. Zenbait lege-testu bat egiteko baimena emanez gero, baimen horrek zehaztuko du eskuordetzaren edukiak zein arau-esparru duen, alegia, testu bakarra egitea besterik gabe ala, horrekin batera, batu beharreko lege-testuak erregularizatu, argitu eta harmonizatzea.

6. Auzitegiei dagokien eskumenari kalterik egin gabe, eskuordetza-legeek kasuan-kasuan ezar ditzakete kontrolerako formula gehigarriak.

83. artikulua

Oinarri-legeek ezin dute inoiz ere:

a) Oinarri-legea bera aldatzeko baimenik eman.

b) Atzeraeraginezko arauak egiteko ahalmenik eman.

84. artikulua

Lege-proposamena edo zuzenketa indarreko legegintza-eskuordetzaren aurkakoa bada, Gobernuak ahalmena du haren izapidetzaren aurka egiteko. Kasu horretan, lege-proposamena aurkeztu ahal izango da, eskuordetza-legea osorik edo zati batez indargabetzeko.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 128 artikulua)

85. artikulua

Gobernuaren xedapenek eskuordetzapeko legeria jasotzen dutenean, xedapen horiei legegintzazko dekretu deritze.

86. artikulua

1. Aparteko eta presazko beharrizana dagoenetan, Gobernuak behin-behineko lege-xedapenak eman ditzake, lege-dekretuen forma hartuz; horiek ezingo dute eraginik sortu estatuaren oinarrizko erakundeei buruzko antolamenduan, I. Tituluak arautzen dituen herritarren eskubide, eginbehar eta askatasunetan, autonomia-erkidegoen araubidean, ezta hauteskundeei buruzko zuzenbide orokorrean ere.

2. Lege-dekretuak berehalakoan eztabaidatu beharko dira Diputatuen Kongresuan, eta haien testu osoari buruzko botazioa egin beharko da; Kongresua bildurik ez badago, horretarako deialdia egingo da, lege-dekretua noiz aldarrikatu eta hurrengo hogei eta hamar egunetan. Kongresuak, epe horren barruan, lege-dekretuaren baliozkotze edo indargabetzeari buruzko erabakia hartu beharko du beren beregi; horretarako, araudiak prozedura berezi eta sumarioa ezarriko du.

3. Aurreko paragrafoan ezarri epearen barruan, Gorteek presazko prozedura erabil eta lege-proiektu bezala bidera dezakete lege-dekretuaren izapidetza.

87. artikulua

1. Legegintza-ekimena Gobernuari, Kongresuari eta Senatuari dagokie, Konstituzioaren eta ganberetako araudien arabera.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 104, 105, 108, 109 eta 140 artikuluak eta Kongresuko Araudiaren 108.2 eta 125 artikuluak)

2. Autonomia-erkidegoetako biltzarrek Gobernuari eska diezaiokete lege-proiektu bat prestatzea edo Kongresuko Mahaira lege-proposamen bat igor dezakete; ganbera horretan, gehienez jota biltzarreko hiru kidek parte hartuko dute, proiektua edo proposamena defendatzeko.

3. Lege organikoak arautuko du nola eta zein betekizunekin aurkez dezakeen herri-ekimenak lege-proposamena. Edonola ere, gutxienez 500.000 sinadura egiaztatu beharko dira. Ekimen hori ez da bidezkoa izango, lege organikoei dagozkien gaietan, zerga-kontuetan edo nazioartekoetan, ezta grazia-pribilegioari buruzkoetan ere.

88. artikulua

Ministro Kontseiluak onetsiko ditu lege-proiektuak, eta, ondoren, Kongresura bidaliko ditu, zioen azalpenarekin eta beharrezko diren aurrekariekin batera, Kongresuak haien gaineko erabakia har dezan.

89. artikulua

1. Ganberetako araudiek arautuko dute lege-proposamenen izapidetza, eta, lege-proiektuek lehentasuna badute ere, lehentasun horrek ez du eragozten legegintza-ekimena 87. artikuluak arautzen duenaren arabera erabiltzea.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 105 artikulua)

2. Senatuak, 87. artikuluaren arabera, kontuan hartzen dituen lege-proposamenak Kongresura bidaliko dira, horretan halako proposamen bezala izapideak egiteko.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 108 artikulua)

90. artikulua

1. Behin Diputatuen Kongresuak lege arrunt edo organikoaren proiektua onetsi eta gero, horren lehendakariak berehalaxe emango dio kontu Senatuko lehendakariari, eta hark proiektua eztabaidapean jarriko du bertan.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 104 artikulua eta Kongresuko Araudiaren 120 artikulua)

2. Senatuak, testua jaso duenetik zenbaturik, bi hilabeteko epean, betoa jar dezake edo testuan zuzenketak egin ditzake, arrazoituriko mezuaren bidez. Betoa erabateko gehiengoz onetsi behar da. Proiektua ezin zaio Erregeari sendespenerako igorri, betoaren kasuan, harik eta Kongresuak hasierako testua erabateko gehiengoz berretsi arte, edo gehiengo soilaz, betoa jarri denetik bi hilabete igaro badira, edo harik eta zuzenketen gaineko erabakia hartu arte, horiek gehiengo soilaz onartuz edo arbuiatuz.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 106 eta 122 artikuluak eta Kongresuko Araudiaren 121-123 eta 132 artikuluak)

3. Senatuak betoa jartzeko edo proiektua zuzentzeko bi hilabeteko epea badu ere, hori egutegiko hogei egunetara gutxituko da, Gobernuak edo Diputatuen Kongresuak presazko proiektuak direla adierazten badu.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 133-135 artikuluak)

91. artikulua

Erregeak hamabost eguneko epean sendetsiko ditu Gorte Nagusietan onetsitako legeak, eta halakoak aldarrikatuko ditu eta berehalaxe argitaratzeko aginduko du.

92. artikulua

1. Garrantzi handiko erabaki politikoen kasuan, herritar guztien kontsulta-referenduma egin ahal izango da.

2. Referendumerako deia Erregeak egingo du, Gobernuko lehendakariak hala proposatuta, aldez aurretik Diputatuen Kongresuak baimena emanez gero.

3. Lege organikoak arautuko ditu konstituzio honetan ezarritako referendum-motei buruzko baldintzak eta prozedura. 

HIRUGARREN KAPITULUA. Nazioarteko itunak

93. artikulua

Lege organikoaren bidez itunak sinatzeko baimena eman daiteke; itunok direla eta, nazioarteko antolakuntza edo erakunde bati eratxiki dakioke Konstituzioaren ondorioz diren eskumenen erabilera. Gorte Nagusiei edo Gobernuari dagokio, kasuan-kasuan, itun horiek eta nazioarteko edo nazioaz gaindiko erakundeek emandako ebazpenak betetzen direla bermatzea.

94. artikulua

1. Estatuak adostasuna eman behar du, itun edo hitzarmenen bidez betebeharrak hartzeko; horretarako, Gorte Nagusiek aldez aurretiko baimena eman beharko dute hurrengo kasuetan:

a) Itun politikoetan.

b) Izaera militarra duten itun edo hitzarmenetan.

c) Estatuko lurralde-osotasuna ukitzen duten itun edo hitzarmenetan, edo I. tituluak ezarritako oinarrizko eskubide eta eginbeharrei buruzkoetan.

d) Herri Ogasunarentzat finantza-betebeharrak dakartzaten itun edo hitzarmenetan.

e) Legeren bat aldatu edo indargabetzea dakarten itun edo hitzarmenetan, eta betearazpenerako legegintza-neurriak behar dituztenetan.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 144 eta 145 artikuluak)

2. Bestelako itun edo hitzarmenak egitean, berehalaxe informazioa emango zaie bai Kongresuari eta bai Senatuari.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 146 artikulua)

95. artikulua

1. Nazioarteko ituna egiteko, horrek Konstituzioaren aurkako hizpaketak jasotzen baditu, nahitaezkoa da aldez aurretik Konstituzioa berrikustea.

2. Gobernuak edo ganberetatik edozeinek Konstituzio Auzitegiari eska diezaioke Konstituzioaren eta itunaren artean kontraesanik dagoen ala ez adieraztea.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 147 artikulua)

96. artikulua

1. Baliozkotasunez eginiko nazioarteko itunak Espainian modu ofizialean argitaratu eta gero, barne-antolamenduaren osagai izango dira. Haien xedapenak indargabetu, aldatu edo eteteko, nahitaezkoa da itunetan euretan ezarritako moduan egitea edo nazioarteko zuzenbideko arau orokorrak betetzea.

2. Nazioarteko itun eta hitzarmenak salatzeko, haiek onesteko bezala, 94. artikuluko prozedura erabiliko da.

IV. TITULUA. Gobernua eta Administrazioa

97. artikulua

Gobernuak barne eta kanpoko politika gidatzen du, baita Administrazio zibila eta militarra, eta estatuaren defentsa ere. Konstituzioaren eta legeen arabera betetzen ditu eginkizun betearazlea eta erregelamenduak emateko ahala.

98. artikulua

1. Gobernua osatzen dute lehendakariak, lehendakariordeek hala direnean, ministroek eta lege bidez ezarritako beste kideek.

2. Lehendakariak Gobernuaren jarduna gidatzen du, eta Gobernuko beste kideen eginkizunak koordinatzen ditu; horri kalterik egin gabe, Gobernuko kideek eskumena eta zuzeneko erantzukizuna izango dute beren kudeaketaren gainean.

3. Gobernuko kideek ezin dute ordezkaritzako beste eginkizunik bete, parlamentu-agintaldiari dagozkion horietatik aparte; eta ezin dute beste eginkizun publikorik bete, beraien karguak hori barneratzen ez badu, ezta lanbideko jarduerarik edo merkataritzako jarduerarik ere.

4. Legeak arautuko ditu Gobernuko kideen estatutua eta bateraezintasunak.

99. artikulua

1. Diputatuen Kongresua berriztatzen den bakoitzean, eta Konstituzioaren arabera bidezko den beste kasuetan ere, Erregeak Gobernuaren lehendakaritzarako hautagaia proposatuko du, Kongresuko lehendakariaren bidez; horretarako, Erregeak aldez aurretik kontsulta egingo die Parlamentuan ordezkatuta dauden talde politikoek izendatutako ordezkariei.

