Terminoen hiztegia

 

 

 

 

 

 

 

Azken eguneraketa 02/07/2020

   

Abstentzioa.

Botaketa batean adierazitako nahiaren aitorpena. Parlamentarioak, gaiaz arduratzeari utzi gabe, ez alde eta ez kontra botatzea erabakitzen du.

Adin mahaia.

Senatuaren eratze bilkura ireki ondoren eta behin betiko mahaia eratu arte sortzen den aldi baterako organoa da. Hasierako izapideak ebazteko eginkizuna du bakarrik. Presidentea bertaratuen arteko adin nagusieneko senataria izango da eta idazkari gisa jardungo dute lau senatari gazteenek.

Adiskidetasun-taldeak.

Aldebiko foro parlamentarioa, Espainia eta garrantzia bereziko loturak dituen herrialdeen arteko nazioarteko harremanak bultzatu eta garatzeko. Ganberako mahaiak adosten du sorrera.

Agintaldi inperatiboa.

Ordezkaritza politikoaren eredua. Batzarreko kideak ez ditu bere funtzioak independenteki gauzatzen, hautatzaileak emandako agindu zuzenak beteko ditu, erakundea ala pertsona izan. Espainiako Konstituzioak debekatu egiten du, 67.2. artikuluan berariaz adierazten duenean, Gorte Nagusietako kideak ez daudela agintaldi inperatiboarekin lotuta.

Aipamenak.

Saioko presidenteak parlamentario bati parte hartzeko ematen dion txanda, eztabaidan hizlarietako batek parlamentario horren pertsonari edo egindako ekintzei buruzko iritziak adierazten dituenean.

Akta.

Ganberako organo batek bilera izan duela jasota geratzen den idatzi formala. Partaideak eta lortutako akordioak ere adierazten dira.

Aldi baterako langileak.

Laguntza zuzena eta konfiantzazkoa eman behar die mahaiko kideei, parlamentario batzuei eta talde parlamentariei. Aldi baterako langileak ganberako presidenteak nahieran izendatu eta bereiziko ditu, bere zerbitzua eskainiko duen organoaren titularrak proposatu ostean. Dena den, zerbitzua ematen duen organo titularrak kargua utzitakoan automatikoki utziko du hark ere.

Arrazoitutako mezua.

Senatuak prozedura legegilea amaitutakoan Diputatuen Kongresuari bidaltzen dion dokumentua da. Horrela, ganbera hark bidali zizkion betoa edo zuzenketak onartu dituen jakinarazten dio Kongresuari, aipatu akordio horien arrazoiak azalduz.

Araudiaren interpretazioa.

Ganberako presidentearen ahalmena da, zalantza kasuan, Ganberaren araudiak xedatzen duena argitzeko boterea ematen diona.

Araudiaren ordezkapena.

Ganberako presidentearen gaitasuna da eta Ganberako araudian zehaztutakoan hutsunerik izatekotan, horiek betetzeko ahalmena ematen dio. Senatuan, araudi batzordearen mahaiak xedatutakoaren arabera burutzen da..

Argitalpen ofizialak.

Arlo parlamentarioan argitalpen ofizialak dira Gorte Nagusietako Aldizkari Ofiziala (BOCG gaztelaniaz), aldi berean hiru atal dituena (Gorte Nagusiak, Diputatuen Kongresua eta Senatua), eta Saioen Egunerokoak. Argitalpen ofizialen bilduma osoa webgunean aurki daiteke. (Ikus “Gorte Nagusietako Aldizkari Ofiziala eta “Saioen Egunerokoa”).

Arreta deitzea.

Ganberako presidentearen eskumena da eta eztabaidetan ordena mantendu eta parlamentario batek, ganberaren ohorearengatik edo bertako kideengatik, estatuko erakundeengatik edo beste edozein pertsona edo erakunderengatik hitz iraingarriak esaten dituenean edo eztabaida etenaz edo beste edozein modutan eztabaidak asaldatzen direnean, eztabaidak zuzendu ditzake. Saio berean parlamentarioari hiru aldiz arreta deitu eta gero, presidenteak saio horretan egotea debeka diezaioke eta hurrengo saiora etortzea ere debeka diezaioke.

Berriro gauza bera egin edo saio-aretoa uztera ukatuz gero, zigor larriagoak har daitezke, eta hilabetez parlamentuko funtzioak gauzatzera debekatzera irits daiteke.

Atxikitako langileak.

Estatuko administrazio orokorreko gorputzeko langileak dira eta ganberan segurtasun-funtzioak eta Gorte Nagusietako funtzionarioen gorputzeko estatutuetan esleitu gabeko lanak egitera bideratuta dago. Jatorrian edozein gorputzekoa izanik ere, xede orotarako Ganberako presidentearen eta idazkari nagusiaren menpekoa egongo dira.

Atzerriko harremanen zuzendaritza.

Ganberako idazkaritza nagusiaren unitatea, nazioarteko gaiak eta ganberaren parlamentu arteko lankidetza prestatu, antolatu eta kudeatzen ditu.

Aukeratuezintasuna.

Pertsona batek, dituen kargu eta funtzioengatik, hauteskunde orokorretan hautagai gisa aurkeztu ezin duen egoera. Hauteskunde-legeak zehazten ditu aukeratuezintasun-arrazoiak eta orokorrak, hauteskunde guztientzat, edo zehatzak, hauteskunde jakin batzuetarako, izan daitezke; gainera, hauteskundeak egiten diren lurralde guztietarakoak izan daitezke edo barruti batzuetara mugatutakoak.

Oro har, ezin dira aukeratu, adibidez, errege-familiako kideak, Auzitegi Konstituzionaleko kideak edo Indar Armatuetako kideak.

Aurkako txanda.

Eztabaidako txanda bat da, non parte hartzailea eztabaidatzen ari den ekimenaren edo testuaren aurka agertzen den, hau da, ekimena edo testua errefusatzea defendatzen du.

Aurrekontu- eta kontratazio-zuzendaritza.

Ganberako idazkaritza nagusiaren unitatea da eta ganberako kontratazioarekin, higiezinen ondarearekin eta ondare artistikoarekin, aurrekontuekin eta kontabilitatearekin lotutako gaiei buruz aholkatu eta kudeatzen ditu.

Autonomia-erkidegoen arteko hitzarmenak.

Autonomia-erkidegoen arteko akordioak lankidetza-tresna autonomikoak dira. Gorte Nagusiek aztertzen dituzte. Autonomia-erkidegoek euren artean euren arteko zerbitzuak kudeatzeko eta emateko egiten dituzten hitzarmenak badira, Gorte Nagusiei jakinarazi behar zaizkie, ganberek horien berri izan dezaten. Gainerakoan, lankidetza-akordioek Gorte Nagusien baimena beharko dute.

Autonomia-erkidegoen batzorde nagusia.

Senatuaren batzorde berezia da, gainerako ganberako batzordeek dituzten senatari kopuruen bikoitza duelako eta autonomia-erkidegoetako presidenteek parte hartu dezaketelako. Azken horiek, ahotsa izango dute, baina ez botorik. Autonomien egoerari buruzko eztabaidak egiten dira.

Autonomia erkidegoetako hizkuntza koofizialen erabilera.

Senatuaren araudiak hizkuntza koofizialen erabilera arautzen du Ganberan. Gaztelaniaz gain, zenbait eztabaida eta argitalpenetan, autonomia erkidegoetako autonomia estatutuek aintzatetsitako hizkuntza koofizialak ere erabil daitezke. Hori gertatzen da, esaterako, Senatuko presidenteak Ganberaren osoko bilkuraren aurrean burutzen duen lehen mintzaldian; autonomia erkidegoen batzorde nagusiko saioetan burutzen diren mintzaldietan; mozioak eztabaidatzeko osoko bilkuran burutzen diren mintzaldietan; ekimenen argitalpenean, gaztelaniaz gain beste edozein hizkuntza ofizialetan ere aurkeztu badira; senatariek Ganberako erregistroan aurkeztutako idazkietan eta herritar eta instituzioek Senatuari zuzentzen dizkioten idazkietan.

Autonomien egoerari buruzko eztabaida.

Senatuko autonomia-erkidegoen batzorde orokorrean egiten den eztabaida. Araudian urtean behin egitea aurreikusten du. Gobernuko presidenteak, autonomia-erkidegoetako eta autonomia-estatutu duten hirietako presidenteek eta batzorde orokorreko kideek esku hartzen dute eta estatuaren egoera aztertzen dute lurraldeko ikuspegitik.

Autonomia parlamentarioa.

Espainiako Konstituzioak 72.1. artikuluan ganberei aitortutako gaitasuna, euren kasa erabaki ditzaten funtzionamendu-arauak (arau-autonomia), finantziazioa eta aurrekontuak (finantza-autonomia), organo zuzentzaileak eta administrazio-aparatua (antolaketa- eta funtzionamendu-autonomia).

Azpiegitura-tekniken zuzendaritza.

Ganberako idazkaritza nagusiaren unitatea da eta ganberaren eraikinak eta instalazioak aholkatu eta kudeatzen ditu.

Azterketen zuzendaritza.

Ganberako idazkaritza nagusiaren unitatea da eta jarduera konstituzionalarekin eta parlamentarioarekin, edota Europar Batasunarekin, lotutako azterketak eta analisiak egiten ditu.

Aztertzeko ponentziak.

