Ir al Contenido (Presione enter)

20 URRIA 2017

XII LEGEGINTZALDIA

Konstituzio-Aldiak

                                                                                                                                                                                  Azken eguneraketa 19/01/2016

 

 

Ganbera Bakarreko Parlamentua

 

Konstituzionalismoaren hasiera (1808-1823)

 

1808ko Napoleonen inbasioak bi ondorio oso garrantzitsu eragin zituen: alde batetik, Independentziaren Gerra hasi zen eta, bestetik, antzinako erregimeneko gizartearen amaiera eta konstituzionalismo liberalaren hasiera.
Inbasioak eragindako krisiak sufragio murriztu bidez aukeratutako Gorte batzuk deitzea ekarri zuen eta, ondorioz, mendeetako estamentu-eredua utzi zen. 1810etik aurrera Cadizen bildu ziren eta erreforma garrantzitsuak egin ziren; besteak beste, eta luze deliberatu ostean, 1812ko Konstituzioa.
Konstituzio berriak printzipio liberalei erantzuten zien: subiranotasun nazionala, botereen banaketa eta Gorteak Parlamentu ordezkari gisa. Gorte horiek ganbera bakarrekoak ziren, biztanleen zeharkako sufragio bidez aukeratu ziren eta funtzio legegilea bere egiten zuten erregearekin batera. Erregeak botere betearazlea mantendu zuen, baina lehen zuen botere guztia galdu zuen.
Konstituzioak oso gutxi iraun zuen. Gerra jarraitzeak eta Fernando VII.a faltatzeak ezinezko egin zuten aplikatzea. Eta, 1814an, erregea derrigortutako erbestetik itzuli zenean, berehala indargabetu egin zuen.
Hirurteko Konstituzionala (1820-1823) deritzon aldian berriro ezarri zen. Azken urte horretan, atzerriko ejertzitoaren inbasioak berriro absolutismoa ezartzea ekarri zuen eta, 1833ra arte, Fernando VII.a hil arte iraun zuen.

 

[Home]

 

 

Senatua 1834tik 1923ra

 

Konstituzionalismoa berriz hastea (1834-1868)

 

Fernando VII.a hildakoan eta kontrako jarrera handiarekin, Maria Cristina erregeordeak nolabait amore eman behar izan zuen, 1812ko konstituzionalismora itzultzea eskatzen zutenen aurrean, eta 1834ko Errege Estatutua onartu zuen, emandako konstituzio antzeko bat. Estatutu horretan, Gorte batzuk organo ordezkari gisa zehazten ziren, baina beren osaeragatik zinez kontserbatzaileak ziren. Lehen aldiz, bi ganberetan banatzen zen: Ospetsuen Estamentua edo Goi Ganbera eta Prokuradoreen Estamentua edo Behe Ganbera. Gorte horiek funtzio legegile eta aurrekontuko oso murritzak zituzten. Mugak bazituen ere Estatutuak bizitza parlamentarioa garatzen utzi zuen, baita ministro-erantzukizuna ere, hau da, koroak izendatutako ministroek bere ekintzen erantzule ziren Gorteen aurrean. Bi urte soilik iraun zuen.

 

1834KO ERREGE-ESTATUTUA. Arauak eta legealdiak

 

Isabel II.aren erregealdian, Gorte berriak deitu ziren, 1812ko Konstituzioa berrezartzeko asmoz, baina xede hori lortzea ezinezkoa zela ikusita, testu berri bat onartu zuten: 1837ko Konstituzioa. Laburragoa eta soilagoa zen eta alderdi progresistaren ideiak islatzen zituen. Adibidez, subiranotasun nazionala aitortzen zuen eta eskubideen aitorpen lotsati bat gehitu zen. Gorteak bi ganberek osatzen zituzten: Senatuak eta Diputatuen Kongresuak. Orduz geroztik, izendapen hori mantendu dute ganberek. Lehenak elementu kontserbatzailea eta aristokratikoa ordezkatzen zuen, baldintza berezi batzuk eskatzen baitziren hautagai gisa aurkeztu eta botatzeko. Kongresua, berriz, herria ordezkatzen zuen ganbera zen, estatuaren elementu oldarkorra zerbitzatzera bideratutakoa. Diputatuak hiru urterako aukeratzen ziren sufragio zuzenaren bidez. Funtzio legegilea Gorte horien eta erregearen artean banatuta zegoen. Azken horrek, botere betearazlea mantentzen zuen. Gorteek, gainera, estatuko gastuen aurrekontua onartu behar zuten urtero.

 

1837KO KONSTITUZIOA. Arauak eta legealdiak

 

1844an, Gorteen hauteskunde berriak deitu ziren, 1837koak berritzeko xedez. Baina, azken horren puntu korapilatsuak konpondu beharrean, beste bat egiteko hautua egin zen: 1845ko Konstituzioa. Azken batean, alderdi moderatuaren ideiak islatu zituen: subiranotasun nazionalaren ideiari egiten zitzaion erreferentzia kendu zen eta botere konstituziogilea koroaren eta Gorteen artean banatu zen. Oinarrizko eskubideren bat kendu zen, Senatua zentzu kontserbatzaileago batean birkonfiguratu zen eta erregeak nahi bezala osatuko zen. Kongresura sartzea ere asko murriztu zen. Erregeak eskuduntza betearazle garrantzitsuak mantendu zituen. Eta Gorteek bere botere legegilea eta aurrekontuena mantendu zituen.