2. Aurreko paragrafoaren arabera proposaturiko hautagaiak Diputatuen Kongresuan azalduko du sortu nahi duen gobernuaren egitarau politikoa; hautagaiak ganberaren konfiantza eskatuko du.

3. Diputatuen Kongresuak hautagai horri konfiantza ematen badio, bere kideen erabateko gehiengoak horren aldeko botoa eman duelako, Erregeak lehendakari izendatuko du berori. Gehiengo hori lortu ezik, proposamen berberari buruz botazioa egingo da, aurreko horretatik berrogei eta zortzi ordu igaro ondoren, eta konfiantza eman dela ulertuko da gehiengo soila izanez gero.

4. Aipatu botazioak eginik, ez baldin bada jasotzen inbestidurarako konfiantza, elkarren segidako proposamenen izapideak egingo dira, aurreko paragrafoetan ezarri bezala.

5. Inbestidurarako lehenengo botaziotik bi hilabete igaro ondoren, hautagai batek ere ez baldin badu jaso Kongresuaren konfiantza, Erregeak ganbera biak desegingo ditu, eta hauteskundeetarako deialdia egingo du, Kongresuko lehendakariaren berrespenarekin.
(Ikusi Kongresuko Araudiaren 172.2 artikulua)

100. artikulua

Gobernuko beste kideak Erregeak izendatu edo bananduko ditu, lehendakariak hala proposaturik.

101. artikulua

1. Gobernuaren jarduna honelakoetan bukatuko da: hauteskunde orokorrak egin ondoren, Konstituzioaren arabera Parlamentuaren konfiantza galtzean, eta lehendakariak dimisioa aurkeztean edo bera hiltzean.

2. Deseginiko Gobernuak bere eginkizunei eutsiko die, Gobernu berria karguaz jabetu arte.

102. artikulua

1. Lehendakariari eta Gobernuko beste kideei erantzukizun kriminala galdatu ahal izango zaie, hala dagokienean, Auzitegi Goreneko Zigor arloko Aretoan.

2. Akusazioa haien eginkizunak betetzean egin bada, traizioaren ondorioz edo beste delitu baten ondorioz, delitu hori estatuaren segurtasunaren aurkakoa izanik, akusazio hori egin ahal izango da, bakar-bakarrik, Kongresuko kideen laurdenak hala eskatuta eta bertan erabateko gehiengoz onetsita.

3. Erregearen grazia-pribilegioa ez zaie aplikatuko artikulu honetako kasuei.

103. artikulua

1. Herri Administrazioak objektibotasunez betetzen ditu interes orokorrak, eta eragingarritasun-, hierarkia-, dezentralizazio-, deskontzentrazio- eta koordinazio-printzipioen arabera dihardu, legeari eta zuzenbideari bete-betean men eginez.

2. Estatuko Administrazioaren organoak legearen arabera sortu, arautu eta koordinatzen dira.

3. Legeak arautuko ditu funtzionario publikoen estatutua, meritu- eta gaitasun-printzipioen arabera funtzio publikoan sartzea, sindikatze-eskubidea egikaritzeko berezitasunak, bateraezintasunen sistema, eta beraien eginkizunak betetzean izan beharreko inpartzialtasun-bermeak.

104. artikulua

1. Segurtasun Indar eta Kidegoen eginkizuna izango da, Gobernuaren menpe, eskubide eta askatasunen egikaritza askea babestea eta herritarren segurtasuna bermatzea.

2. Lege organikoak finkatuko ditu Segurtasun Indar eta Kidegoen eginkizunak, jarduteko oinarrizko printzipioak eta estatutuak.

105. artikulua

Legeak arautuko du:

a) Herritarrei entzutea, zuzenean edo legeak aitortutako antolakuntza eta elkarteen bidez, haiei dagozkien administrazio-xedapenak prestatzeko prozeduran.

b) Herritarrak artxibo eta erregistro administratiboetara sartzea, salbu eta estatuaren segurtasun eta defentsari, delituen ikerketari eta pertsonen bizitza pribatuari dagokienez.

c) Administrazio-egintzak burutzeko prozedura, bidezkoa denean interesdunak esan beharrekoa entzutea bermatuz.

106. artikulua

1. Auzitegiek kontrolatzen dituzte erregelamenduak egiteko ahala eta administrazio-jardunaren legezkotasuna, bai eta jardun hori zein helburuk justifikatu eta helburu horiekiko mendekotasuna ere.

2. Subjektu pribatuek, legeak finkatutako eran, eskubidea izango dute, beren ondasun eta eskubideetan izandako kalte guztien ordaina jasotzeko, ezinbesteko kasuetan izan ezik, baldin eta kalte horiek herri-zerbitzuen jardunbidearen ondorioz gertatu badira.

107. artikulua

Estatu Kontseilua Gobernuaren kontsulta-organo gorena da. Lege organikoak arautuko ditu haren osaera eta eskumenak.

V. TITULUA. Gobernuaren eta Gorte Nagusien arteko harremanak

108. artikulu

Gobernuak, bere kudeaketa politikoari dagokionez, erantzukizun solidarioa du Diputatuen Kongresuan.

109. artikulua

Ganberek eta beren batzordeek, haien lehendakarien bidez, beharrezko argibideak eta laguntza jaso ditzakete Gobernuaren eskutik, horren sailen eskutik eta estatuko nahiz autonomia-erkidegoetako agintarien eskutik.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 66 eta 67 artikuluak)

110. artikulua

1. Ganberek eta beren batzordeek eska dezakete Gobernuko kideak beraietan agertzea.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 66 artikulua)

2. Gobernuko kideak ganberen eta batzordeen bileretara joan daitezke; haietan, eurek esan beharrekoa entzungo da, eta eska dezakete beraien sailetako funtzionarioek haietan argibideak ematea.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 66.2 eta 83.1 artikuluak)

111. artikulua

1. Gobernua eta beraren kide guztiak ganberetan azaltzen diren interpelazio eta galderen menpe daude. Eztabaida-mota horretarako, araudiek aste beteko aldia ezarriko dute gutxienez.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 160-173 artikuluak)

2. Interpelazio ororen ondorioz, mozioa gerta daiteke, eta, mozio horretan, ganberak bere jarrera agertuko du.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 173.2 artikulua)

112. artikulua

Gobernuaren lehendakariak, Ministro Kontseiluan eztabaida izan eta gero, konfiantza-arazoa ager dezake Diputatuen Kongresuan, bere egitarauari buruz edo politika orokorreko adierazpen bati buruz. Konfiantza lortu dela ulertuko da, diputatuen gehiengo soilak haren aldeko botoa emanez gero.

113. artikulua

1. Diputatuen Kongresuak erantzukizun politikoa eska diezaioke Gobernuari, erabateko gehiengoz zentsura-mozioa erabakiz gero.

2. Zentsura-mozioa proposatu behar du, gutxienez, diputatuen hamarrenak, eta, mozio horretan, Gobernuaren lehendakaritzarako hautagai bat jaso behar da.

3. Zentsura-mozioaren gainean ezin da botorik eman, hori aurkeztu denetik bost egun igaro arte. Epe horretako lehenengo bi egunetan, beste mozio batzuk aurkez daitezke.

4. Kongresuak zentsura-mozioa onesten ez badu, haren sinatzaileek ezin dute beste bat aurkeztu batzarraldi berean.

114. artikulua

1. Kongresuak Gobernuari konfiantza ukatzen badio, horrek bere dimisioa aurkeztuko dio Erregeari, eta, jarraian, Gobernuaren Lehendakaria izendatuko da, 99. artikuluan xedatzen denaren arabera.

2. Kongresuak zentsura-mozioa onartzen baldin badu, Gobernuak bere dimisioa aurkeztuko dio Erregeari, eta mozio horretan jasoriko hautagaiak ganberaren konfiantza jaso duela ulertuko da, 99. artikuluan ezarritako ondoreetarako. Erregeak Gobernuaren lehendakari izendatuko du hautagai hori.

115. artikulua

1. Gobernuaren lehendakariak, Ministro Kontseiluan eztabaida izan ondoren, eta bere erantzukizun esklusiboaren menpe, Kongresu, Senatu edo Gorte Nagusien desegitea proposa dezake, eta Erregeak aginduko du hori. Desegite-dekretuak hauteskundeen data finkatuko du.

2. Desegite-proposamena ezingo da aurkeztu zentsura-mozioaren izapidetza bitartean.

3. Beste desegiterik ez da bidezkoa izango, azken horretatik urtebete igaro arte, 99. artikuluko 5. paragrafoan xedatzen dena salbu.

116. artikulua

1. Lege organikoak ondokoak arautuko ditu: alarma-, salbuespen- eta setio-egoerak, bai eta kasuan kasuko eskumenak eta mugak ere.

2. Alarma-egoera Gobernuak adieraziko du, Ministro Kontseiluak emandako dekretuaren bidez, gehienez jota hamabost egunerako, eta kontu-arrazoiak emango dizkio Diputatuen Kongresuari, hori berehalaxe bilduko baita helburu horrekin; Kongresuaren baimenik gabe, ezingo da luzatu epe hori. Dekretuak finkatuko du zein lurralde-esparrutara zabaltzen diren adierazpenaren ondoreak.

3. Salbuespen-egoera Gobernuak adieraziko du, Ministro Kontseiluak emandako dekretuaren bidez, Diputatuen Kongresuak aurretiaz horretarako baimena emanez gero. Salbuespen-egoerarako baimena eman eta hori aldarrikatzean, beren beregi finkatu behar da horrek zein ondore duen, zein lurralde-esparrutara zabaltzen den eta zenbat iraungo duen; iraupen hori ezin da hogei eta hamar egunetik gorakoa izan, eta, baldintza berberak betez, beste horrenbeste luza daiteke.

4. Setio-egoera Diputatuen Kongresuko erabateko gehiengoak adieraziko du, Gobernuak esklusibotasunez hala proposaturik. Kongresuak finkatuko ditu haren lurralde-esparrua, iraupena eta baldintzak.