Batzordearen baitan sortutako organo funtzionala da, parlamentario talde txiki batez osatua, gai jakin bat aztertzeko xedez. Txosten bat edo batzordeari dagokion proposamena gauzatuta amaitzen dira bere lanak. Ondoren, desegin egiten dira.

Baiespena.

Organo parlamentarioetan akordioak hartzeko forma da. Dagokion organoaren presidenteak akordioaren berri ematen du eta adierazpen horrek ez du bertan dauden parlamentariek ez dute oztoporik edo aurkaritzarik erakusten.

Baiezko bidezko bozketa.

Prozedura honen arabera, saioaren presidenteak proposamena azaldu ondoren, proposamena onartutzat emango da bertaratutako parlamentariek aurkaratzen ez badute.

Banku urdina.

Presidenteak eta gainerako gobernukideek Senatuko edo Diputatuen Kongresuko osoko bilkuren aretoan okupatzen dituzten eserlekuen lerroa.

Bateraezintasunak.

Hauteskunde-legean zehaztutako erregimena eta parlamentarioei aplika dakiekeena, beren funtzioak gauzatzerakoan independenteak direla bermatzeko. Hori dela-eta, zenbait lanbide edo kargu publikok ezin dute aldi berean parlamentuko karguarekin batera bete. Beraz, kargua hartzerakoan, jardueren aitorpena egin behar dute parlamentarioek eta bateraezintasunen ardura duen batzordeak irizpena eman beharko du.

Bateraezintasunen bat dagoela ikusiz gero, kaltetuak aulkiaren eta bateraezintasuna zehazten duten baldintza edo postuaren artean aukeratu beharko du. Era berean, senatariek legealdian zehar bere egoeran izandako edozein aldaeraren berri emateko betebeharra dute.

Batzorde bati delegatutako eskumenaren legegintza prozedura.

Ganberaren osoko bilkurak legeari eman beharreko amaierako onarpena kentzea dakarren legegintza prozedura berezia. Konstituzioaren 75.3 artikuluaren arabera, ezin da gai jakinetarako erabili.

Senatuan, prozedura hau erabiltzeko erabakia osoko bilkurak hartzen du. Batzordean beto proposamen bat onartzen bada, osoko bilkurak berretsi edo ukatu beharko du .

Batzorde berezia.

Batzorde ez-legegile eta behin-behinekoa. Interes publikoa duen gai bat aztertu asmoz sortzen da. Normalean, helburu jakina izaten du, epe jakin batean garatzen ditu bere lanak eta txosten bat idatziz amaitzen du bere lana. Senatuan, osoko bilkurak onartu behar du halako batzorde bat osatzea, aurrez gobernuak edo talde parlamentario bereko hogeita bost senatarik eskatuta.

Batzorde iraunkor ez-legegilea.

Legegintzaldi osorako osatutako batzordea da eta ez du ganberaren funtzio legegilean esku hartzen. Besteak beste gai hauetaz arduratzen da: parlamentarioen estatutua, ganberaren araudia edo, eskaera-eskubidea baliatuz, herritarrek egindako eskaera izapidetzea.

Batzorde iraunkor legegilea.

Legegintzaldi osoa irauteko sortutako batzordea da eta, beste funtzio batzuen artean, lege-ekimenak izapidetzen ditu. Normalean, gobernuko ministerio bakoitzak batzorde iraunkor legegile bat du.

Batzorde mistoa.

Diputatuek eta senatariek osatutako batzordea. Bi ganberen artean lankidetzan aritzeko organo gisa eratzea adosten diren organoez gainera, Espainiako Konstituzioak 74.2. artikuluan halako batzordeak sortzea aurreikusten du Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren artean sor daitezkeen zenbait gatazka ebazteko. 167. artikuluan, berriz, Konstituzioaren ohiko erreformetan sortutako aldeak ebazteko.

Batzordeen mahaia.

Beste modu batera adostu ezean, organo honek presidente bat, bi presidenteorde eta bi idazkari izango ditu. Hauen hautaketa organoaren lehen bileran burutzen da, Ganberako mahaia hautatzeko arau berdinei jarraituta.

Batzordea.

Parlamentuko órgano funtzionala da; ganberako kide gutxi batzuek bere taldeak ganberan duen pisuaren araberako proportzioan osatzen dute. Gai zehatz batzuk tratatzeko eskumena du. Batzuetan, osoko bilkuraren jarduera prestatzeko organo gisa jarduten du eta, beste batzuetan, eskumen propioak dituen ganbera gisa. Batzorde mota asko daude: iraunkorrak (legegileak eta ez-legegileak); ikerketakoak; bereziak eta batzorde mistoak (Diputatuen Kongresua-Senatua).

Batzordeen eskumen nabarmenenak hauek dira: lege-testuen irizpena ematea, gobernuko kideekin, agintariekin, funtzionarioekin eta gainerako jende garrantzitsuarekin informazio-saioak egin eta ahozko galderak eta mozioak izapidetu.

Batzordearen ahozko galdera.

Batzordean ahoz erantzuteko galderek osoko bilkurako galderen baldintza berak dituzte, nahiz eta ez dagoen egiteko eperik. Senatuan, ganberaren mahaiak kalifikatu eta argitaratu zenetik zazpi egun igaro eta gero, batzordearen gai-zerrendak sartzeko moduan daude. Plenoan erantzuteko baino denbora gehiagoan izaten da hitza. Ministroak eta estatuko idazkariak soilik erantzun ditzakete galdera mota hauek.

Batzordearen lehendakaritza.

Batzordeak mahaiko kideen artean aukeratzen dirua eta organo hori izango da berorien organo zuzentzailea. Batzorde bakoitzak presidentea, bi presidenteorde eta bi idazkari izango ditu. Batzordearen presidenteak funtzio hauek betetzen ditu, besteak beste, batzordean: batzordearen saioak deitu, gai-ordena zehaztu, mahaiari entzun, saioak zuzendu eta eztabaidak zuzendu.

Batzordeen zuzendaritza.

Ganberako idazkaritza nagusiaren unitatea, Ganberako batzordeen eskumenen esparruko gaien gaineko prestaketa, aholkularitza, laguntza, arreta eta egikaritzea burutzeko ardura duena.

Berdinketa.

Botaketa batean aldeko eta kontrako boto kopuru bera lortzea.

Senatuan, berdinketak ebazteko modua botaketa egin den organoaren araberakoa izango da. Plenoan egin bada, bigarren aldiz botatuko da. Berdinketa errepikatzen bada, hirugarren aldiz botatuko da eta, hala ere berdinketak jarraitzen badu, testua, txostena, artikulua, proposamena edo gaia baztertu egingo da. Batzordeetako botaketetan, Plenoko arau berak aplikatuko dira, kide guztiak dauden kasuetan izan ezik. Izan ere, kasu horretan ez dela berdinketarik egon ulertuko baita. Talde parlamentario bakoitzak Plenoan duen boto kopurua haztatuta bukatuko baita botoen berdinketa. Kasu horretan, batzordeko kide guztiak talde parlamentario bateko kide izango balira bezala izango da.

Betoa.

Diputatuen Kongresuak izapidetu duen eta senatarien gehiengo osoa behar duen lege proiektua edo lege proposamena senatuak errefusatzea. Beto hori gainditzeko, Diputatuen Kongresuak gehiengo oso batekin berretsi beharko du ere hasiera batean bideratutako testua, edo gehiengo soil bidez testua aurkeztu zenetik bi hilabete igaro badira.

Bidaia ofiziala.

Parlamentari batek, parlamentuko delegazio batek edo Ganberako organo batek burututako desplazamendua ekitaldi eta bilera ofizialetan parte hartu ahal izateko, bai estatu mailan zein nazioarteko topaketetan ere.

Bilera aretoa.

Parlamentuko bilerak burutzeko erabiltzen den espazio fisikoa. Areto terminoa erabiltzen da osoko bilkura hartzen duen parlamentuko egoitzaren gela nagusia izendatzeko eta, modu horretan, batzordeen eta txostenen bileretarako erabiltzen diren gela txikiagoetatik desberdintzeko.

Bilkura berezia.

Konstituzioak bilkura bereziak burutzea ahalbidetzen du, Ganberak urtero biltzen dituzten bi bilkura aldi arruntetatik kanpo: lehena, irailetik abendura bitartean eta, bigarrena, otsailetik ekainera bitartean. Bilkura hauek berehala izapidetu beharreko gaietarako pentsatuak daude, izapidetzeak hurrengo bilkura aldia hasi arte itxaron ezin badu. Gai zerrenda jakin baten gainean burutu behar da deialdia eta, gai zerrenda amaituta, bilkura itxi egingo da.

Senatua bilkura berezian bildu ahalko da Gobernuak, Diputazio Iraunkorrak edo senatarien gehiengo osoak hala eskatuta.

Bilkuren aldiak.

Ganberak ohiko epeetan bil daitezkeen uneak finkatzen duen denbora-markoa. Espainiako Konstituzioak zehazten duenez, ganberak urtero bilduko dira saioen bi aldi arruntekin: Lehena, irailetik abendura eta, bigarrena, otsailetik ekainera. Alabaina, ohikoa da ganberak epe horietatik kanpora ere biltzea ohiz kanpoko saioetan.

Bilkuren egunerokoa.