 

1845EKO KONSTITUZIOA. Arauak eta legealdiak

 

1854an eta beste aldaketa politiko batean, Biurteko Progresista hasi zen (agintean zegoen alderdia). Konstituzio berri bat egin zen, 1837koaren antzeko printzipioekin, baina ez zen sortzera iritsi, indarrean sartu aurretik, beste biraketa politiko bat izan zen, oraingo honetan kontserbatzailea, eta, beraz, artxibatu egin zen. Dekretu soil bidez, 1845eko Konstituzioa ezarri zen berriz ere.

 

[Home]

 

 

XIX. Mendearen amaierako Constituzionalismoa

 

Ondorengo hamarkadetan, gobernu ezegonkorrak eta alderdi politikoen arteko liskarrak izan ziren. Horrek, 1868ko irailean, altxamendu militar bat ekarri zuen eta indarrean zegoen erregimen konstituzionala amaitu eta iraultza politiko eta sozialari hasiera eman zion.
Isabel II.a erbestera joan ostean, behin-behineko gobernua eratu zen Gorte konstituziogileak osatzeko hauteskundeak deitu ziren berehala. Lehen aldiz, gizonen sufragio unibertsaleko hauteskundeak izan ziren.
Ondorioz, 1868ko Konstituzioa osatu zen, ideia progresista eta demokratikoaren isla: subiranotasun nazionalaren kontzeptua itzuli zen eta, ondorioz, erakunde ordezkatzaileak indartzen zituen, eta anbizio handiko eskubide-aitorpena barne hartu zuen, besteak beste, gurtzarako askatasuna aintzat hartzen zen lehen aldiz. Bi ganberatako Gorteak mantendu ziren: Senatua herriak hautatzen zuen, nahiz eta konpromisario eta gutxieneko baldintza batzuk betetzen zituzten pertsonek osatzen zuten. Bestalde, Kongresua sufragio unibertsal bidez aukeratu zen. Bestalde, nahiz eta erregeak bere eskumenak mantendu, berariaz ministroen erantzukizuna aitortzen zen Gorteen aurrean. Zehazki, bi Ganberei interpelatzeko eskubidea eta Gobernu osoa edo ministro jakin batzuk zentsuratzeko eskubidea ematen zitzaien.
Erregimen berriak aurre egin beharreko erabakietako bat erregea hautatzea izan zen. 1870ean aukeratu zuten, Savoiako Amadeo.

 

1869KO KONSTITUZIOA. ARAUAK ETA LEGEALDIAK

 

Borroka politikoko egoera batean, erregeak koroari uko egin behar izan zion 1873an eta, ondorioz, Gorteek Errepublika ezarri behar izan zuten. Orduan, beste konstituzio-proiektu bat egin zen. Forma errepublikanoa emateaz gain, estatu federala konfiguratu behar izan zen. Egoera hori –urte bete eskasean lau presidente izan ziren- 1874. urte hasierako golpe militar batekin amaitu zen, Errepublika abolitu eta Alfonso XII.a aldarrikatu zen errege gisa.
Une horretan, aldi kontserbadorea hasi zen, Cánovas del Castillo-ren gidaritza politikoarekin. Sufragio unibertsal bidez aukeratutako Gorte konstituziogileak deitu ostean, 1876ko Konstituzioa onartu zen eta 1923ra arten egon zen indarrean. Testu labur bat zen, kutsu kontserbadorekoa eta botere konstituziogilea erregearen eta nazioaren artean banatzen zen beste behin ere. Eskubideen aitorpena mantendu zen, baina 1869ko Konstituziokoa baino murritzagoa zen. Senatuak profil aristokratikoa izatera itzuli zen: eskubide propiokoak, erregeak izendatutakoak eta estatuaren korporazioek aukeratutako senatariak zeuden. Bestalde, Kongresuaren hautaketa legeak zehaztutakoari lotzen zitzaion. Eta, ondorioz, 1890era arte hautaketa mugatua izan zen eta, ordutik aurrera, gizonezkoen sufragio unibertsalaren bitartezkoa.

 

1876KO KONSTITUZIOA. Arauak eta legealdiak

 

[Home]

 

 

1923-1977. Senaturik eza

 

XX. Mendeko krisia

 

1876ko Konstituzioaren indarraldian, boterea bi alderdi nagusien artean txandakatu zen, kontserbadoreak eta liberalak, eta ondorioz, egonkortasun ona eman zion sistemari. Bestalde, mende amaierako arazo politiko eta sozial larriek eta sufragioa manipulatzeak eta faltsutzeak sistemari sinesgarritasuna kenduz joan ziren. XX. mendearen hasieratik krisia areagotzen joan zen. Adierazpen nagusienak 1909an, aste tragikoarekin, eta 1917an, greba orokorrarekin, izan zituen. 1923an, beste estatu-kolpe batek amaiera jarri zion eta Primo de Rivera jeneralaren diktadura ezarri zen, 1930era arte.