5. Kongresua ezin izango da desegin, artikulu honetan jasotako egoeretatik bat adierazirik dagoen bitartean; ganberetarako deialdia berehalakoan egingo da, egoera horiek batzarralditik kanpo gertatzen badira. Ganbera horien jardunbidea, estatuko beste konstituzio-botereena bezala, ezingo da geldiarazi egoera horiek dirauten bitartean.

Behin Kongresua desegin edo haren agintaldia amaitu eta gero, aipaturiko egoeretatik edozein gertatzen baldin bada, Diputazio Iraunkorrak bereganatuko ditu Kongresuaren eskumenak.

6. Alarma-, salbuespen- edo setio-egoera adierazteak ez du aldatuko Gobernuaren eta beraren agenteen erantzukizunari buruzko printzipioa, Konstituzioan eta legeetan aitortutako moduan.

VI. TITULUA. Botere Judiziala

117. artikulua

1. Justizia herriari dario, eta justizia hori Erregearen izenean administratzen dute botere judiziala osatzen duten epaile eta magistratuek; epaile eta magistratuok independente, mugiezin eta erantzule dira, eta legearen menpe besterik ez daude.

2. Epaile eta magistratuei dagokienez, ezin da banantze, etete, lekualdatze edo erretirorik gertatu, legezko arrazoien ondorioz eta legean ezarritako bermeekin ez bada.

3. Era guztietako prozesuetan, jurisdikzio-ahalaren egikaritza, epaituz eta epaiturikoa betearaziz, bakar-bakarrik dagokie legeek finkatutako epaitegi eta auzitegiei, legeok ezartzen dituzten eskumen- eta prozedura-arauekin bat etorriz.

4. Epaitegi eta auzitegiek aurreko paragrafoan aipatutako eginkizunak besterik ez dituzte beteko, bai eta legeak beren beregi edozein eskubide bermatzeko ematen dizkienak ere.

5. Jurisdikzio-batasunaren printzipioa auzitegien antolaketa eta jardunaren oinarria da. Legeak arautuko du jurisdikzio militarraren egikaritza, esparru militarrerako bakar-bakarrik, eta setio-egoeretarako ere bai, Konstituzioan jasotako printzipioen arabera.

6. Salbuespen-auzitegiak debekaturik daude.

118. artikulua

Nahitaezkoa da epaile eta auzitegien epai eta bestelako ebazpen irmoak betetzea, eta, prozesuan zehar eta ebatzirikoa betearaztean, haiek laguntza eskatzen badute, laguntza hori ematea ere nahitaezko gertatzen da.

119. artikulua

Justizia doakoa izango da legeak hori xedatzen duenean, eta, edozein kasutan, auzietan aritzeko beste baliabiderik ez dutela egiaztatzen dutenentzat.

120. artikulua

1. Epai-jarduna jendaurrekoa izango da, prozedura-legeek ezartzen dituzten salbuespenekin.

2. Prozedura gehienak ahozkoak izango dira, batez ere, arazo kriminaletan.

3. Epaiak beti ziodunak izan eta jendaurreko entzunaldian agerraraziko dira.

121. artikulua

Errakuntza judizialaren ondorioz edo Justizia Administrazioaren jardunbide akastunaren ondorioz kalteak gertatzen badira, estatuaren kontura kalte-ordaina jaso ahal izango da, legearekin bat etorriz.

122. artikulua

1. Botere judizialaren lege organikoak finkatuko ditu epaitegi eta auzitegien eraketa, jardunbidea eta gobernua, karreradun epaileen eta magistratuen estatutu juridikoa, horiek kidego bakar bat eginik, eta Justizia Administrazioaren zerbitzupeko langileen estatutua.

2. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia beraren gobernurako organoa da. Lege organikoak ezarriko ditu haren estatutua, eta kideen bateraezintasun-araubidea eta eginkizunak, batez ere, izendatze, igotze, ikuskatze eta diziplina-araubideari dagokionez.

3. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia osatuko dute Auzitegi Goreneko lehendakariak, bera buru izanik, eta Erregeak bost urterako izendatutako hogei kidek. Hogei horietatik hamabi, kategoria judizial guztietako epaile eta magistratuen artetik izendatuko dira, lege organikoak ezarriko duen eran; lau, Diputatuen Kongresuak hala proposaturik; eta beste lau, Senatuak hala proposaturik. Azken bi kasuotan, izendapena abokatu eta bestelako legelarien artetik egingo da, eta kideen hiru bostenak izendapenaren aldeko botoa eman beharko du; izendatuek ospe handikoak izan beharko dute, eta hamabost urtetik gorako esperientzia izan beharko dute beren lanbidean.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 184-186 artikuluak)

123. artikulua

1. Auzitegi Gorenak Espainia osoan du jurisdikzioa, eta arlo guztietako jurisdikzio-organo gorena da, konstituzio-bermeen arloan xedatutakoa salbu.

2. Erregeak izendatuko du Auzitegi Goreneko lehendakaria, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak hala proposatuta, legeak finkatzen duenaren arabera.

124. artikulua

1. Fiskaltzaren eginkizuna da, bestelako organoek dituzten zereginei kalterik egin gabe, justiziaren ekintza bultzatzea, legezkotasuna, herritarren eskubideak eta legeak babestutako interes publikoa defendatzeko, ofizioz edo interesdunek hala eskatuta; haren eginkizuna da, orobat, auzitegien independentzia zaintzea eta auzitegiotan gizarte-interesa ase dadin sustatzea.

2. Fiskaltzak berezko organoen bitartez betetzen ditu bere eginkizunak, ekintza-batasunaren eta hierarkia-mendekotasunaren printzipioekin bat etorriz, eta, edozein kasutan, legezkotasun- eta inpartzialtasun-printzipioen menpe.

3. Legeak arautuko du Fiskaltzaren estatutu organikoa.

4. Erregeak izendatuko du Estatuko Fiskal Nagusia, Gobernuak hala proposatuta, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari entzun eta gero.

125. artikulua

Herritarrek herri-akzioa erabil eta Justizia Administrazioan parte har dezakete, zinpekoen epaimahaiaren bitartez, legeak ezarritako moduan eta berak finkatzen dituen prozesu penaletan, bai eta ohiturazko auzitegi eta auzitegi tradizionaletan ere.

126. artikulua

Polizia judiziala epaileen, auzitegien eta Fiskaltzaren menpe dago, delituak ikertzeko, eta delitugileak aurkitu eta leku seguruan jartzeko eginkizunetan, legeak finkatzen duenaren arabera.

127. artikulua

1. Epaile eta magistratuek, baita fiskalek ere, jardunean ari diren bitartean, ezin dezakete beste kargu publikorik izan, ez eta alderdi politiko edo sindikatuetan parterik hartu ere. Legeak ezarriko ditu epaile, magistratu eta fiskalek lanbide-elkarteak sortzeko orduan erabiliko duten eredua eta modalitateak.

2. Legeak ezarriko du botere judizialeko kideen bateraezintasun-araubidea; araubide horrek haien independentzia osoa ziurtatuko du.

VII. TITULUA. Ekonomia eta Ogasuna

128. artikulua

1. Herriaren aberastasun guztia, horren formak eta titulartasuna edozein motatakoak izanik, interes orokorraren menpe dago.

2. Jarduera ekonomikoan, ekimen publikoa aitortzen da. Legearen bitartez sektore publikoari oinarrizko baliabide edo zerbitzuak erreserba dakizkioke, batez ere, monopolio-kasuetan; era berean, enpresen gaineko esku-hartzea erabaki daiteke, interes orokorraren arabera hori beharrezkoa denean.

129. artikulua

1. Legeak ezarriko du interesdunek nola hartuko duten parte Gizarte Segurantzan eta erakunde publikoen jardueran, erakunde horien eginkizunak zuzen-zuzenean bizi-mailan edo ongizate orokorrean eragina duenean.

2. Botere publikoek eragingarritasunez bultzatuko dituzte enpresetan parte hartzeko era desberdinak, eta, legeria egokiaren bidez, kooperatiba-sozietateak sustatuko dituzte. Halaber, neurriak hartuko dituzte, langileek ekoizbideen gaineko jabetza eskura dezaten.

130. artikulua

1. Botere publikoak sektore ekonomiko guztien modernizazio eta garapenaz arduratuko dira, eta, batez ere, nekazaritza, abeltzantza, arrantza eta eskulangintzaren kasuan, espainiar guztien bizitza-maila berdina izan dadin.

2. Helburu berberarekin, tratamendu berezia eskainiko zaie mendialdeei.

131. artikulua

1. Estatuak, lege bidez, jarduera ekonomiko orokorra planifika dezake, beharrizan kolektiboei aurre egiteko, herrialde eta sektoreetako garapena orekatu eta harmonizatzeko, eta errenta eta aberastasunaren hazkuntza eta horien banaketa zuzenagoa suspertzeko.

2. Gobernuak plangintza-proiektuak prestatuko ditu, autonomia-erkidegoek bidalitako aurreikuspenen arabera, eta sindikatuen eta bestelako lanbide-, enpresa- eta ekonomia-erakundeen aholkularitza eta laguntzarekin. Horretarako, kontseilua eratuko da, eta legeak garatuko du kontseilu horren osaera eta eginkizunak.

132. artikulua

1. Legeak herri-jabariko ondasunen eta auzo-ondasunen araubidea ezarriko du, eta, horretarako, kontuan hartuko ditu horiek besterendu, preskribatu eta enbargatzeko ezintasunaren printzipioak; legeak, orobat, ondasunon jaregitea arautuko du.

2. Estatuaren herri-jabariko ondasunak izango dira legeak finkatzen dituenak, eta, edozein kasutan, itsas-lehorreko aldea, hondartzak, lurralde-itsasoa, gune ekonomikoaren baliabide naturalak eta kontinenteko plataforma.