Plenoaren, Diputazio Iraunkorraren eta batzordeen bilkuren transkripzioak biltzen diren argitalpen ofiziala da. Hizlarien parte-hartzeak erreproduzitzen ditu eta idatzi jasota geratzen dira izandako gertakariak eta botaketen emaitzak, halakorik izanez gero.

Bisita ofiziala.

Beste herrialde batzuetako parlamentariek, delegazioek edo agintariek Ganberara burututako bisita, ekitaldi eta bisita publiko eta ofizialen esparruan.

Bortxaezintasuna.

Parlamentarioek duten pribilegioa da eta, horri esker, parlamentuko bilkura batean egindako idatzizko eta ahozko adierazpenen erantzukizunik ez dute, ezta parte hartzen duten erabaki parlamentarioetan eman dezaketen botoena ere.

Botoa .

Parlamentariek duten euren borondatea adierazteko eskubidea, Ganberan edo kide diren batzordean bozkatzen den edozein gairen inguruan. Baiezkoa edo ezezkoa izan daiteke, eta abstentzioa ere hauta dezakete. Eskuordetu ezin den eskubide pertsonala da.

Boto haztatua.

Bozketa batean, parlamentari batek, normalean parlamentuko taldearen bozeramailea izaten dena, talde horrek dituen jarleku bezainbeste boto ematea.

Boto partikularra.

Batzorde batean defendatu diren baina batzordeak onartutako irizpenean barne hartu ez diren lege proiektu edo proposamen baten zuzenketak osoko bilkuran defendatzeko asmoa dutela adierazteko Parlamentariek edo parlamentuko taldeek burutzen duten proposamena.

Bozeramaileen batzordea.

Ganberako presidenteak eta talde parlamentarioen bozeramaleek osatutako organoa. Bileretara, bozeramaleez gain, gobernuko ordezkari bat ere joan daiteke.

Senatuan, bozeramaleen batzordea entzun beharko da osoko bilkuren gai-zerrenda finkatzeko. Zerrenda hori, presidenteak zehaztuko du, mahaiaren adostasunarekin; hainbat ekimen parlamentario eta ganberaren barne-antolaketarekin lotutako gaiak entzuten dira eta ebaztea, normalean, mahaiari edo presidentetzari dagokio. Gainera, errealitatean, ganberaren funtzionamenduarekin eta jarduerarekin lotutako edozein alderi buruzko iradokizunak eta behaketak egiten dituzten foro bat osatzen du, Senatuko presidentearen agintaritzapean.

Bozeramaileen txanda.

Parlamentuko taldeen bozeramaileek erabiltzen duten mintzaldia eztabaidatzen ari diren ekimenaren inguruko jarrera agertzeko.

Bozeramalea.

Talde parlamentarioak izendatutako pertsona da, ganberatako organoek ordezkatzeko. Talde parlamentarioen bozeramalean bozeramaleen batzordean biltzen dira.

Bozketa.

Kide anitzeko organoek erabakiak hartzeko erabiltzen duten prozedura. Parlamentuaren kasuan, eztabaida organoa den heinean, aurretik, bozkatuko den gaiaren inguruko eztabaida bat burutu ohi da. Hainbat bozketa sistema daude: baiezko bidez, arrunta, izenezkoa, publikoa edo ezkutua izan daitekeena, eta ezkutua bada, txartel bidezkoa edo bola beltz eta zuri bidezkoa.

Deialdia.

Organo kolegiatuko kideei zuzendutako deia. Derrigorrezkoa da akordioak behar bezala hartzeko biltzeko. Gorte Nagusien kasuan, Konstituzioaren 67.3. artikuluak zehazten duenez, deialdirik gabe egiten diren bilera parlamentarioak ez dituzten ganberak lotetsiko eta ezingo dituzte euren funtzioak gauzatu ezta euren pribilegioz gozatu ere.

Era berean, Konstituzioaren 79.1. artikuluan, zehazten da Diputatuen Kongresuak eta Senatuak arauak dioen moduan bildu beharko dutela akordioak hartzeko; beraz, aldez aurretik deitzea derrigorrezkoa izango da.

Desegitea.

Gehienetan, gobernuko presidenteak Dekretu bidez hartutako erabakia da, ministroen batzordeak aurrez eztabaidatu ostean, eta diputatuen, senatarien edota bien agintearen amaiera izan ohi da eta hauteskundea deitu ohi dira horren ostean. Desegindakoan, Diputazio Iraunkorra jartzen da martxan. Konstituzioa ohiz kanpo erreformatuko balitz (168. artikulua) edo inbestidura-prozesuak kale egingo balu, desegite automatikoa dago. (Ikus "Diputazio Iraunkorra").

Diplomazia parlamentarioa.

Parlamentuek nazioartean garatutako jarduera, gobernuek bultzatutako kanpo-politika osatzeko xedez.

Diputatuen Kongresua.

350 diputatuk osatzen duten Gorte Nagusien Ganbera. Guztiak sufragio unibertsal, libre, berdin, zuzen eta isilpekoaren bidez hautatzen dira, legeak zehaztutako baldintzetan. Espainiako herria ordezkatzen du eta funtzio legegileak, kontrol politikoarenak eta organo konstituzionaletako kideak izendatzekoak ditu, besteak beste.

Diputazio Iraunkorra.

Aparteko saioak deitzeko eta, bilduta ez dagoenean, agintaldia amaitu duenean edo desegin denean eta ganbera berria osatu arte, ganberaren botereak zaintzen dituen organoa da. Ganberako presidentea du buru eta talde parlamentarioek duten garrantzia numerikoaren arabera hautatutako hogeita bat parlamentariok osatzen dute, gutxienez. Legegintzaldiaren hasieran osatzen da.

Diru-kopuru konstituzionala.

Euren funtzioak betetzeagatik parlamentarioek jasotzen duten ordainketetako bat. Ganberaren aurrekontuetan jasotzen dira idatziz.

Diziplina parlamentarioa.

Ganberako presidenteak aplikatutako neurriak dira, eztabaidan eta bilera-aretoetan ordena mantentzeko xedez. Horretarako, presidenteak, jardueraren larritasunaren arabera, ordena edo gaia mantentzeko deitu, bilera batera etortzea debekatu edota funtzio parlamentarioa moztu dezake, hori guztiak Ganberako araudian aurreikusitako baldintzetan.

Dokumentazio-zuzendaritza.

Ganberako idazkaritza nagusiaren unitatea da eta ganberako jarduerarekin lotutako dokumentazio-lanak egiten ditu.

Duplika.

Erreplikari erantzuteko den parte-hartzeko txanda. Normalean, galderari, interpelazioari edo esku artean den ekimenari buruzko postura hartzeari dagokion eztabaida itxi ohi du.

Ekimen parlamentarioa.

Ekimen parlamentarioa hasten den ekitaldia, legegilea, baimentzeko, kontrolatzeko eta bultzada politikokoa edo beste organo batzuk hautatzekoa izan. Izendapen bera hartzen du izapidetzen den espediente parlamentarioak ere.

Erakunde-harremanen zuzendaritza.

Ganberako idazkaritza nagusiaren unitatea da eta ganberak komunikabideekin dituen harremanak, ganberaren irudi instituzionala eta protokoloa babestu, lagundu eta aholkatzen ditu, baita barne- eta kanpo-informazioa eta ganberaren web-orria gainbegiratu ere.

Eserlekua.

Parlamentarioak hemizikloan edo osoko bilkurak egiten diren aretoan okupatzen duen eserlekua.

Eskaera.

(Ikus "Eskaera-eskubidea").

Eskaera-eskubidea.

Konstituzioan (29. eta 77. art.) araututako funtsezko eskubideak. Eskubide hori gauzatuz, herritarrak edo talde batek erabaki jakin bat hartu edo modu jakin batean jarduteko eska dakioke erakunde publiko bati.

Senatuan, eskaera-eskubidea gauzatzeko prozedura berezi bat dago. Idatziz aurkeztu behar da eta debekatuta dago herritarren adierazpenen bidez zuzenean aurkeztea. Eskaerak aurkeztu ostean, eskaera-batzordeak aztertuko ditu.

Saioen epe arrunt bakoitzean argitaratu beharreko txostenean eskaera bakoitzarentzat hartutako erabakia agertuko da eta, hala balegokio, erantzun dezan zein agintariri bidali zaion adieraziko da. Txosten hori, hain zuzen, Senatuko osoko bilkuraren gogoeta-objektua da. Jasotako erantzunak egileei bidaliko zaizkie.

Esku-hartzea.

Eztabaida parlamentarioan hizlari batek hitz erabiltzen duen aldi bakoitza.

Estatuko Aurrekontu Orokorrak.

Estatuko sektore publikoa osatzen duten organo eta erakunde bakoitzak ekitaldian zehar likidatzeko adierazpen zifratua, bateratua eta obligazioen eta eskubideen sistematikoa.

Senatuak onartzen ditu, Diputatuen Kongresuarekin batera, Estatuko Aurrekontu Orokorrak. Aurrekontuen Lege-proiektua izapidetzeko, lege-prozedura arrunta jarraitzen du, baina zenbait berezitasun ere baditu, besteak beste, ganberako gainerako lanekiko lehentasuna du, atal oso bati aurka egiteko zuzenketak beto-proposamen gisa egiten dira eta kreditua handitzeko zuzenketek zenbateko bera gutxitu behar dute atal berean.

Euromediterraneoko bilkura parlamentarioa (EMAP).

