SENATUAREN OSAKETA

Azken berrikuspena 06/10/2022

Nola aukeratzen dira senatariak?

Senatari gehienak (208) populazioak aukeratzen dituzte zuzenean, lau probintziako. Alabaina, irletako probintzietan, irla edo irla talde bakoitzak barruti bakarra osatzen dute hautaketarako; ondorioz, hiru senatari aukeratu behar dituzte irla nagusiek (Kanaria Handia, Mallorca eta Tenerife) eta bakarra gainerako irlek (Eivissa-Formentera, Menorca, Fuerteventura, Gomera, Hierro, Lanzarote eta Palma). Ceuta eta Melillako biztanleek bakoitzak berea hautatzen du, hau da, guztira bi senatari. Hautesleek, gehienez, hiru hautagairi eman diezaiekete botoa probintzia-barrutietan, bi Kanaria Handian, Mallorcan, Tenerifen, Ceutan eta Melillan eta bat, gainerako irletako barrutietan. Boto gehienak lortzen dituztenek eskuratzen dute eserlekua.

Zenbat kide ditu Senatuak?

Senatuaren XIV. legegintzaldiak 265 kide ditu. Horietako 208 hautatuak eta 57 autonomietako parlamentuek izendatutakoak dira.

Senatarien kopurua finkoa da?

Ez. Hazi edo murriztu egin daiteke, autonomia-erkidegoko biztanle kopuruaren arabera, autonomietako parlamentuek senatari finko bat eta milioi bat biztanleko beste bat izendatzen baitute. Senatari kopurua legegintzaldi bakoitzaren hasieran finkatzen da (hauteskunde orokorren ostean) eta hauteskundeak egindako urteko urtarrilaren 1ean argitaratutako populazioaren zentsua hartzen da erreferentziatzat.

Senatarien beste zati bat (57) autonomietako parlamentuek izendatzen dituzte populazioaren arabera. Autonomietako parlamentu bakoitzak senatari bat eta beste bat lurraldeko milioi bat biztanleko izendatzen dituzte eta, behar izanez gero, ordezkaritza proportzional egokia ziurtatu beharko da.

Bada genero-kuotarik?

Bai. 2007an erreformatu zenetik, hautagaiak zerrendetan taldekatzen direnean (normalena dena), emakumeen eta gizonen artean osaera orekatua izan beharko dutela dio hauteskunde-legeak.

Gaur egun, 106 emakumezko senatari daude. Zifra hori ez da orekatua Senatuko kide guztiekin (265) alderatuz gero. Alde horren arrazoia, neurri handi batean, Senatuko hauteskunde-sistemaren ondoriozkoa da, hautagaitza orekatuak zailtzen baititu, batez ere, Kongresuarekin konparatuz gero: alderdi eta koalizio gehienek hiru hautagai aurkezten dituzte barruti gehienetan; ondorioz, hautagaitza bakarra berma dakioke sexu bakoitzari. Gainera, hautesleak hiru botoak nahi bezala eman ditzake. Beraz, parekotasuna bere gain izango da.

Bestalde, autonomietako parlamentuek izendatutako senatarien kasuan, parlamentuko taldeek banaketa proportzionala izan behar izateak oreka hori zailtzen du. Izan ere, talde batzuk hautagai bakarra proposatu dezakete eta, ondorioz, sexu bat ordezkari gabe geratuko da ezinbestean. Halaber, zenbait autonomia-erkidegok senatarien kopuru murriztua edo bakoitia izendatzen dutenez, emaitza horrelakoa izatea laguntzen du.

Zenbat denborarako aukeratzen da Senatua?

Lau urterako, nahiz eta epe hori murriztu daitekeen, gobernuko presidenteak aurrez desegiten badu.

Zein funtzio ditu senatari batek?

Senatari bakoitzak Konstituzioan eta legeetan aurreikusitako Senatuaren funtzioetan parte hartzen du. Nagusienak legegilea, aurrekontuena eta gobernua kontrolatzea dira.

Zein eginbehar ditu senatari batek?

Senatariak jardueren aitorpena eta ondasunen eta errenten aitorpena aurkeztera behartuta daude. Halaber, Konstituzioari men egin eta bateraezintasun-erregimena errespetatuko dutela zin egin edo konpromisoa hartu behar dute. Bestalde, osoko bilkuretara eta parte hartzen duten batzordeetako saioetara joateko eskubidea eta betebeharra dute.

Senatarien jardueren aitorpenak ezagutu daitezke?

Bai. Agintaldiaren hasieran, aitortutako egoeretan aldaketak izaten direnean eta parlamentario izateari utzitakoan, senatariek gauzatu behar dituzten jardueren aitorpenak edozein herritarrek kontsulta ditzake web-orriaren bidez, bai senatari bakoitzaren fitxatik, bai "Gardentasuna" ataletik.

Senatarien ondasunen eta errenten aitorpenak ezagutu daitezke?

Bai. Senatariek gauzatu beharreko ondasunen eta errenten aitorpenak edozein herritarrek kontsulta ditzake web-orriaren bidez, bai senatari bakoitzaren fitxatik, bai "Gardentasuna" ataletik.