3. Lege bidez arautuko dira Estatu Ondarea eta Nazio Ondarea, eta horien administrazioa, defentsa eta jagotea.

133. artikulua

1. Estatuari dagokio, modu esklusiboan, zergak ezartzeko jatorrizko ahala, eta hori lege bidez egingo du.

2. Autonomia-erkidegoek eta tokiko erakundeek zergak ezar eta galda ditzakete, Konstituzioaren eta legeen arabera.

3. Onura fiskaletatik edozein estatuaren zergei badagokie, legearen arabera ezarri beharko da onura hori.

4. Herri-administrazioek finantza-betebeharrak har eta gastuak egin ditzakete, baina legeen arabera soilik.

134. artikulua

1. Gobernuari dagokio Estatuaren Aurrekontu Orokorrak prestatzea, eta Gorte Nagusiei, berriz, horiek aztertu, zuzendu eta onestea.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 148-150 artikuluak)

2. Estatuaren Aurrekontu Orokorrak urtean urtekoak izango dira, estatuko sektore publikoaren gastu eta sarrera guztiak barneratuko dituzte, eta beraietan jasoko dira estatuaren zergei dagozkien onura fiskalak.

3. Gobernuak Diputatuen Kongresuan aurkeztu beharko ditu Estatuaren Aurrekontu Orokorrak, aurreko urtekoak agortu baino hiru hilabete lehenago gutxienez.

4. Aurrekontuen legea kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoaren lehen egunerako onesten ez bada, ulertuko da aurreko ekitaldiko aurrekontuak zuzenean luzatu direla, berriak onetsi arte.

5. Estatuaren Aurrekontu Orokorrak onetsi eta gero, Gobernuak lege-proiektuak aurkez ditzake aurrekontuko ekitaldi berberari buruz, gastu publikoa gehitzeko edo diru-sarrerak gutxitzeko.

6. Edozein proposamen edo zuzenketaren gainean, aurrekontuko kredituak gehitu edo diru-sarrerak gutxitzen badira, Gobernuak adostasuna eman beharko du proposamen edo zuzenketa horren izapideak egiteko.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 151 artikulua)

7. Aurrekontuen legeak ezin dezake zergarik sor. Halakoak alda ditzake, ordea, zerga-lege substantiboak horixe onartzen duenean.

135. artikulua*

1. Herri-administrazio guztiek aurrekontu-egonkortasunaren printzipiora egokituko dituzte beraien jarduketak.

2. Estatuaren eta autonomia-erkidegoen defizit estrukturalak ezin izango ditu gainditu Europar Batasunak, hala badagokio, estatu kideentzat ezarritako mugak.

Lege organiko batek finkatuko du Estatuari eta autonomia erkidegoei baimenduko zaien gehieneko defizit estrukturala, haien barne produktu gordinaren arabera. Toki erakundeek aurrekontu-oreka izan beharko dute.

3. Zor publikoa jaulkitzeko edo kreditua eskuratzeko, Estatuak eta autonomia-erkidegoek lege-bidezko baimena beharko dute.

Administrazioen zor publikoaren interesak eta kapitala ordaintzeko kredituak administrazio horien gastuen egoera-orrian egongo direla ulertuko da beti, eta horien ordainketak erabateko lehentasuna izango du. Kreditu horiek ezin izango dute zuzenketarik edo aldaketarik jaso, jaulkipen legearen baldintzetara egokitzen badira.

Herri-administrazioen zor publikoaren bolumen bateratua, Estatuaren barne produktu gordinarekiko, ezingo da inoiz izan Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan ezarritako erreferentzia-balioa baino handiagoa.

4. Defizit estrukturalaren eta zor publikoaren bolumenaren mugak oso kasu berezietan baino ezin izango dira gainditu; hain zuzen ere, Estatuaren kontroletik kanpo gera daitezkeen hondamendi naturaletan, ekonomia-atzeraldietan edo ezohiko larrialdi-egoeretan, Estatuaren finantza-egoera edo egonkortasun ekonomikoa edo soziala nabarmen kaltetzen baldin badute eta Diputatuen Kongresuko kideen gehiengo osoak hala erabakitzen badu.

5. Lege organiko batek garatuko ditu artikulu honek aipatzen dituen printzipioak, bai eta zerga- eta finantza-politikaren alorreko herri-administrazioen arteko koordinazio instituzionalerako organoek dagozkien prozeduretan izango duten partaidetza ere. Betiere, honako hauek araupetuko ditu lege horrek:

a) Defizitaren eta zorraren mugen banaketa herri-administrazioen artean, muga horiek gainditzeko aparteko kasuak, eta bata eta bestearen gainean gerta daitezkeen desbideraketak zuzentzeko erak eta epeak.

b) Defizit estrukturala kalkulatzeko metodologia eta prozedura.

c) Herri-administrazio bakoitzak izango duen erantzukizuna baldin eta ez badira betetzen aurrekontu-egonkortasuneko helburuak.

6. Autonomia-erkidegoek aurrekontuei buruzko arauetan eta erabakietan egonkortasun-printzipioa eraginkortasunez aplikatu ahal izateko xedapenak emango dituzte, beren estatutuekin bat etorriz eta artikulu honek ezarritako mugen barruan.

*2011ko irailaren 27an Espainiako Konstituzioko 135. artikulua erreformatu izanaren arabera idatzia.

136. artikulua

1. Kontuen Auzitegia da estatuaren kontu eta kudeaketa ekonomikoaren fiskalizazio-organo gorena, baita sektore publikoarena ere.

Kontuen Auzitegiak Gorte Nagusien mende dago zuzen-zuzenean, eta bere eginkizunak betetzen ditu, haien eskuordetza izanik, Estatuaren Kontu Orokorra aztertu eta egiaztatzeko orduan.

2. Estatuaren eta estatuko sektore publikoaren kontuak eman beharko zaizkio Kontuen Auzitegiari, eta horrek aztertuko ditu.

Kontuen Auzitegiak, bere jurisdikzioari kalterik egin gabe, Gorte Nagusiei igorriko die urteko txostena, eta, bertan, egoki denean, haren iritziz egin diren arau-hausteak edo erantzukizunak komunikatuko ditu.

3. Kontuen Auzitegiko kideek epaileen independentzia eta mugiezintasun bera izango dute, bai eta bateraezintasun berberak ere.

4. Lege organikoak arautuko ditu Kontuen Auzitegiaren osaera, antolaketa eta eginkizunak.

VIII. TITULUA. Estatuaren lurralde-antolaketa

LEHENENGO KAPITULUA. Printzipio orokorrak

137. artikulua

Lurraldeari dagokionez, estatua udalerri, probintzia eta sortzeko diren autonomia-erkidegoetan antolatzen da. Erakunde horiek guztiek autonomia dute beren interesak kudeatzeko.

138. artikulua

1. Estatuak bermatzen du solidaritate-printzipioa, Konstituzioaren 2. artikuluan aldarrikatua, eragingarritasunez betetzea; horretarako, Espainiako lurraldeko toki desberdinen artean oreka ekonomiko egoki eta zuzena ezar dadin begiratuko du, eta, bereziki, uharteen egoera hartuko du kontuan.

2. Autonomia-erkidegoetako estatutuen artean desberdintasunak izan arren, desberdintasun horiek ezin dezakete inoiz ere pribilegio ekonomiko edo sozialik ekar.

139. artikulua

1. Espainiar guztiek eskubide eta betebehar berberak dituzte, estatuko lurraldeko edozein tokitan.

2. Ezin du inolako agintarik neurririk hartu, baldin eta neurri horiek, zuzenean edo zeharka, oztopatzen badute Espainiako lurralde osoan gizabanakoek askatasunez zirkulatzea eta bertan ezartzea, eta ondasunek askatasunez zirkulatzea.

BIGARREN KAPITULUA. Toki Administrazioa

140. artikulua

Konstituzioak udalerrien autonomia bermatzen du. Udalerriek nortasun juridiko osoa dute. Udalerrien gobernua eta administrazioa haien udalei dagozkie, eta alkate eta zinegotziek osatzen dituzte udalok. Udalerriko biztanleek aukeratuko dituzte zinegotziak, sufragio unibertsal, berdin, aske, zuzeneko eta isilpekoaren bidez, legeak ezarritako moduan. Zinegotziek edo biztanleek eurek aukeratuko dituzte alkateak. Legeak arautuko du noiz izango den bidezkoa kontzeju irekiaren araubidea.

141. artikulua

1. Probintzia toki erakundea da, eta berezko nortasun juridikoa dauka; udal-elkartzeak eta lurralde-zatiketak mugatzen dute probintzia, estatuaren jarduerak betetzeko. Probintzia baten mugak aldatzeko, Gorte Nagusiek lege organikoaren bidez onetsi beharko dute aldaketa hori.

2. Probintzietako gobernu eta administrazio autonomoa diputazioei edo bestelako ordezkaritza-erakundeei dagokie.

3. Probintziaz bestelako udal-elkartzeak sor daitezke.

4. Artxipelagoetan, uharteek euren berezko administrazioa izango dute kabildo edo kontseiluen bidez.

142. artikulua

Kasuan kasuko erakundeei legearen arabera dagozkien eginkizunak betetzeko, toki ogasunek behar besteko baliabideak izango dituzte; eta horien hornidura nagusiak izango dira udal zergak, eta estatuko eta autonomia-erkidegoetako diru-sarreretan parte hartzea.

HIRUGARREN KAPITULUA. Autonomia-erkidegoak

143. artikulua

1. Konstituzioaren 2. artikuluak aitortzen duen autonomia-eskubidea egikaritzeko, probintziek, mugakide izanik eta historia-, kultura- eta ekonomia-ezaugarri berdintsuak edukita, uharteetako lurraldeek eta herrialde-nortasun historikoa duten probintziek beren autogobernua lor dezakete, autonomia-erkidegoak eratuz, titulu honetan eta kasuan kasuko estatutuetan agindutakoaren arabera.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 143 artikulua)

2. Autonomia-prozesuaren ekimena dagokie diputazio interesdun guztiei edo uharte arteko erakunde eskudunari, eta udalen bi herenei, baldin eta udalok, probintzia edo uharte bakoitzaren hauteskunde-erroldari begira, gehiengoa ordezkatzen badute. Betekizun horiek bete beharko dute, tokiko erakunde interesdunetatik edozeinek horren inguruan lehenengo erabakia noiz hartu eta hurrengo sei hilabeteetan.