Parlamentu arteko lankidetza-foroa da. Mediterraneoko herrialdeetako parlamentarioen artean elkarrizketa bultzatzera eta "Bartzelonako prozesua" deritzona laguntzen, bultzatzen, finkatzen lagundu eta garatzera zuzenduta dago.

Europako batzar parlamentarioetako presidenteen konferentzia.

Europako Batzordeko berrogeita zazpi estatukideetako parlamentu nazionaletako presidenteek eta Europako Batzordearen batzar parlamentarioan behatzaile estatutua dutenek osatutako foroa. Bi urtez behin biltzen dira. Herrialde anfitrioiak aurrez prestatutako eztabaida-dokumentuetan oinarritutako gaurkotasunezko gai jakinak tratatzea dute xede.

Europako batzordearen bilkura parlamentarioa.

Parlamentu arteko lankidetza-foroa da. Europako batzordeko estatu kideetako berrogeita zazpi parlamentariok osatzen dute eta, besteak beste, giza eskubideei eta demokraziari buruzko ebazpenak eztabaidatzeko eta hartzeko biltzen dira.

Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundearen (ESLA) bilkura parlamentarioa.

Parlamentu arteko foroa da. Bertan, ESLAko berrogeita hamasei estatu kideetako parlamentariek parte hartzen dute eta demokrazia indartzea eta elkarrizketa eta negoziazioaren bidez, krisiak saihestea eta bere eremuan sortzen diren gatazken ondorioak kudeatzea du xede. Aktiboki hartzen du parte hauteskunde-prozesuak gainbegiratzen.

Europar Batasuneko parlamentuetako eta Europar Parlamentuko presidenteen konferentzia.

Europar Batasuneko estatukideetako parlamentu guztietako presidenteek eta Europar Parlamentuko presidenteak osatutako foroa. Azken deialdietan, hautagai diren herrialdeetako batzarreko presidenteak ere bildu dira. Osatzen duten parlamentuen artean elkarrizketa eta jarduera onak trukatzea bultzatu eta parlamentuen arteko lankidetza koordinatu nahi dute. Urtean behin biltzen dira.

Eztabaida.

Prozedura parlamentarioen funtsezko zatia, iritziak eta argumentuak aurrez aurre jartzean datzana. Normalean, publikoa da eta eztabaidatutako gaiaren alde edo kontra ager daiteke.

Foro parlamentario iberoamerrikarra.

Nazioen Erkidego Iberoamerikarra osatzen duten hogeita bi estuetako parlamentuen parlamentu arteko lankidetza-foroa. Urtean behin biltzen da estatuburuen eta gobernuen goi-bileraren aurretik, eta goi-bilera hori izango den herrialdean. 2005ean sortu zen Gorte Nagusiek hala eskatuta. Bere xedeak, besteak beste, Nazioen Erkidego Iberoamerikarra garatzen eta egonkortzen parte hartzea eta elkar laguntzeko markoa zehaztea dira.

Foru parlamentarioa.

Eskumen parlamentarioa da eta, ondorioz, senatarien eta diputatuen kontrako zigor-auziak Auzitegi Goreneko Zigor Aretoaren eskumena izango da.

Gaira itzultzea eskatzea.

Ganberako presidentearen eskumena da eta eztabaidan ordena mantentzera zuzenduta dago. Ondorioz, hitz egiten ari den parlamentarioari tratatzen ari den gaira mugatzeko eska diezaioke, digresio arraroak egin edo dagoeneko eztabaidatu edo botatu den gai batera itzultzen bada.

Gai-zerrenda.

Organo parlamentario batek bilera batean aztertu behar dituen gaien zerrenda. Gai-zerrenda organoak bilera egin aurretik zehazten da. Horrela, gaiak sorpresaz edo ganberako kideren batek ezagutu gabe tratatzea ekiditen da. Gai-zerrenda osatzeak eta aldatzeak garrantzia handia du, izapidetzen ari diren ekimenei nolako lehentasuna esleituko zaien zehazten baitu.

Senatuan, Plenoaren gai-zerrenda presidenteak zehazten du mahaiarekin bat etorrita eta bozeramaleen batzordeen entzun ostean. Gobernuko ordezkariak gai bakarra sar dezake lehentasunezko izaerarekin. Batzordeen gai-zerrenda presidenteak finkatzen du, mahaiak entzunda eta, hala balegokio, ganberako lanen programak kontuan hartuta. Batzordeko kideen herenak lehentasunezko gai bakarra gehitu ahal izango du.

Galdera idatzia.

Gobernuak idatziz erantzuteko galderek gai bat baino gehiagokoak izan daitezke. Senatuan, elektronikoki izapidetzen dira, eta ganberako web-orrian argitaratzen dira. Idatzi ematen zaizkio Senatuko presidentetzari. Galdera hauek egiteko ez dago eperik. Gobernuak galdera jakinarazi zaionetik hogeita hamar egunen barruan bidali behar du erantzuna. Gobernuak ez badu aipatu epean erantzuten, senatariak gaiari buruz dagokion batzordearen hurrengo saioko gai-zerrendan sartzeko eska dezake, eta han ahozko galderen tratamendua jasoko du.

Galdera.

Parlamentarioek bere eskumeneko gaiei buruz Gobernuari galdetzeko erabil dezaketen kontrol-ekimena da. Galderak idatziz egin behar da eta ganberako presidenteari zuzendu behar zaizkio. Idatziz edo ahoz erantzun daitezke, eta osoko bilkuran edo batzordean egingo dira. Ez da galdera egin duenaren edo beste banakoren baten interesetarako galderak izango, ezta hertsiki juridikoak diren kontsultak ere.

Ganbera-bitasuna.

Parlamentua antolatzeko eredua da eta bi ganbera izateak ezaugarritzen du. Espainiako kasuan bezala, bi ganberek desberdindutako funtzioak edo pisuak dituztenean, ganbera-bitasun asimetrikoa edo inperfektua dela esaten da.

Ganberako langile-kontratudunak.

Gorte Nagusietako funtzionarioen kidegoaren estatutuetan esleitu gabeko funtzioak gauzatzera bideratutako langileak dira, langileen organigramak aurreikusten dituen lanpostuetan. Lanaren arabera kontratatutako langileak Ganbera bakoitzarenak dira. Senatuan talde profesional hauek daude: medikuak, analistak, programatzaileak, erizainak, informatika eta ikus-entzunezkoen laguntzaileak, mantentze lanen brigada, gidariak eta moto-gidariak.

Gehiengo absolutua.

Akordio bat hartzeko araua. Ganberako edo batzordeko kideen erdiek baino gehiagok boto bera eman beharko dute.

Gehiengo kalifikatua.

Akordio bat hartzeko araua. Ehuneko berezietako botoak beharko dira, ganberako kide guztien bi herenek edo hiru bostenek boto bera eman beharko dute. Alabaina, batzuetan gehiengo absolutua ere gehiengo kalifikatutzat jotzen da.

Gehiengo soila.

Akordio bat hartzeko araua. Aldeko botoak kontrakoak baino gehiago izan beharko dute, emandako botoen kopurua edozein izanik ere. Akordioak hartzeko arau nagusia da.

Giza baliabideen eta barne-gobernuaren zuzendaritza.

Ganberako idazkaritza nagusiaren unitatea da eta ganberaren idazkaritza nagusian zerbitzua ematen duten langileak kudeatzen, aholkatzen eta kontrolatzen ditu. Era berean, laguntza ematen du ere senatarien prestazioei, segurtasunari edo laneko arriskuen prebentzioari dagokionez eta hari dagozkio, halaber, ganberaren barne-gobernuari eragiten dioten beste zuzendaritzei esleitu gabeko gainerako gaiak ere..

Gizalege parlamentarioa.

Parlamentarioek, gainerako parlamentarioei, ganberari eta herritarrei errespetua azaltzeko, bete beharreko idatzi gabeko zuzentasun-arau multzoa da.

Gobernua.

Botere exekutiboaren organo titularra. Barne- eta kanpo-politika, administrazio zibila eta militarra eta estatuaren defentsa zuzentzen ditu. Funtzio exekutiboa eta botere arau-emailea gauzatzen ditu. Gobernuko presidenteak, Diputatuen Kongresuaren konfiantzaduna, eta ondoren aukeratzen diren presidenteordeek eta, hala balegokio, ministroek osatzen dute. Ganberek kontrolatzen du. Ikus "Gobernuari egindako kontrola eta bultzada politikoa".

Gobernuaren komunikazioa.

Gobernuari ganberara informazio bat bidali eta hari buruzko eztabaida sortzen uzten dion tresna da, gaiari buruzko zer iritzi duten jakiteko. Komunikazio bat eztabaidatu ostean, talde parlamentarioek mozioak aurkez ditzakete Senatuan eta ebazpen-proposamenak Diputatuen Kongresuan.

Gobernuaren lehendakaritza.

Presidentetzaz enkargatu eta gobernuaren ekintzak zuzendu eta bertako gainerako kideak koordinatzen dituen pertsona bakarreko. Kide horiek nahi bezala izendatu eta utzi ditzake. Inbestiduran, Diputatuen Kongresuak konfiantza eman behar dio. Konfiantza hori uka daiteke zentsura-mozioa aurkeztuta edo konfiantza-galdea ukatuta. Orduan, gobernuan dimisioa eman beharko dio erregeari.

Gobernuari egindako kontrola eta bultzada politikoa.