 

[Home]

 

 

Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila (1931-1936)

 

1931ko apirilean egindako tokiko hauteskunde batzuk, monarkiaren eta indarrean dagoen sistemaren aurkako plebiszitu antzeko zerbait izan zen. Errepublika aldarrikatuta, Gorte konstituziogileak aukeratzeko hauteskundeak deitu ziren. Gorte horiek beste Konstituzio bat onartu zuten, aurrekoetatik oso desberdina. Printzipio hauek zituen: lehenik, estatua errepublika eta demokratikoa zela zioen eta botere guztiak herritik zetozela; bigarrenik, laizismoa, estatua eta eliza bereizten ziren; hirugarrenik, estatu osoa, politika deszentralizatua eta, ondorioz, bere baitan, autonomia-eskualdeak eratu zitezkeen, eta, azkenik, oinarrizko eskubide sozioekonomikoak aitortzen zituen. Organoei dagokienez, Gorte bakarra edo ganbera bakarreko Parlamentua ezarri zen, Errepublikako presidente eta presidente bakarreko Gobernua batekin, Parlamentuaren konfiantzaren menpekoa. Hiru hauteskunde demokratiko egin ziren, baina polarizazio handiko giro batean.
Bigarren Errepublika 1936ko estatu-kolpearen biktima izan zen eta, laster, ia hiru urte iraun zuen gerra zibil bihurtu zen.

 

[Home]

 

 

Frankismoa

 

Gerra zibila amaitutakoan, Franco jeneralaren diktadura pertsonala ezarri zen eta 1975era arte iraun zuen, bere heriotzara arte. Oinarrizko Legeak zeritzenen bidez instituzionalizatuta zegoen, eta lege horien egitura organiko guztia Francoren inguruan biratzen zen. Agintari gorena zen eta jainkoaren eta historiaren aurreko erantzule izendatu zuen bere burua.
Erakundeek (Gorteak, Erreinuko Kontseiluak...) pisu oso txikia zuten. Bestalde, askatasunak, batez ere, politikoak, aitortu gabe zeuden edo aitortuta bazeuden erregimenaren printzipioen menpekoak ziren. Zehazki, alderdi politikoak debekatuta zeuden. Benetako Parlamenturik ere ez zegoen, Gorte organikoek eredu korporatibo autoritario bati erantzuten baitzioten eta frankismoaren hainbat sektorek dominatuta zeuden.
Lurralde-ikuspegian, zentralismo zorrotza gailendu zen.

 

[Home]

 

 

Demokraziarako trantsizioa

 

1975ean Franco jenerala hildakoan, beste sistema politiko bat ezartzeko gizarte-eskari oso zabala zegoen Espainian. Mendebaldean zegoen antzeko demokrazia eskatzen zen, eskubideak eta betebeharrak aitortzen zituena, Europan txertatuko zena eta politikoki deszentralizatua. Horrek demokraziarako trantsizioaren deia bultzatu zuen.
Trantsizio hori bakean eta legez egin zen, lege frankista errespetatuz. Baina, egiteko moduari buruz, haustura egon zen. Ez zen aurreko sistemaren erreforma egin, baizik eta kontrako ezaugarrizkoa ezarri zen. Ondorioz, prozesua mantsoa eta konplikatua izan zen, aldi berean krisi ekonomikoa eta terrorismoaren oldarraldiari aurre egin behar izan baitzitzaion.
Juan Carlos I.a erregea izan da aldaketaren bultzatzaileetako bat. 1976ko uztailean, Adolfo Suárez izendatu zuen Gobernuko presidente. Suárezek azken Gorte frankistek 1976ko abenduan erreferendum bidez berretsitako politika erreformatzeko legea onartzea lortu zuen. Lege horren ondorioz, sistema frankista behin betiko desagertu zen eta, denbora luzean, lehen hauteskundeak deitu ziren. Hauteskunde horiek 1977ko ekainean egin ziren, eta bertatik Diputatuen Kongresua eta Senatua irten ziren. Bi Ganberek, berehala, itxura berriko Konstituzio bat egitea erabaki zuten.
1977ko uztailean hasi ziren konstituzioa eraikitzeko lanetan, Kongresuan hainbat alderdiren ponentzia eraikita, proiektu bat idazteko arduraduna berori baitzen. Lehenik aipatu Ganberan eztabaidatu eta onartu zen; gero Senatura pasa zen, eta bertan gauza asko aldatu ziren. Azkenik diputatuek eta senatariek osatutako Batzorde Mistoak testu batu bat aurkeztu zuen eta bi Ganberetan aurkeztu zen, behin betiko onar zezaten. Halaxe gertatu zen, eta ez zuen ia kontrako botorik izan. 1978ko abenduaren 6an erreferenduma egin zen eta, horrela, 1978 Konstituzioa gehiengo zabalarekin onartu zen.

 

[Home]

 

 

Informazio gehiago:
Funtsezko gaiak