3. Ekimenak aurrera egiten ez badu, bost urte igaro arte ezin izango da berriz aurkeztu.

144. artikulua

Gorte Nagusiek, lege organikoaren bidez, eta nazioaren intereserako, erabaki hauek har ditzakete:

a) Autonomia-erkidegoa eratzeko baimena ematea, nahiz eta erkidego horren lurralde-eremua probintzia batekoa izan eta 143. artikuluko lehenengo paragrafoan ezarritako baldintzak bete ez.

b) Probintzia-antolaketarik ez duten lurraldeentzat, autonomia-estatutuari baimena ematea edo, hala denean, erabakitzea.

c) 143. artikuluaren 2. paragrafoak aipatutako toki erakundeen ekimena ordezkatzea.

145. artikulua

1. Ez da inola ere onartuko autonomia-erkidegoen arteko federaziorik.

2. Estatutuek ezar dezakete zein kasu, betekizun eta modu bete behar den, autonomia-erkidegoek elkarrekin hitzarmenak egin ditzaten, berezko dituzten zerbitzuak kudeatu eta egiteko; estatutuek ezar dezakete, berebat, nolako izaera eta ondoreak izango dituen Gorte Nagusiei egin beharreko komunikazioak. Bestelako kasuetan, Gorte Nagusien baimena izan beharko da, autonomia-erkidegoen artean lankidetza-hitzarmenak sinatzeko.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 56 c) eta 137-139 artikuluak eta Kongresuko Araudiaren 166.2 eta 3 artikuluak)

146. artikulua

Estatutuaren proiektua biltzar batek prestatuko du; biltzar hori osatuko dute ukitutako probintzien diputazioko edo uharte arteko organoko kideek, eta probintziotan aukeratutako diputatu eta senatariek ere bai; proiektua Gorte Nagusietara bidaliko da, lege modura haren izapidetza egiteko.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 143 artikulua)

147. artikulua

1. Konstituzio honen arabera, estatutuak autonomia-erkidegoen oinarrizko erakunde-arauak izango dira, eta estatuak hala aitortu eta babestuko ditu, bere antolamendu juridikoaren osagai dira eta.

2. Autonomia-estatutuek ondokoak jaso behar dituzte:

a) Erkidegoaren izena, haren nortasun historikoaren arabera egokiena dena.

b) Erkidegoaren lurralde-mugak.

c) Berezko erakunde autonomoen izena, antolaketa eta egoitza.

d) Konstituzioak ezarri eremuaren barruan bereganaturiko eskumenak, eta eskumenok zein zerbitzu ekarri eta zerbitzu horiek eskualdatzeko oinarriak.

3. Estatutuak eraldatzeko, beraietan ezarritako prozedura bete beharko da, eta, edozein kasutan, nahitaezko gertatuko da Gorte Nagusiek lege organikoaren bidez eraldaketa onestea.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 143 artikulua)

148. artikulua

1. Honako gai hauek izan daitezke autonomia-erkidegoen eskumenekoak:

1) Beren autogobernurako erakundeak antolatzea.

2) Beren lurraldearen barruko udal-mugarteak aldatzea eta, orokorrean, Estatuaren Administrazioari toki erakundeen gain dagozkion eginkizunak betetzea, toki araubideari buruzko legeriak eginkizun horiek transferitzeko baimena ematen badu.

3) Lurralde-antolakuntza, hirigintza eta etxebizitza.

4) Autonomia-erkidegoaren intereserako herri-lanak, bere lurraldearen barruan.

5) Trenbideak eta errepideak, horien ibilbide osoa autonomia-erkidegoaren lurraldean hasi eta amaitzen denean, eta, baldintza berberekin, bide horietatik nahiz kable bidez egindako garraioa.

6) Babes-portuak, kirol-portu eta -aireportuak, eta, orokorrean, merkataritzako jarduerarik burutzen ez dutenak.

7) Nekazaritza eta abeltzaintza, ekonomiaren antolakuntza orokorraren arabera.

8) Mendiak eta baso-aprobetxamenduak.

9) Ingurumena babesteko kudeaketa.

10) Autonomia-erkidegoaren intereserako aprobetxamendu hidrauliko, ubide eta ureztatze-sailetan, proiektuak egitea, eta halakoak eraiki eta ustiatzea; orobat, metal-uretan eta ur termaletan.

11) Barne uretako arrantza, itsaskigintza, ehiza eta ibai-arrantza.

12) Barne azokak.

13) Autonomia-erkidegoaren garapen ekonomikoa sustatzea, nazioko politika ekonomikoak finkatu dituen helburuen barruan.

14) Eskulangintza.

15) Autonomia-erkidegoaren intereserako museo, biblioteka eta musika-eskolak.

16) Autonomia-erkidegoaren intereserako monumentu-ondarea.

17) Kultura, ikerkuntza eta, hala denean, autonomia-erkidegoko hizkuntzaren irakaskuntza sustatzea.

18) Autonomia-erkidegoaren lurraldearen barruan, turismoa sustatu eta antolatzea.

19) Kirola eta aisialdiaren erabilera egokia sustatzea.

20) Gizarte-laguntza.

21) Osasuna eta garbitasuna.

22) Autonomia-erkidegoaren eraikinak eta instalazioak zaindu eta babestea. Tokiko poliziei dagokienez, koordinazio-lana eta bestelako ahalmenak burutzea, lege organikoak ezarri duenaren arabera.

2. Bost urte igaro ondoren, eta estatutuak aldatuz, autonomia-erkidegoek beren eskumenak zabal ditzakete, ondoz ondo, konstituzio honen 149. artikuluak ezarritako eremuaren barruan.

149. artikulua

1. Honako gai hauek estatuaren eskumen esklusibokoak dira:

1) Konstituzio-eskubideak egikaritzean eta konstituzio-eginbeharrak betetzean, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautzea.

2) Naziotasuna, immigrazioa, emigrazioa, atzerritartasuna eta asilo-eskubidea.

3) Nazioarteko harremanak.

4) Defentsa eta Indar Armatuak.

5) Justizia Administrazioa.

6) Merkataritza-, zigor- eta espetxe-legegintza; prozesu-legegintza, arlo horretan beharrezkoak diren berezitasunei kalterik egin gabe, halako berezitasunak izan baitaitezke autonomia-erkidegoetako zuzenbide substantiboan.

7) Lan-legegintza; horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoetako organoen ardura izan daiteke lege horiek betearaztea.

8) Legegintza zibila; horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek zuzenbide zibilak, forudunak nahiz bereziak, iraunarazi, aldatu eta garatu ahal izango dituzte, halakoak direnetan. Edozein kasutan, arau juridikoen aplikazio eta eragingarritasunari buruzko erregelak, ezkontzeko formei dagozkien harreman juridiko-zibilak, erregistro eta agerkari publikoen antolakuntza, kontratuetako betebeharren oinarriak, lege-gatazkak konpontzeko arauak eta Zuzenbidearen iturburuak zehazten dituztenak, betiere, azken kasu horretan, foru-zuzenbidearen edo zuzenbide bereziaren arauak errespetatuz.

9) Jabetza intelektualari eta industria-jabetzari buruzko legegintza.

10) Aduana eta arantzelen araubidea; eta kanpo merkataritza.

11) Diru-sistema: dibisak, kanbioa eta diruak trukatzeko aukera; kredituak, bankuak eta aseguruak antolatzeko oinarriak.

12) Pisu eta neurriei buruzko legegintza; ordu ofiziala erabakitzea.

13) Jarduera ekonomikoaren plangintza orokorrari buruzko oinarriak zehaztea eta horren koordinazio orokorra egitea.

14) Ogasun Nagusia eta Estatuaren Zorra.

15) Ikerkuntza zientifiko eta teknikoa bultzatu eta koordinazio orokorra egitea.

16) Atzerrirako Osasuna. Osasunaren oinarriak eta koordinazio orokorra. Sendagaiei buruzko legegintza.

17) Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa; horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek betearaz ditzakete haren zerbitzuak.

18) Herri-administrazioen araubideari eta horien funtzionarioen estatutuari buruzko oinarriak, kontuan hartuta oinarriok beti bermatuko dutela herritar guztiek tratu bera izatea administrazio horietan; administrazio-prozedura erkidea, autonomia-erkidegoen berezko antolaketak eratortzen dituen berezitasunei kalterik egin gabe; nahitaez jabetza kentzeko legegintza; administrazio-kontratu eta -emakidei buruzko oinarrizko legegintza; eta herri-administrazio guztien erantzukizun-sistema.

19) Itsas arrantza, autonomia-erkidegoek sektore hori antolatzeko dituzten eskumenei kalterik egin gabe.

20) Merkataritzako marina eta ontziei bandera jartzea; itsasbazterretan argiak jartzea eta itsas seinaleak egitea; interes orokorreko portuak; interes orokorreko aireportuak; aireko espazioa, eta airetiko bidaiak eta garraioa kontrolatzea; metereologia-zerbitzua; eta aireontzien matrikulazioa.

21) Autonomia-erkidego bat baino gehiagoren lurraldetik dabiltzan trenbideak eta lehorreko garraioak; komunikabideen araubide orokorra; ibilgailu motordunen trafiko eta zirkulazioa; posta eta telekomunikazioak; aireko kableak, itsasazpikoak eta irrati-komunikazioa.

22) Baliabide eta aprobetxamendu hidraulikoen gaineko legegintza, antolaketa eta emakida, urek autonomia-erkidego bat baino gehiago zeharkatzen dutenean; instalazio elektrikoetarako baimena ematea, horien aprobetxamenduak beste erkidego batean eragina duenean edo energiaren garraioa haren lurralde-eremutik ateratzen denean.

23) Ingurumena babesteko oinarrizko legegintza; horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek ahalmenak izan ditzakete, babes-arau gehigarriak ezartzeko. Mendiei, baso-aprobetxamenduei eta abelbideei buruzko oinarrizko legegintza.

24) Interes orokorreko herri-lanak edo autonomia-erkidego bat baino gehiagotan eragina dutenak.