Ganberen berezko funtzioa da, gobernuaren informazioa eskuratzean, bere jarduerari buruzko eztabaida kontraesankor bat egitean eta beren politika bide jakin batean egin dezan estutzean datzana. Funtzio hori gauzatzen diren ekintza parlamentarioak hauek dira: galderak, interpelazioak, mozioak (Senatuan) eta ez-legezko proposamenak (Diputatuen kongresuan), interpelazioaren ondoriozko mozioak, gobernuari bidalitako komunikazioei eta txostenei buruzko eztabaidak, agerraldiak eta ikerketa-batzordeak eta batzorde bereziak.

Gorte Nagusiak.

Espainiako parlamentuak bi ganbera ditu eta Gorte Nagusiak izena du. Gorte Nagusiak Espainiako herria ordezkatzen du eta Senatuak eta Diputatuen Kongresuak osatzen ditu. Gorte Nagusiak estatuaren aginte legegilea gauzatzen dute, aurrekontuak onartzen dituzte, gobernuaren ekintzak kontrolatzen dituzte eta Konstituzioak esleitutako gainerako eskumenak dituzte.

Gorte Nagusien aldizkari ofiziala (GNAO).

Parlamentuko subjektuen (senatariak, diputatuak, talde parlamentarioak) ekimenak eta parlamentuko organoen (osoko bilkura, batzordeak, mahaia...) erabakiak, izan parlamentarioak edo administratiboak, agertzen diren argitalpen ofiziala. Hiru atal ditu: Diputatuen Kongresua, Senatua eta Gorte Nagusiak.

Senatuko atala sei ataletan egituratzen da: Lege-ekimenak, mozioak, baimenak, beste jarduera parlamentario batzuk, parlamentuko gaiei buruzko arauak eta Senatuko administrazioa.

Gorte Nagusietako funtzionarioak.

(Ikus "Gorte Nagusiko langileen estatutua").

Gorte Nagusietako langile-funtzionarioak.

Gorte Nagusietako funtzionarioak dira, legezko izendapenari dagokionean, bertako kide direnean, behin betiko, zerbitzu profesionalen estatutu-harreman baten bidez eta Gorte Nagusiek ordaintzen dienean. Diputatuen Kongresuan, Senatuan edo Hauteskunde Batzorde Zentralean emango dute zerbitzu, dagokion organoei dagozkien lanpostuen bitartez.

Gaur egun, funtzionario gorputz hauek daude Gorte Nagusietan: Legelariak, Artxibozain-Bibliotekariak, Aholkulari fakultatiboak, Idazlariak Takigrafoak eta Estenotipistak, Teknikari-Administratiboak, Administratiboak eta Atezainak.

Gorte Nagusiko langileen estatutua.

Gorte Nagusietako langileen erregimena, eta bereziki funtzionarioena, arautzen duen araua. Langile horiek sartzeko baldintzak, egoerak, kargu-uzteak, eskubideak eta obligazioak eta diziplina-erregimena zehazten ditu. Diputatuen Kongresuko eta Senatuko mahaiek onartzen dute, saio bateratu batean bilduta.

Halabeharrezko mozioa.

Edozein eztabaidetan plantea daitekeen galdera da, eztabaidatzen ari den ekimena izapidetzerakoan sortutako zalantzaren bat ebazteko.

Hauteskunde-barrutia.

Aukeratu beharreko eserleku bat edo bat baino gehiago esleitzen zaizkion lurraldearen banaketa. Hauteskunde-sistemako funtsezko elementuetako bat da.

Hemizikloa.

Osoko bilkurak egiten diren aretoa. Borobil erdiaren forma du.

Hizlarien tribuna.

Atrila duen plataforma goratua, parlamentariek, parlamentuko eztabaidetan, Ganberari hitz egiteko erabiltzen dutena.

Ikerketa-batzordea.

Interes publikoko edozein gai ikertzeko sortzen den batzordea. Konstituzioaren 76. artikuluan eta ganberetako araudietan arautu zen. Bere ondorioak ez dira epaitegientzat lotesleak izango eta ez diete ebazpen judizialei eragingo, baina ikerketaren emaitza Ministerio fiskalari jakinaraziko zaio, hark hala iritzita, dagozkion ekintzak gauza ditzan. Konstituzioak herritarrak batzorde horietan agertzera behartzen ditu, haiek hala deituz gero.

Senatuan, osoko bilkurak onartu behar du halako batzorde bat osatzea, aurrez gobernuak edo talde parlamentario bereko hogeita bost senatarik eskatuta.

Immunitatea.

Pribilegio horri esker, parlamentarioek ezin dira erruztatu edo prozesatu ganberaren aldez aurreko baimenik gabe erregu-gutunaren bidez. Eskaera horrekin, auzia –delitua egin dela ala ez– sakon epaitzera sartu gabe, senatariaren edo diputatuaren kontrako akusazioaren atzean jazarpen politikorik ote den egiaztatu dezake ganberak. Xede horretarako prozedura bat jarraitzen da ganberaren baitan.

Kaltetuak parte hartzen du eta dagokion erabakia isilean botatuta amaitzen da. Pribilegio hori ez zaie aplikatzen, delitua bistakoa denean.

Inbestidura.

Gobernuak bere programa aurkeztu ostean, Diputatuen Kongresuak gobernuko presidente gisa aukeratzen den hautagaiari konfiantza ematen dion ekitaldi formala.

Informazioaren eta komunikazio teknologien zuzendaritza.

Ganberako idazkaritza nagusiaren unitatea da eta ganberako sistema informatikoarekin eta komunikazioarekin lotutako gaiak aholkatu eta kudeatzen ditu.

Interesen erregistroa.

Ganbera bakoitzean eratzen den erregistro publikoa da eta bertan inskribatzen dira diputatuek eta senatariek burutu behar dituzten jardueren eta ondasun eta errenten aitorpenak. Aitorpen horiek agintaldiaren hasieran, aitortutako egoeretan aldaketak gertatzen direnean eta parlamentari izaera galtzean burutu behar dira. Herritar guztiek kontsulta ditzakete aitorpen hauen edukiak dagokion Ganberako webgunean.

Interpelazioa.

Parlamentario batek gobernuari gai bat planteatzen dion ekimena da. Ekimenaren xedea exekutiboaren politikari buruzko interes orokorreko gaiei buruzkoa izan behar du. Interpelazioak gai-zerrendan sartzeko, bozeramaleen batzordea entzun behar da, talde parlamentario bakoitzarentzako kupo-sistema baten arabera.

Interpelazioen ondoriozko mozioak.

Interpelazio baten eztabaidan gobernuak emandako erantzunak ase ez badu interpelazioa aurkeztu duen parlamentarioa, ekimen hau aurkeztuko du. Mozio arrunten antzeko edukia eta izapidetzea dute, nahiz eta esku-hartzeko txanden iraupenak laburragoak diren.

Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen (NATO) bilkura parlamentarioa.

Parlamentu arteko foroa da. Bertan, Atlantikoko Aliantzako hogeita bederatzi estatu kideetako parlamentariek hartzen dute parte eta defentsarekin, segurtasunarekin eta lankidetzarekin lotutako gaiei buruz eztabaidatu eta horiei buruzko ebazpenak hartzeko biltzen dira.

Irakurraldi bakarra.

Lege-prozedura berezia da. Berezia da zeren testu legegilea zuzenean eztabaidatzen du eta, hala balegokio, onartu, ganberako Plenoak, aurrez batzordetik edo ponentziatik pasa gabe. Lege-ekimenetan ere erabil daiteke, haren izaerak edo sinpletasunak hala onartuz gero. Osoko bilkurak onartu behar du prozedura, mahaiak hala proposatuta eta Bozeramaleen batzordeak entzun ostean.

Diputatuen kongresuan osorik zuzentzea edo artikuluak zuzentzea eska daiteke; Senatuak beto-eskubideak soilik. Osoko bilkurako eztabaida osoko eztabaidentzako eta beto-proposamentzako, baten bat balego, zehaztutakoa da.

Izenezko bozketa

Botoa eman dutenen izena jasota uzten duen bozketa prozedura. Publikoa edo ezkutukoa izan daiteke. Senatuan, izenezko bozketa publikoan, idazkari batek, ordena alfabetikoari jarraituta, Ganberako kide guztiak deitzen ditu eta hauek “bai”, “ez” edo abstentzioa adierazi beharko dute botoa emateko. Izenezko bozketa publikoa prozedura elektroniko baten bidez ere burutu daiteke. Ezkutuko izenezko bozketan, txartel bidez edo bola zuri eta beltzen sistemaren bidez burutu daitekeena, idazkari batek, ordena alfabetikoari jarraituta, Ganberako kide guztiak deitzen ditu eta hauek txartela edo bola sartu beharko dute dagokien tokian.

Kalte-ordain parlamentarioa.

Parlamentario batek jasotzen dituen ordainsarietako bat, bere funtzioak betetzeak sortutako zenbait gasturen ordaina emate aldera, besteak beste, ostatu hartzearena eta mantenuarena.

Kredentziala.

Probintziako hauteskunde-batzordeak luzatutako dokumentua da. Bertan, dagokion hauteskundeetan senatari edo diputatu hautagai bat hautatuta izan dela ziurtatzen da. Autonomia-erkidegoek izendatutako senatarien kasuan, dagokion autonomiako parlamentuak emango dio kredentziala.

Konfiantza-galdea.

Gobernuaren erantzukizun politikoa exijitzeko tresna da eta Espainiako Konstituzioaren 112. artikuluan arautzen da. Gobernuko presidenteak, ministroen kontseiluak aurrez eztabaidatu ostean, Diputatuen Kongresuari programari edo gobernuaren politika orokorraren deklarazioari buruzko konfiantza ematen dion eskatzea baimentzen diona. Diputatuen gehiengo sinplea alde badago, konfiantza eman zaiola ulertuko da. Kongresuak gobernuaren konfiantza ukatzen badu, gobernuak dimisioa emango dio erregeari.

Konstituzioa obeditzea.

Parlamentariek Konstituzioa errespetatu eta beteko dutela egin behar duten promesa edo zina. Obeditzeko ekintza saihestezina da, eta halaxe dio Ganberako araudiak, parlamentari izaera osoa eskuratu ahal izateko.

Konstituzioaren erreforma.

Konstituzioaren testuaren aldaketa edukiren bat gehitu edo ezabatzeko, edo ordura arte zegoen testua beste batekin ordezkatzeko. Gure Konstituzioa zurruntzat jotzen da hura erreformatzeko gehiengo oso kalifikatuak behar baitira (167. eta 68. artikuluak).

Kontraerantzuna.

Eztabaida batean gertatzen den mintzaldia, egileak parlamentuko ekimen baten inguruko galdera, interpelazio edo jarrera bati erantzuna jaso ostean. Txanda laburrak izaten dira eta eztabaidari amaiera jartzen dion berrerantzunari bidea ematen diote.

Kontuan hartzea.

Legegintza prozeduraren hasierako fasean eta legegintzako ekimena hobetzeko helburuarekin proposamena parlamentarien, parlamentuko taldeen, erkidegoetako parlamentuen aldetik datorrenean edo legegintzako herri ekimena (Konstituzioaren 87.2 eta 87.3 artikuluak) denean, Senatuko osoko bilkurak (senatarien edo Ganberako parlamentuko taldeen proposamena denean) edo Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak (gainerako kasuetan) proposamen hori berretsi beharko du, proposamena osotasunean eztabaidatu eta gehiengo arrunta eskatuko duen ondorengo bozketa burututa.

Laguntza teknikoaren eta parlamentarioaren zuzendaritza.

Ganberako idazkaritza nagusiaren unitatea da eta Plenoa, Diputazio Iraunkorra, mahaia eta bozeramaleen batzordea prestatu, aholkatu, lagundu, babestu eta euren gai propioak exekutatzen ditu.

Lege-ekimena.

Subjektu jakin batzuei konstituzionalki esleitzen zaien eskumena, lege bat onartzera, aldatzera edo baliogabetzera bideratutako prozedurari, baliozko moduan, ekiteko. Halakoak dira gobernuak aurkeztutako eta lehentasunezko izapidetzea duten lege-proiektuak, ganberetan edo autonomia-erkidegoetako batzar legegileetan sortutako lege-proposamenak edo lege-ekimen herrikoiak.

Lege proiektua.

Gobernuak aurkeztutako legegintzako ekimena, Gorte Nagusiek lege gisa izapidetu eta onartu dezaten.

Lege proposamena.

Diputatuen Kongresuak, Senatuak, autonomia erkidego batek edo, gutxienez ere, 500.000 herritarrek burututako legegintzako ekimena. Behin Gorte Nagusiek izapidetuta eta onartuta, lege bihurtuko da.

Legegintza prozedura.

Ganberak, legegintza ahala baliatuta, lege bat onartzeko beharrezkoak diren egintza parlamentarioen segida. Prozedura honen nahitaezko elementuak dira publizitatea, zuzenketak aurkezteko aukera (osotasunaren gainean edo artikulu jakinen gainean), aurkakotasuneko eztabaida eta bozketa. Hainbat organotan burutzen da: txostena, batzordea eta osoko bilkura.

Senatuan, legegintza prozedura bi hilabetetan zehar garatzen da, baina hogei egun naturalera murrizten da premiazko gaia bada (Konstituzioaren 90. artikulua).

Legegintzaldia.

Parlamentua aukeratzen den denbora-tartea edo, gauza bera dena, ganberako kideen agintaldiaren iraupena. Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren kasuan, ganberak desegiten direnean amaitzen da legegintzaldia eta, kasu guztietan, hauteskunde orokorrak egin eta lau urtera.

Legez besteko proposamena.

Parlamentuko taldeek Ganberari burututako ebazpen proposamen bat barne duen eta kontrol eta bultzada politikoarekin lotura duen legegintzaz besteko ekimena da. Honen xedea da Ganberak Gobernuari eska diezaion neurriren bat hartzeko, adierazpenen bat burutzeko edo gai baten inguruan iritzi jakin bat agertzeko. Ez dute ondorio juridiko loteslerik, beraz, proposamena izapidetuko ez balitz, Gobernuaren kontrol politikoa gauzatzeko baliabideak erabili beharko lirateke.

Senatuan, honelako ekimenek mozio izena hartzen dute. (Ikus “Mozioa”).

Lurralde arteko Konpentsazio Funtsa.

Konstituzioaren 158.2. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-funtsa, autonomia-erkidegoen artean dagoen lurralde arteko ekonomia-desorekak zuzendu eta solidaritate-printzipioa eraginkor egiteko xedez. Funtsa inbertsio-gastuak estaltzera bideratua dago eta Gorte Nagusiek banatzen dituzte bere baliabideak.

Lurralde-taldea.

Autonomia-erkidegoko lurraldean hautatutako edo parlamentu autonomiko berak izendatutako, gutxienez, hiru senatarik osatutako taldea, eta talde parlamentario berekoak direnak.

Mozioa.

Politika kontrolatu eta bultzatzera lotutako ekimena da, gobernuak gairen bati buruzko adierazpenen bat egin edo Gorte Nagusiei lege-proposamen bat bidali edo ganberak eztabaidatu eta testu ez-legegile bati buruzko iritzia emateko. Azken kasu horretan, hala balegokio, kostu ekonomikoaren ebaluazio batekin lagunduta joan beharko du. Osoko bilkura batean edo batzorde batean eztabaidatzeko aurkez daitezke. Eztabaidan, ekimenaren egileaz gain, talde parlamentarioen ordezkariek hartuko dute parte. Botatu egiten dira. (Ikus "Interpelazioen ondoriozko mozioak").

Munduko parlamentuetako presidenteen konferentzia.

Parlamentu Arteko Batasunaren (PAB) babespean, mundu guztiko parlamentuetako presidenteak biltzen dituen foroa da eta xede du parlamentuek nazioarteko sistema aldeaniztuna, bakea, segurtasuna, demokrazia eta giza eskubideak indartzeko parlamentuek hartutako konpromisoak, gorengo mailan, adieraztea. Bost urtez behin biltzen dira.

Nazioarteko bilkura parlamentarioa.

Parlamentu arteko lankidetza-foroa da. Parlamentu nazionaletako kideez osatuta dago, normalean, nazioarteko erakunde batean inkardinatua eta bere botere exekutiboei bultzada politikoa emateko eta botere horiek kontrolatzeko lanak egiten ditu.

(Ikus: "Europako batzordearen bilkura parlamentarioa", "Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundearen (ESLA) bilkura parlamentarioa", "Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen (NATO) bilkura parlamentarioa", "Parlamentu arteko batasuna" eta "Euromediterraneoko bilkura parlamentarioa").

Nazioarteko hitzarmenak.

Nazioarteko itunak ere deitu ohi zaie. Estatuen artean edo nazioarteko pertsonalitate juridikoa duen beste edozein erakunderen artean hartutako akordio lotesleak dira. Zenbait kasutan, Gorte Nagusiek (ikus "Nazioarteko itunak baimentzea") hitzarmen horiek baimendu behar dituzte; beste batzuetan, Aldiz, nahikoa izango da ganberei ondorioen berri emanda (Konstituzioaren 94.2. artikulua).

Nazioarteko itunak baimentzea.

Konstituzioak nazioarteko itunen ondorio eta salaketetan (Konstituzioaren 93. eta 94.1. artikuluak) Gorte Nagusiei emandako funtzioa da.

Nazioarteko konferentzia parlamentarioa.

 

Aldian-aldian egiten den bilera da eta parlamentu nazionaletako ordezkaritzek hartzen dute parte, euren eskumenei buruzko gaiei buruz eztabaidatu eta euren jarrera politikoa agertzeko xedez.

 

Ordena-galdea.

Eztabaidako edozein unetan, parlamentario batek sortu dezakeen araudia begiratzeko eskaera, erreklamatzen duen artikulu baten edo gehiagoren aplikazioa aipatuz.

Ordezkaritza parlamentarioa.

Ganberetako organoek edo talde parlamentarioek izendatutako parlamentarioa edo parlamentarioak, nazioarteko aldebiko edo aldeaniztuneko harreman parlamentarioetan parte hartzeko.

Organo konstituzionalak.

Konstituzioan Estatuaren egitura politikoa osatzen dutela aurreikusten diren erakundeak. Koroa, Gorte Nagusiak, Gobernua, Botere Judizialaren Batzorde Orokorra eta Auzitegi Konstituzionala.

Osoko bilkura.