25) Mea- eta energia-araubidearen oinarriak.

26) Armak eta lehergailuak ekoitzi, saldu nahiz erosi, eduki eta erabiltzeko araubidea.

27) Prentsaren, irratiaren, telebistaren eta, orokorrean, gizarte-komunikabide guztien araubideari buruzko oinarrizko arauak; horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek ahalmenak izan ditzakete arau horiek garatu eta betearazteko.

28) Espainiaren kultura-, arte- eta monumentu-ondarea babestea, esportazio eta espoliazioen aurka; Estatuaren titulartasuneko museoak, bibliotekak eta artxiboak, autonomia-erkidegoek horiek kudeatzeko izan dezaketen ahalmenari kalterik egin gabe.

29) Herri-segurtasuna; horri kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoek poliziak sor ditzakete, kasuan kasuko estatutuek ezartzen duten bezala, eta lege organikoak xedatutako eremuaren barruan.

30) Titulu akademikoak eta lanbide-tituluak eskuratu, luzatu eta homologatzeko baldintzak arautzea, eta Konstituzioaren 27. artikulua garatzeko oinarrizko arauak ematea, botere publikoek alor horretan dituzten betebeharrak betetzen direla bermatzeko.

31) Estatu-helburuetarako estatistika.

32) Referendum bidez herri-kontsultak egiteko deialdia baimentzea.

2. Autonomia-erkidegoek bereganatu ahal dituzten eskumenei kalterik egin gabe, estatuarentzat eginbeharra eta oinarrizko aginpidea izango da kultur zerbitzua, eta autonomia-erkidegoen artean kultur harremanak erraztuko ditu, horiekin ados jarrita.

3. Konstituzio honetan beren beregi estatuari eratxiki ez zaizkion gaiak autonomia-erkidegoei egokitu ahal zaizkie, beraien estatutuen arabera. Autonomia-estatutuen bidez gai horien gaineko eskumena bereganatu ez bada, hori estatuari dagokio, eta, gatazkarik izanez gero, estatuaren arauak autonomia-erkidegoetako arauen gainetik nagusituko dira, horiei beren beregi eskumen esklusiboa eman ez zaien neurrian. Estatuaren zuzenbidea autonomia-erkidegoetako zuzenbidearen ordezkoa izango da beti.

150. artikulua

1. Estatuaren eskumeneko gaietan, Gorte Nagusiek autonomia-erkidego guztiei edo horietatik bati nahiz batzuei eman diezaiekete beren buruentzat legezko arauak emateko ahalmena, betiere estatuaren legeak finkatutako printzipio, oinarri eta gida-lerroekin bat etorriz. Auzitegien eskumenari kalterik egin gabe, lege-marko bakoitzak zehaztuko du nola kontrolatuko dituzten Gorte Nagusiek autonomia-erkidegoetako legezko arau horiek.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 56 j) artikulua)

2. Lege organikoaren bidez, estatuak autonomia-erkidegoei transferi edo eskuorde diezazkieke estatuaren titulartasunari dagozkion ahalmenak, baldin eta ahalmenok, beren izaera dela eta, transferitu edo eskuordetzeko modukoak badira. Legeak kasuan-kasuan zehaztuko du finantza-baliabideen transferentzia egokia, bai eta estatuak bere buruarentzat erreserbatzen dituen kontrolbideak ere.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 56 k) artikulua)

3. Interes orokorrak hori behar duenean, estatuak legeak eman ditzake, autonomia-erkidegoetako arau-xedapenak harmonizatzeko, beharrezkoak diren printzipioak bilduz, nahiz eta legeok autonomia-erkidegoen eskumeneko gaiak ukitu. Gorte Nagusiei dagokie, ganbera bakoitzeko erabateko gehiengoak hala onetsita, beharrizan hori atzematea.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 56 l) eta 141 eta 142 artikuluak eta Kongresuko Araudiaren 168.1 eta 2 artikuluak)

151. artikulua

1. Ez dira derrigor igaro behar Konstituzio honen 148. artikuluko 2. paragrafoan aipatzen diren bost urteak, baldin eta autonomia-prozesuaren ekimena erabakitzen badu, 143.2 artikuluko epean, diputazio edo uharte arteko erakundeez gain, probintzia bakoitzeko udalen hiru laurdenak; nahitaezkoa da hiru laurden horiek, gutxienez, probintzia bakoitzeko hauteskunde-zerrendaren gehiengoa ordezkatzea, eta, referendumaren bidez ekimena onestea, probintzia bakoitzeko hautesleen erabateko gehiengoak baiezko botoa emanik, lege organikoaren arabera.

2. Aurreko paragrafoak araututako kasuan, estatutua egiteko prozedura hurrengoa izango da:

1) Autogobernua nahi duen lurralde-eremu horrek zenbait barruti barneratzen dituela kontuan hartuta, Gobernuak deialdia egingo die barruti horietan aukeratutako diputatu eta senatariei, biltzarra egin dezaten; biltzar horren helburu bakarra izango da autonomia-estatutuaren proiektua idaztea, biltzarkideen erabateko gehiengoak erabakita.

2) Behin parlamentukideen biltzarrak estatutuaren proiektua onetsi eta gero, proiektu hori Kongresuko Konstituzio Batzordeari igorriko zaio, eta batzorde horrek, hurrengo bi hilabeteetan, aztertu egingo du, biltzar proposatzailearen ordezkari batzuen parte-hartze eta laguntzarekin, guztiok ados jarri eta testuari behin betiko idazkera emateko.

3) Adostasun hori lortuz gero, azken testuaren gainean referenduma egingo da, estatutu-proiektuaren lurralde-eremuak zein probintzia barneratu eta probintzia horietako hautesleen artean.

4) Probintzia bakoitzean baliozkotasunez emandako boto guztietatik, gehienek onesten badute estatutuaren proiektua, hori Gorte Nagusietara bidaliko da. Bi ganberetako osoko bilkurek testuaren gaineko erabakia hartuko dute berrespen-botoaren bidez. Estatutua onetsi eta gero, Erregeak sendetsi eta lege bezala aldarrikatuko du.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 143.2 artikulua)

5) Paragrafo honen bigarren atalean aipatzen den adostasuna lortzen ez bada, estatutu-proiektuaren izapideak lege-proiektu gisa egingo dira Gorte Nagusietan. Gorteek testua onetsi eta gero, testu horren gainean referenduma egingo da, estatutu-proiektuaren lurralde-eremuak zein probintzia barneratu eta probintzia horietako hautesleen artean. Probintzia bakoitzean baliozkotasunez emandako boto guztietatik, gehienek onesten badute testua, hori aurreko atalean aipatu den moduan aldarrikatuko da.

3. Aurreko paragrafoaren 4 eta 5. ataletako kasuetan, probintzia batek edo gehiagok estatutu-proiektua onesten ez badu, horrek ez du eragotziko gainerakoen artean aurreikusitako autonomia-erkidegoa eratzea, artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako lege organikoa aplikatuta.

152. artikulua

1. Estatutuak onetsi badira aurreko artikuluak aipatzen duen prozedura erabiliz, autonomia-erkidegoko erakunde-antolaketak oinarri izango du biltzar legegilea; biltzar hori sufragio unibertsalaren bidez aukeratuko da, proportziozko ordezkaritza-sistemaren arabera, eta sistema horrek ziurtatuko du lurraldeko eskualde guztiak ordezkaturik egotea. Oinarri izango du, orobat, Gobernu Kontseilua, eta kontseilu horrek betearazteko eginkizunak eta administrazio-egitekoak izango ditu. Erakunde-antolaketak oinarri izango du, bestalde, lehendakaria, biltzarrak bere kideen artean aukeratu eta Erregeak izendatua; lehendakariari dagozkio Gobernu Kontseiluaren zuzendaritza, autonomia-erkidegoaren ordezkaritza gorena eta estatuaren ordezkaritza arrunta autonomia-erkidegoan. Lehendakariak eta Gobernu Kontseiluko kideek erantzukizun politikoa izango dute biltzarrean.

Auzitegi Gorenak duen jurisdikzioari kalterik egin gabe, auzitegi nagusia antolakuntza judizialaren gailurra izango da autonomia-erkidegoko lurralde-eremuan. Autonomia-erkidegoetako estatutuek ezarriko dute erkidegoek zein kasutan eta nola parte har dezaketen euren lurraldean epai-barrutiak antolatzen direnean. Hori guztia egin beharko da, botere judizialaren lege organikoarekin bat etorriz, eta botere horren batasuna eta independentzia hautsi barik.

123. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, prozesuaren ondoz ondoko auzialdiak agortu egingo dira, hala denean, autonomia-erkidegoaren lurraldean bertan kokaturiko organo judizialetan, lurralde horretan badago lehen auzialdiko organo eskuduna.

2. Behin estatutuak sendetsi eta aldarrikatu ondoren, horiek aldarazteko, haietan ezarritako prozedurak bete beharko dira, eta referenduma egin beharko da, kasuan kasuko hauteskunde-zerrendetan jasotzen diren hautesleen artean.

3. Mugakide diren udalak elkartuz gero, estatutuek berezko lurralde-barrutiak ezar ditzakete; barrutiok nortasun juridiko osoa izango dute.

153. artikulua

Autonomia-erkidegoetako organoen jarduera kontrolatuko dute:

a) Konstituzio Auzitegiak, lege-indarreko arauen konstituziotasunari dagokionez.

b) Gobernuak, Estatu Kontseiluak txostena eman eta gero, 150. artikuluaren 2. paragrafoaren arabera eskuordetza bidez jasotako eginkizunak betetzeari dagokionez.

c) Administrazio-auzibideetarako jurisdikzioak, autonomia-erkidegoetako administrazioari eta haren erregelamenduei dagokienez.

d) Kontuen Auzitegiak, jarduera ekonomikoari eta aurrekontuei dagokienez.

154. artikulua

Gobernuak ordezkaria izendatuko du, eta ordezkari horrek estatuaren administrazioa gidatuko du autonomia-erkidegoaren lurraldean, eta, hala denean, hori koordinatuko du erkidegoaren berezko administrazioarekin.

155. artikulua

1. Autonomia-erkidegoak Konstituzioak edo bestelako legeek berari ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, edo autonomia-erkidegoaren jardunak kalte larriak eragiten badizkio Espainiaren interes orokorrari, Gobernuak agindeia egingo dio autonomia-erkidegoko lehendakariari, eta horrek agindeiari kasu egin ezean, Gobernuak beharrezko diren neurriak har ditzake, Senatuaren erabateko gehiengoak hala onetsita, autonomia-erkidegoa behartzeko nahitaez bete ditzan betebehar haiek, edo interes orokor hura babestuta gera dadin.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 56 m) eta 189 artikuluak)

2. Aurreko paragrafoan ezarri neurriak betearazteko, Gobernuak jarraibideak eman ahal dizkie autonomia-erkidegoetako agintari guztiei.

156. artikulua

1. Autonomia-erkidegoek, beren eskumenak garatu eta betearazteko, finantza-autonomia izango dute, Estatu Ogasunarekin koordinazio- eta espainiar guztien arteko elkartasun-printzipioen arabera.

2. Autonomia-erkidegoek estatuaren eskuorde edo laguntzaile moduan jardun dezakete, haren zerga-baliabideak bildu, kudeatu eta likidatzeko, legeen eta estatutuen arabera.

157. artikulua

1. Autonomia-erkidegoen diru-iturriak izango dira:

a) Estatuak osorik edo zati batez lagatako zergak, estatuaren zergen gaineko errekarguak, eta estatuaren diru-sarreretan izan beharreko beste partaidetzak.

b) Berezko zerga, tasa eta kontribuzio bereziak.

c) Lurralde arteko Konpentsazio Funtsetik egindako transferentziak, eta Estatuaren Aurrekontu Orokorraren konturako beste diru-kopuruak.

d) Beren ondareek ematen dituzten etekinak eta zuzenbide pribatuko diru-sarrerak.

e) Kreditu-eragiketen emaitzak.

2. Autonomia-erkidegoek ezin izango dute inola ere zergen inguruko neurririk ezarri, baldin eta zergok eragina badute haien lurraldetik kanpo dauden ondasunen gainean, edo xedapen horiek merkatu-gai edo zerbitzuen zirkulazio askea oztopatzen badute.

3. Lege organikoaren bidez arautu ahal izango da nola erabiliko diren lehenengo paragrafoan aipaturiko finantza-eskumenak; lege organikoaren bidez ere arauak eman ahal izango dira, sor daitezkeen gatazkak konpontzeko, eta finantza-lankidetzarako moduak ezarri ahal izango dira, estatuaren eta autonomia-erkidegoen artean.

158. artikulua

1. Estatuaren Aurrekontu Orokorretan, diru-kopuru bat ezar daiteke autonomia-erkidegoentzat, estatuaren zerbitzu eta jardueren artean autonomia-erkidegoek zenbat bereganatu dituzten kontuan hartuta; hori egiteko, bermatu behar da, Espainiako lurralde osoan, oinarrizko herri-zerbitzuen gutxieneko maila.

2. Lurraldeen arteko desoreka ekonomikoak zuzentzeko eta elkartasun-printzipioa eragingarritasunez betetzeko, Konpentsazio Funtsa eratuko da inbertsio-gastuetarako; Gorte Nagusiek funts horren baliabideak banatuko dituzte autonomia-erkidegoen artean, eta, egoki bada, probintzien artean ere bai.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 56 ñ) eta 140 artikuluak)

IX. TITULUA. Konstituzio Auzitegia

159. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiak hamabi kide ditu, Erregeak izendatuak. Horietatik lau, Kongresuak proposatuko ditu, bere kideen hiru bosteneko gehiengoarekin; beste lau, Senatuak, gehiengo berberarekin; beste bi, Gobernuak; eta beste bi, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 184-186 artikuluak)

2. Konstituzio Auzitegiko kideak magistratu, fiskal, unibertsitateko irakasle, funtzionario publiko eta abokatuen artean izendatuko dira; guztiek ere ospe handiko legelariak izan, eta hamabost urtetik gorako esperientzia ukan beharko dute beren lanbidean.

3. Konstituzio Auzitegiko kideak bederatzi urterako izendatuko dira, eta, hiru urterik behin, kideon herena aldatuko da.

4. Konstituzio Auzitegiko kide izatea bateraezina da: ordezkaritzako agintaldi guztiekin; kargu politikoekin eta administrazio-karguekin; alderdi politikoetan edo sindikatuetan zuzendaritzako eginkizunak betetzearekin, edo haien zerbitzurako lan egitearekin; epaillaritzan eta fiskaltzan aritzearekin; eta, berebat, lanbide nahiz merkataritzako edozein jarduera betetzearekin.

Horrez gain, Konstituzio Auzitegiko kideek botere judizialeko kideei dagozkien bateraezintasun berberak izango dituzte.

5. Konstituzio Auzitegiko kideak independenteak izango dira, eta, beren agintaldia betetzen duten bitartean, mugiezinak.

160. artikulua

Erregeak Konstituzio Auzitegiko kideen artean izendatuko du horren lehendakaria, auzitegiaren osoko bilkurak hala proposatuta, eta hiru urterako.

161. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiak Espainiako lurralde osoan du jurisdikzioa, eta bere eskumenekoak dira:

a) Konstituzio-aurkakotasun errekurtsoa, legeen eta lege-indarreko arau-xedapenen kontra. Lege-lerruneko arau juridiko baten inguruan, konstituzio-aurkakotasun adierazpena egiten bada, jurisprudentziak horrela interpretaturik, adierazpenak eragina du jurisprudentzia horretan, baina emaniko epaiak edo epaiek ez dute gauza epaituaren balioa galtzen.

b) Babes-errekurtsoa, konstituzio honen 53.2 artikuluan aipatutako eskubideak eta askatasunak hausteagatik, legeak ezartzen dituen kasu eta eretan.

c) Estatuaren eta autonomia-erkidegoen arteko eskumen-gatazkak eta azken horiek euren artean dituztenak.

d) Konstituzioak edo lege organikoek eratxikitzen dizkioten beste gaiak.

2. Gobernuak Konstituzio Auzitegian aurkara ditzake autonomia-erkidegoetako organoek emandako xedapenak eta ebazpenak. Aurkaratze horren ondorioz, errekurtsopeko xedapena edo ebazpena eten egingo da, baina auzitegiak, gehienez jota bost hilabeteko epean, etendura hori berretsi edo kenduko du.

162. artikulua

1. Legitimazioa dute:

a) Konstituzio-aurkakotasun errekurtsoa jartzeko, Gobernuko lehendakariak, Herri Defendatzaileak, 50 diputatuk, 50 senatarik, autonomia-erkidegoetako kide anitzeko betearazteko organoek eta, hala denean, autonomia-erkidegoetako biltzarrek.

b) Babes-errekurtsoa jartzeko, pertsona fisiko edo juridiko guztiek, baldin eta interes legitimoa dutela adierazten badute, eta Herri Defendatzaileak eta Fiskaltzak ere bai.

2. Gainerako kasuetan, lege organikoak zehaztuko du zein diren legitimazioa duten pertsona eta organoak.

163. artikulua

Edozein prozesutan, lege-lerruneko arau bat aplikatzean, arau horren baliozkotasunak epaitza baldintzatzen badu, eta organo judizialak uste badu araua Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela, Konstituzio Auzitegiari azalduko dio arazoa, legeak ezartzen dituen kasu, era eta ondoreekin; ondore horiek ez dira inoiz etengarriak izango.

164. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiaren epaiak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, boto berezi eta guzti, halakorik badago. Epaiok gauza epaituaren balioa dute, noiz argitaratu eta biharamunetik, eta ezin izango da inolako errekurtsorik jarri haien aurka. Epaiek legearen edo lege-indarreko arau baten konstituzio-aurkakotasuna adierazten badute, edo eskubide baten balioespen subjektibora mugatzen ez badira, ondoreak dituzte denen aurka.

2. Epaitzan kontrakoa xedatzen ez den bitartean, legeak indarrean iraungo du, konstituzio-aurkakotasunak ukitu ez duen zatian.

165. artikulua

Lege organikoak arautuko ditu Konstituzio Auzitegiaren jardunbidea, auzitegiko kideen estatutua, auzitegi horretan bete beharreko prozedura eta akzioak egikaritzeko baldintzak.

X. TITULUA. Konstituzioaren eraldaketa

166. artikulua

Konstituzioa eraldatzeko ekimena erabili ahal izango da, 87. artikuluaren 1 eta 2. paragrafoek ezarri moduan.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 152 eta 153 artikuluak)

167. artikulua

1. Ganbera bakoitzean hiru bosteneko gehiengoak onetsi beharko ditu Konstituzioa eraldatzeko proiektuak. Bi ganberen artean adostasunik izan ezean, adostasun hori lortzeko ahaleginak egingo ditu diputatu eta senatarien kopuru berdinez osaturiko batzordeak; batzorde horrek testu bat aurkeztuko du, eta Kongresuak eta Senatuak testu horren gaineko botazioa egingo dute.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 57, 154, 155, 156.1 eta 2 artikuluak eta Kongresuko Araudiaren 146.3 artikulua)

2. Aurreko paragrafoko prozeduraren bidez onespenik lortu ez bada, baina Senatuaren erabateko gehiengoak testuaren aldeko botoa eman badu, Kongresuak bi hereneko gehiengoarekin onetsi ahal izango du eraldaketa.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 156.3 eta 4 artikulua)

3. Behin Gorte Nagusiek eraldaketa onetsi eta gero, hori referendumaren bidez berretsi beharko da, hala eskatzen badu, eraldaketa onetsi eta hurrengo hamabost egunetan, edozein ganberatako kideen hamarrenak.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 157 artikulua)

168. artikulua

1. Konstituzioa oso-osorik berrikusteko proposamena egiten bada, edo, berrikuspena zati batekoa izanik, horrek eragina badu atariko Tituluan, I. Tituluaren bigarren kapituluko lehenengo atalean edo II. Tituluan, hasierako onarpena beharko da ganbera bakoitzeko bi hereneko gehiengoarekin, eta Gorteak berehalaxe desegingo dira.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 158 artikulua eta Kongresuko Araudiaren 147.2, 3 eta 5 artikulua)

2. Hautaturiko ganberek erabakia berretsi beharko dute, eta Konstituzioaren testu berria aztertzeari ekin beharko diote; bi ganberetako bi herenen gehiengoarekin onetsi beharko da testu berri hori.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 159 artikulua)

3. Behin Gorte Nagusiek eraldaketa onetsi eta gero, hori referendumaren bidez berretsi beharko da.

169. artikulua

Ezin izango da Konstituzioaren eraldaketa hasi, gerra dagoenean edo 116. artikuluan ezarritako egoeretatik bat gertatzen denean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa

Konstituzioak lurralde forudunetako eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu.