Ganberako osoko bilkura osatzen duten kideen bilera formala, euren eskumenekoak diren gaiak eztabaidatu eta onartzeko. Senatuan, oro har, osoko bilkurak astearte eta ostegunetan burutzen ditu bilerak. Osoko bilkuraren gaien zerrenda presidenteak jartzen du, mahaiaren adostasunarekin eta bozeramaileen batzarrari entzun ondoren. Gobernuaren ordezkariak gai bakarra sar dezake lehentasunezko izaerarekin.

Senatuaren osoko bilkurak publikoak dira, Gobernuak edo berrogeita hamar senatarik modu arrazoituan hala eskatuta, gehiengo osoz Ganberak bestelakorik adosten badu salbu. Isilpekoak izango dira Senatuko araudiak aurreikusitako kasuetan. Saioen izaera publikoaren ondorioz, behar bezala akreditatu diren komunikabideetako kideak eta publiko orokorra bertaratu daitezke, saioa tribunatik jarraitzeko, edo webgunean burutzen den zuzeneko emankizuna jarraitu ahalko dute .

Osotasun-eztabaida.

Osoko bilkuran, deliberazioan zehar dagoen prozedura legegilearen fasea, proiektu edo lege-proposamen oso aztertze aldera.

Senatuan, batzordeak txostena aurkeztu ostean egiten da. Testuaren aldeko eta kontrako txanda bat eta nahi duten talde parlamentarioen bozeramaileen parte hartzea izan ohi da. Jarraian, beto-proposamenak eta komisioaren fasean txostenari gehitu zaizkion zuzenketadun boto partikularrak eztabaidatuko dira.

Oztopoak jartzea.

Parlamentario bat portaera da, organo parlamentarioetan izapidetzen ari diren gaien edo hartzen ari diren akordioak eragozteko. Askotan, eskura dituen arau-bitartekoak abusatuz. Parlamentuan oztopoak jartzearen adibideak dira: hitza gehiegi hartzea; deliberatzeko eta botatzeko quorum eskaerak behin eta berriz eta justifikatu gabe egitea; izenezko botaketak eskatzea; edo beharrezko akordioak lortzeko behar den quoruma erdiestea eragozteko ez agertzea.

Parlamentuaren araudia.

Ganberaren antolaketa eta funtzionamendu arauak barne dituen parlamentuko ordenamenduaren goi mailako araua. Ganbera bakoitzak onartzen du konstituzioan esleitzen zaion autonomia baliatuta. Duten izenaren arren, parlamentuaren araudiek lege mailako arauen indar baliokidea dute. Araudia eta haren erreforma Ganberako gehiengo osoak onartu behar ditu.

Parlamentu arteko batasuna (Unión Interparlamentaria edo UIP).

1889. urtean sortu zen estatuen parlamentuen nazioarteko elkartea. Nazioarteko eztabaidarako foro honek bakearen eta herrien arteko lankidetzaren alde lan egiten du, eta baita ordezkaritzako demokraziaren alde ere, Nazio Batuen ahaleginei sostengua emanda, haren helburuak partekatzen baititu eta lankidetza estuan aritzen baitira. UIParen webgunea eta argitalpenak parlamentu gaien inguruko informazio iturri ezaguna dira.

Parlamentuko prozedura.

Ekimen bat gauzatzeko burutu beharreko egintzen multzoa edo segida. Ekimenak lege edo bestelako araudi testu bat onartzeko, Gobernua kontrolatzeko, Gobernuaren ekintza norabide jakin batean bultzatzeko edo hainbat kargu izendatzeko xedearekin burutu daitezke, eta ekimen mota hauetako bakoitzak bere prozedura espezifikoa du .

Plenoa.

Ganberako organo funtzionala da eta bere parlamentario guztiekin osatuta dago. Plenoak gai garrantzitsuenak ezagutzen ditu eta, gehienetan, azken hitza du eztabaidetan eta batzordeak hausnartzeko bidaltzen dizkion ekimenak onartzeko. Ikus "Osoko saioa".

Plenoaren ahozko galdera.

Plenoan ahoz erantzuteko galderak gai bakarri buruzkoak eta zehatzak izan behar dute. Galderak gai-zerrendan sartzeko, kupo-sistema bat aplikatzen zaio talde parlamentario bakoitzari. Aurkeztutako galderak ministroen batzordean adostutako beste gai batzuei buruzkoengatik ordezka daitezke edo presa edo gaurkotasun berezia duten gaiengatik. Galderak aulki batetik egiten dira. Lehenik, galdera egiten duen parlamentarioak hartzen du hitza eta galdera egiten du gobernuko kideak erantzun dezan. Jarraian, parlamentarioak erantzuteko txanda du eta Gobernuko kideak, berriz, hari erantzutekoa.

Senatuan esku-hartzaile bakoitzak hiru minutuko denbora izango du, aipatu bi txanda horiek erabiltzeko.

Ponentzia legegilea.

Batzorde legegilearen baitan sortutako organo funtzionala da, talde parlamentarioetako ordezkariz osatzen da, testu legegileei buruzko informazioa eskuratu asmoz. Senatuan, oro har, hamabost eguneko epea du bere txostena igortzeko. Epe hori, zuzenketak aurkezten diren egunetik hasten da kontatzen.

Ponentzia-txostena.

Ponentzia osatzen duten parlamentarioen lanaren proposamena edo emaitza duen dokumentua. Batzorde parlamentarioaren baitan sortu ohi da, lege-ekimen bat edo gai jakin bat aztertzeko. (Ikus "Ponentzia").

h3 class="heading text p_top_2">Premia.

Legegintza prozeduran premia deklarazioa burutzen bada, fase bakoitzerako ezarritako epe arruntak murriztu egingo dira. Premia deklarazioa Gobernuak, Diputatuen Kongresuak edo Senatuak berak egin dezake. (Ikus “Premiazko prozedura”).

h3 class="heading text p_top_2">Premiazko legegintza prozedura.

Izapidetze epeen murriztea dakarren legegintza prozedura berezia.

Senatuan, araudiak xedatutakoaren arabera, premia deklarazioa burutu dezakete Gobernuak, Diputatuen Kongresuak edo Senatuko mahaiak, ofizioz edo parlamentuko talde batek edo hogeita bost senatarik proposatuta. Premia deklarazioa burutzen bada, Senatuak hogei egun natural besterik ez ditu izango ekimena izapidetzeko.

Pribilegio parlamentarioak.

Bortxaezintasuna, immunitatea eta foru berezia parlamentarioaren estatutu juridikoaren zati dira. Ez dute xede gainerako herritarrekin alderatuta babes edo aldeko traturik ez ematea, parte diren ganberari dagozkion funtzioak ondo gauzatuko dituztela bermatzekoa baizik, euren independentzia ziurtatuz gainerako botereekin alderatuta. (Ikus "Bortxaezintasuna", "Immunitatea" eta "Foru berezia").

Publizitatea.

Argitalpen ofizialez gain, Senatuak informazioaren irispide publikoa bermatzen du bere webgunearen bitartez.

Quoruma.

Organo parlamentarioak eztabaidatu eta erabakiak hartzeko gaitasuna izan dezan parte hartu behar duten kideen kopurua.

Saio-hasiera.

Osoko bilkuran edo batzordean, Presidenteak egiten duen ekintza. Ekintzaren bidez, organoak gai-zerrendari ekiten diola adierazten da; beraz, egiten, esaten edo adosten den guztia idatzita geratuko da et balio juridikoa izango du.

Senataria.

Senatuko kidea. Senatari gisa hautatua izateko baldintza hauek bete behar dira: espainiarra izatea, adinez nagusia izatea eta legez ezarritako betekizunak betetzea. Senataria herritarrek hauta dezakete zuzenki probintzietako barrutietan eta banakako hautagaitzetan, edo autonomia erkidegoko parlamentuak izenda dezake. Senatari guztiek dute Senatuko eginkizunen garapenean parte hartzeko eskubidea: legeak egitea, Gobernua kontrolatzea, Estatuko diru sarrerak eta gastuak onartzea eta Konstituzioan eta legeetan aurreikusitako gainerakoak.

Senatariaren estatutua.

Senatarien eskubideen, betebeharren eta eskumenen multzoa da. Ganberari dagozkion funtzioan osorik betetzea bermatzeko xedez zehazten dira eta bere independentzia bermatzen du gainerako botereekin alderatuta. Barne hartzen ditu ekimenak aurkezteko eskubidea, eztabaidetan parte hartzekoa eta botaketetan Senatuko araudian zehaztutako baldintzetan parte hartzekoa, hauteskunde-legean zehaztutako bateraezintasunen erregimena eta bortxaezinezko eskumenak, immunitatea eta foru berezi bati men egitea, Senatari eta Diputatuen kontrako zigor-auzietarako Auzitegi Goreneko Zigor Aretoak baitu eskumena.

Senatarien Europako Elkartea.

Parlamentu arteko lankidetza-foroa. Bertan, Europako estatuetako Senatuetako presidenteek hartzen dute parte. Xede dituzte beren kideen arteko lankidetza garatzea, demokrazia parlamentarioetan ganbera-bitasuna bultzatzea eta europar nortasuna eta kontzientzia indartzea.

Senatua.