Foru-araubide horren eguneratze orokorra, hala denean, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen eremuan burutuko da.

Bigarrena

Konstituzio honen 12. artikuluak adin-nagusitasuna adierazten badu ere, adierazpen horrek ez die kalterik egiten, zuzenbide pribatuaren esparruan, foru-zuzenbideek babestutako egoerei.

Hirugarrena

Kanarietako Uhartediaren araubide ekonomiko eta fiskala aldatzeko, nahitaezkoa izango da aldez aurretik autonomia-erkidegoak berak edo, hala denean, behin-behineko organo autonomikoak, txostena egitea.

Laugarrena

Autonomia-erkidegoetan lurralde-audientzia bat baino gehiago izanez gero, kasuan kasuko autonomia-estatutuek bertan daudenak iraunaraz eta beraien artean eskumenak bana ditzakete, betiere botere judizialaren lege organikoarekin bat etorriz, eta botere horren batasuna eta independentzia hautsi barik.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa

Behin-behineko autonomia-araubidea duten lurraldeetan, haien kide anitzeko organo gorenek, beren kideen erabateko gehiengoarekin, ordeztu ahal dute 143. artikuluko 2. paragrafoak probintzia-diputazioei edo uharte arteko organo eskudunei ematen dien ekimena.

Bigarrena

Lurralde batzuek iraganean autonomia-estatutuen proiektuei buruz plebiszitua egin eta baiezkoa lortu zutenez gero, eta, konstituzio hau aldarrikatzean, behin-behineko autonomia-araubidea dutenez gero, berehalaxe joka dezakete 148. artikuluko 2. paragrafoan aginduriko moduan, baldin eta horixe erabakitzen badute, erabateko gehiengoarekin, autonomia aurreko kide anitzeko organo gorenek, betiere hori Gobernuari komunikatuz. Estatutuaren proiektua 151. artikuluko 2. paragrafoan ezartzen denaren arabera prestatuko da, autonomia aurreko kide anitzeko organoak horretarako deialdia eginez.
(Ikusi Senatuko Araudiaren 143 artikulua)

Hirugarrena

143. artikuluko 2. paragrafoak toki-erakundeei edo beraien kideei ekimena aitortzen die autonomia-prozesuan, baina ekimen hori, ondore guztiekin, atzeratu egiten da, behin Konstituzioa indarrean jarri eta gero, tokiko lehen hauteskundeak egin arte.

Laugarrena

1. Nafarroaren kasuan, eta berori Eusko Kontseilu Nagusian edo horren ordezko izango den euskal autonomia-araubidean sar dadin, Konstituzioaren 143. artikuluak ezartzen duena bete beharrean, foru-organo eskudunak izango du ekimena; organo horrek erabakia hartuko du, bera osatzen duten kideen gehiengoz. Ekimen hori baliozkoa izan dadin, nahitaezkoa izango da, gainera, foru-erakunde eskudunaren erabakia referendumaren bidez berrestea; horretarako beren beregi deialdia egin beharko da, eta, baliozkotasunez emandako boto guztietatik, gehienek onespena eman beharko dute.

2. Ekimenak aurrera egiten ez badu, hori ezin izango da errepikatu foru-erakunde eskudunaren agintaldi berean, beste batean baizik, eta, edozein kasutan, 143. artikuluak ezartzen duen gutxieneko epea igaro arte.

Bosgarrena

Ceuta eta Melillako hiriek autonomia-erkidegoak era ditzakete, baldin eta beraietako udalek hala erabakitzen badute kideen erabateko gehiengoarekin, eta Gorte Nagusiek horretarako baimena ematen badute, lege organikoaren bidez, 144. artikuluan ezarririkoaren arabera.

Seigarrena

Kongresuko Konstituzio Batzordeari estatutu-proiektu bat baino gehiago helarazten bazaizkio, batzordeak bere irizpena azalduko du, haiek noiz jaso eta hurrenkera horretan; eta 151. artikuluak aipatzen duen epea, bi hilabetekoa, hasiko da, batzordeak proiektuaren edo ondoz ondo helarazi zaizkion proiektuen azterketa bukatzen duenean.

Zazpigarrena

Behin-behineko autonomia-erakundeak hurrengo kasuotan desegintzat joko dira:

a) Autonomia-estatutuak konstituzio honen arabera onetsi eta estatutu horietan ezarritako organoak eratzen direnean.

b) Autonomia-prozesuaren ekimenak aurrera egiten ez duenean, 143. artikuluan aipaturiko baldintzak bete ez direlako.

c) Erakundeak, hiru urteko epean, lehenengo xedapen iragankorrak aitortzen dion eskubidea egikaritzen ez duenean.

Zortzigarrena

1. Konstituzio hau onetsi duten ganberek, behin hau indarrean jarri eta gero, bereganatuko dituzte beronek, hurrenez hurren, Kongresu eta Senatuari aitortzen dizkien eginkizunak eta eskumenak; haien agintaldia, askoz jota, 1981eko ekainaren 15ean agortuko da.

2. 99. artikuluan finkatu ondoreetarako, Konstituzioa aldarrikatzea konstituzio-kasutzat hartuko da beronen aplikaziorako. Horretarako, aldarrikatze horretatik hogei eta hamar eguneko epea irekiko da, artikulu horretan xedatutakoa aplikatzeko.

Epe horretan, oraingo gobernu-lehendakariak bereganatuko ditu Konstituzioak kargu horretarako ezartzen dituen eginkizunak eta eskumenak; lehendakariak aukeran izango du 115. artikuluak aitortzen dion ahalmena erabiltzea edo, osterantzean, dimisioa aurkeztu eta 99. artikuluan ezarritakoa aplikatzea. Azken kasu horretan, 101. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako egoera gertatuko da.

3. Desegiterik izanez gero, 115. artikuluarekin bat etorriz, eta 68. eta 69. artikuluetan agindutakoa lege bidez garatu ez bada, hauteskundeetan aurretiaz indarrean zeuden arauak aplikatu beharko dira; salbuespen gisa, hautaezintasun eta bateraezintasunei dagokienez, zuzen-zuzenean aplikatuko da Konstituzioaren 70. artikuluko 1. paragrafoaren b) letrako bigarren tartekaduran agindurikoa, eta, orobat, bertan botoa emateko adinari buruz erabakitakoa, eta 69.3 artikuluan ezarririkoa ere bai.

Bederatzigarrena

Konstituzio Auzitegiko kideak lehenengoz hautatu direnetik hiru urte igaro eta gero, zozketaz izendatuko da lau kidetako talde bat; berbera izango da horien hautaketa-jatorria eta desegin nahiz berriztatu behar direnena. Ondore horietarako bakarrik ulertuko da jatorri bereko kide gisa elkartu egin direla Gobernuaren proposamenez hautaturiko biak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak izendatutako beste biak. Modu berean jokatuko da, beste hiru urte igaro ondoren, aurreko zozketak zein taldetan eraginik izan ez eta bi talde horien artean. Ordutik aurrera, 159. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoa beteko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

1. Indarrik gabe geratzen da Eraldaketa Politikorako 1977ko urtarrilaren 4ko 1/1977 Legea. Eta, lege horrek indargabetu ez zituen neurrian, indarrik gabe geratzen dira, halaber, 1958ko maiatzaren 17ko Legea, Mugimendu Nazionalaren Oinarriei buruzkoa, 1945eko uztailaren 17ko Espainiarren Forua, 1938ko martxoaren 9ko Lan Forua, Gorteak Eratzeko 1942ko uztailaren 17ko Legea eta Estatu Buruzagitzaren Oinordetzari buruzko 1947ko uztailaren 26ko Legea. Estatuaren 1967ko uztailaren 10eko Lege Organikoak horiek guztiak aldarazi zituen, eta, horregatik, hori ere indarrik gabe geratzen da, bai eta Referendum Nazionalari buruzko 1945eko urriaren 22ko Legea ere.

2. Nolabaiteko indarra izan lezakeen neurrian, behin betiko indargabeturik geratzen da 1839ko urriaren 25eko Legea, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintziei dagokienez.

Era berean, behin betiko indargabeturik geratzen da 1876ko uztailaren 21eko Legea.

3. Indargabeturik geratzen dira, orobat, konstituzio honen aurkako xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Konstituzio hau indarrean jarriko da, Estatuko Aldizkari Ofizialean beronen testu ofiziala argitaratzen den egunean bertan. Espainiako beste hizkuntzetan ere argitaratuko da.

HORTAZ,
ESPAINIAR GUZTIEI, HERRITAR NAHIZ AGINTARI, AGINTZEN DIET HONAKO KONSTITUZIO HAU BETE ETA BETEARAZ DEZATEN, ESTATUAREN OINARRIZKO ARAUA DEN HEINEAN.
GORTEETAKO JAUREGIAN, MILA BEDERATZIEHUN ETA HIRUROGEITA HEMEZORTZIGARREN URTEKO ABENDUAREN HOGEITA ZAZPIAN.

JOAN KARLOS

 

GORTEETAKO LEHENDAKARIA

 

DIPUTATUEN KONGRESUKO LEHENDAKARIA

 

SENATUKO LEHENDAKARIA

 

Antonio Hernández Gil jauna

 

Fernando Álvarez de Miranda y Torres jauna

 

Antonio Fontán Pérez jauna