Gorte Nagusien barneko ganbera da, Espainiako herriaren ordezkari gisa jarduten du (Konstituzioaren 66.1 artikulua) eta, horrez gain, lurralde ordezkaritzako ganbera da (Konstituzioaren 69.1 artikulua). Barrutietan hautatzen diren edo erkidegoetako parlamentuek izendatzen dituzten senatariek osatzen dute Senatua. Senatuak, alde batetik, Gobernuaren kontrolerako legegintzako eginkizunetan eta estatuko aurrekontu orokorren onarpenean parte hartzen du. Legegintza prozeduran izaten duen eginkizuna bigarren irakurketarena da, Diputatuen Kongresuak hartutako erabakiak beto edo zuzenketa bidez aurkaratzeko edo aldatzeko aukera izanda.

Lurralde eginkizunari dagokionez, Konstituzioaren 155.1 artikuluan xedatutako eskumena dagokio. Senatuan bada autonomia erkidegoen batzorde nagusi bat eta, aldian behin, autonomien estatuaren inguruko eztabaidak burutzen dira.

Senatua osatzea.

Hauteskunde orokorren ostean ganberan egiten den lehen saioa. Legegintzaldiaren hasiera markatzen du. Senatua osatzeko saioan ganberako mahairako kideak hautatuko dira: presidentea, bi presidenteorde eta lau idazkari. Bestalde, senatariek Konstituzioa obeditzea zin egin edo promes egingo dute.

Senatuaren aurrekontua.

Ganberen finantza-autonomiak bakoitzak bere aurrekontua onartzea dakar berekin, beren lanak egiteko behar duten diru-sarreren bolumena kalkulatuz. Senatuko aurrekontua egin eta onartzea Mahaiari eskatzen zaio. Onartutakoan, gobernura bidaltzen da, Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuan sar ditzan. Autonomiak aurrekontua kudeatu eta exekutatzea ere eskatzen dio. Fiskalizazioa Senatuaren kontu-hartzeak egiten du eta likidazioa mahaiak onartzen du.

Senatuaren kontu-hartzea.

Ganberako idazkaritza nagusiaren unitatea da eta fiskalizazio mota guztiak burutzen ditu, Senatuko idazkaritza nagusiaren egintza, agiri eta espediente guztien kontabilizazioa burutzeaz gain, horietatik eratortzen direlarik eduki ekonomikoa duten eskubide eta betebeharrak. Finantza arloko aholkularitza ere ematen du.

Senatuaren lehendakaritza.

Senatua ordezkatzen duen pertsona bakarreko kargu gorena. Plenoak bere kideen artean hautatzen du legegintzaldi bakoitzaren hasieran. Besteak beste, funtzio hauek nabarmentzen dira: osoko bilkurak deitzea eta zuzentzea; eztabaidak zuzentzea eta ordena mantentzea, zigorrak jartzeko aukerarekin, eta Ganberako araudia interpretatzea. Mahaiaren, bozeramaileen batzordeko eta izendapenen batzordeko buru ere bada. (Ikus "Mahaia").

Senatuaren mahaia.

Ganberako organo zuzentzailea da presidenteak, presidenteordeak (bi Senatuan eta lau Diputatuen Kongresuan) eta lau idazkarik osatzen dute. Legealdi bakoitzerako Ganbera osatzeko saioan hautatzen da. Eskumen garrantzitsuenak parlamentarioak eta administratiboak dira.

Senatuko idazkaritza nagusia.

Senatuko administrazioa osatzen duten zerbitzu administratiboen multzoa. Hari dagozkio Ganberako organoen laguntza, arreta eta aholkularitza juridikoa, teknikoa eta administratiboa. Legezkotasun, inpartzialtasun eta profesionaltasun irizpide zorrotzen arabera eratzen da. Ganberak bere eginkizun konstituzionalak burutu ahal izateko beharrezkoak diren zerbitzuak ematen ditu. Senatuko mahaiak onartutako arauen mende dago momentu oro, eta baita Gorte Nagusietako langileen estatutuaren mende ere.

Legelari nagusia edo idazkari nagusia du buru, Senatuko mahaiak izendatzen duena, presidenteak proposatuta, Gorte Nagusietako legelarien erkidegoko funtzionarioen artetik. Haren mende daude idazkaritza nagusiko langileak, hau da, Gorte Nagusietako funtzionarioak, Senatuko langile kontratudunak eta atxikitako langileak.

Senatuko idazkaritza.

Senatuko mahaiaren kide da eta Ganberaren eratze bilkuran hautatzen da bere kideen artetik. Idazkariek osoko bilkuretako eta mahaiaren bileretako agiriak gainbegiratu eta baimentzen dituzte, presidentearen oniritziarekin, bai eta eman beharreko ziurtagiriak ere; presidenteari laguntza ematen diote bileretan eztabaiden ordena eta bozketen zuzentasuna bermatze aldera; Ganberaren lanen garapen normalean laguntzen dute; eta, horrez gain, presidenteak edo mahaiak esleitzen dien beste edozein eginkizun betetzen dute. (Ikus, “Senatuko mahaia”).

Senatuko langileen hitzarmen kolektiboa.

Parlamentuko administrazioaren ordezkarien eta Senatuko lan-kontratudun langileen sindikatu-ordezkarien artean erdietsitako akordioa da. Ganberako mahaiak onartzen du eta ganberako zerbitzuak ematen dituzten lan-kontratudun langileen erregimen juridikoa arautzen du, sartzeko baldintzak, eskubideak eta obligazioak eta diziplina-erregimena zehazten ditu.

Senatuko legelari nagusia edo idazkari nagusia.

Ganberako organoen laguntza, arreta eta aholkularitza juridikoaren, teknikoaren eta administratiboaren zuzendaritza nagusia dagokio, administrazio parlamentarioa osatzen duten zerbitzu administratiboen buru izateaz gain. Lan horiek mahaiaren eta presidentearen agintaritzapean burutzen ditu. Senatuko mahaiak izendatzen du, presidenteak proposatuta, Gorte Nagusietako legelarien erkidegoko funtzionarioen artetik.

Senatuko lehendakariordetza.

Senatuko mahaiaren kide da eta Ganberako eratze bilkuran hautatzen da bere kideen artetik. Presidenteordeek, dagokien ordenan, presidentea ordezkatzen dute eta haren eginkizunak betetzen dituzte presidentearen postua hutsik badago, presidentea ez badago edo presidenteak jardun ezin badu. Halaber, presidenteak edo mahaiak esleitzen dien beste edozein eginkizun ere betetzen dute. (Ikus, “Senatuko mahaia”).

Suplikatorioa.

Auzitegi Goreneko Zigor Arloko Salak Ganberako kide baten aurka bide penaletik egin ahal izateko Ganberari baimena eskatzeko baliatzen duen prozesu tresna da. Baimena jaso behar izatea immunitate parlamentario deritzonaren parte da eta Ganberari aukera ematen dio egiaztatzeko, betiere auziaren funtsa epaitu gabe (delitua burutu den ala ez), parlamentari baten aurkako salaketak jazarpen politiko bat ezkutatzen duen ala ez..

Talde mistoa.

Talderik osatzen ez duten parlamentario guztiak biltzen dituen talde parlamentarioa. Ganberako jardueretan gainerako taldeek bezala parte hartuko badute ere, bere barne-funtzionamendua desberdina da, hainbat indar politikotako parlamentarioz osatuta baitago.

Talde parlamentarioa.

Kidetze politikoaren araberako talde parlamentarioa. Ganberetan osatzen dira, legegintzaldi bakoitzaren hasieran.

Senatuaren kasuan, talde parlamentario bakoitzak, gutxienez, hamar senatari izango ditu. Senatari bakoitzak talde parlamentario batean soilik hartu dezake parte. Hauteskundeetan alderdi, federazio, koalizio edo talde bereko kide gisa joan senatariek ezingo dute talde parlamentario batean baino gehiagotan parte hartu. Izendapen jakin bateko talde parlamentario batean sartzen ez diren senatariak talde mistoan sartuko dira.

Talde-diziplina.

Ohitura parlamentarioa da eta, bere bitartez, parlamentarioek talde parlamentarioek adierazitakoa jarraitzen duten ganberan egiten diren hainbat gaietan, batez ere, botoa ematerako unean.

Zenbaketa.

Emandako botoak kontatzea xede duen botaketa-prozesuaren fasea da.

Zentsura-mozioa.

Kontrol-tresna da eta, horren bidez, Diputatuen Kongresuak erantzukizun politikoa eskatzen dio gobernuari. Erregimen parlamentarioaren esentzian bertan dago, Parlamentuaren eta Gobernuaren arteko konfiantza-harrenean oinarrituta. Onartu ahal izateko, Diputatuen gehiengo absolutuak zentsura-mozioa babestea eskatzen du Konstituzioak. Kasu horretan, gobernuak dimisioa emango dio erregeari eta zentsura-mozioan proposatutako hautagaia inbestituko da gobernuko presidente.

Zuzenketa.

Parlamentarioek edo talde parlamentarioek aldatzeko egindako proposamena. Horrela, ekimen parlamentario bateko artikuluren bat edo testu zatiren bat bertan behera utzi, gehitu edo aldatu nahi izaten da. Testu legegileetan, zuzenketek Ganberako araudiak eskatzen dituen aurkezpen formalen baldintzekin bat etorri eta horiek bete behar dituzte.

Zuzenketak onartu edo ukatzeko txanda.

Mozio baten parlamentuko eztabaidaren fasea, non mozioaren egileak gainerako parlamentariek aurkeztutako zuzenketak onartu edo ukatzen dituen.