Zein da senatari baten bateraezintasun-erregimena?

Parlamentarioak beren funtzioak gauzatzeko independenteak direla bermatzeko, hauteskunde-legeak zenbait lanbidek edo kargu publikok ezin dutela, aldi berean, kargu parlamentariorik gauzatu zehazten du. Beraz, kargua hartzerakoan, jardueren aitorpena egin behar dute parlamentarioek eta bateraezintasunen ardura duen batzordeak irizpena eman beharko du. Bateraezintasunen bat dagoela ikusiz gero, kaltetuak aulkiaren eta bateraezintasuna zehazten duten baldintza edo postuaren artean aukeratu beharko du. Era berean, senatariek legealdian zehar bere egoeran izandako edozein aldaeraren berri emateko betebeharra dute.

Zer da bortxaezintasun parlamentarioa?

Parlamentarioek duten pribilegioa da eta, horri esker, parlamentuko bilkura batean egindako idatzizko eta ahozko adierazpenen erantzukizunik ez dute, ezta parte hartzen duten erabaki parlamentarioetan eman dezaketen botoena ere.

Zer da immunitate parlamentarioa?

Pribilegio bat da eta berari esker, parlamentarioek ezin dira erruztatu edo prozesatu ganberaren aldez aurreko baimenik gabe erregu-gutunaren bidez. Eskaera horrekin, auzia –delitua egin dela ala ez– sakon epaitzera sartu gabe, senatariaren edo diputatuaren kontrako akusazioaren atzean jazarpen politikorik ote den egiaztatu dezake ganberak. Xede horretarako prozedura bat jarraitzen da ganberaren baitan. Kaltetuak parte hartzen du eta dagokion erabakia isilean botatuta amaitzen da. Pribilegio hori ez zaie aplikatzen, delitua bistakoa denean.

Zenbat irabazten du senatari batek? Zein da bere gizarte-babesaren erregimena?

Senatari bakoitzak 2.842,05 € irabazten ditu hilean, eta ganberako jarduerak sortutako gastuen kalte-ordain gisa, 1.840,60 € (877,78 € Madrileko senatariek). Aurrekoari, osagarri bat gehitzen zaio duten karguagatik eta, Senatuko araudiaren babespean, Senatuko mahaiarekin hitzartu dituen hainbat zerbitzurengatik.

Senatarien gizarte-babesak zera hartzen du bere baitan, ganberaren kontura Gizarte Segurantzaren sistemetan, klase pasiboetan edo dagokion mutualitateetan alta emanda mantentzea.

Agintea amaitutakoan, uzteagatiko eskubidea kobra dezake (ez baitute langabezia-saririk kobratzeko eskubiderik), eta bateraezina izango da gainerako diru-laguntzekin. Gainera, gizarte-aurreikuspeneko planerako ekarpenak eten egingo dira.

Dagokion legerian egindako azken aldaketen harira, pentsio-gehigarriak indargabetu egin dira (IX. legegintzaldiaren amaieran, jasotzeko eskubidea sortu zutenen kasuan izan ezik); 55 urte baino gehiagoko parlamentario ohiak Gizarte Segurantzan alta emanda mantentzea eta horientzat aurreikusitako laguntzak; baita ezkontide alargunaren mesederako laguntza ekonomikoa ere.

Senatuko web-orrian pentsio-osagarria, laguntzak eta kalte-ordainak jasotzen dituztenen zerrenda argitaratzen da, baita diru-laguntza horiek zenbatekoak diren ere. Horrela, beti eguneratuta egoten dira parlamentuko pentsioei buruzko datuak, Gizarte Segurantzan alta emanda daudenei eta diru-sarreren osagarriei eta uzteagatiko kalte-ordainei buruzkoak ere.

Senatarien erregimen ekonomikoari eta gizarte-babesari buruzko informazio xehatua “Senatariak” (“Osaera eta antolaketa” blokearen baitan) eta “Gardentasuna” (“Harremanak herritarrekin” blokearen baitan) ataletan aurki daiteke. Talde parlamentarioei emandako diru-laguntzen kontzeptuak eta zenbatekoak ere eskaintzen dira.

Nola aurki daiteke Senatari bati buruzko informazioa? Zer esaten da bere profilean?

Hasierako pantailatik zuzenean sar daitekeen “Senatariak” atalean, Senatuaren osaerari buruzko kontsultak egin daitezke, hainbat irizpideren arabera: alfabetikoa, geografikoa, talde parlamentarioaren araberakoa, ganberako organoen osaeraren araberakoa eta kronologikoa. Senatari bakoitzaren izenetik bere profila edo fitxa pertsonala ireki daiteke.

Senatariaren fitxaren egiturak zati finko bat du, oinarrizko datuekin (izena, barrutia edo izendapena, alta hartutako data, zein talde parlamentariokoa den, zen lurralde-taldekoa den, hauteskundeetara zein hauteskunde-taldetik aurkeztu zen eta zein alderditakoa den) eta senatariak berak adierazitako herritarren parte-hartze bideekin (posta, sare sozialetako profilak eta orrialde pertsonalak edo blogak).

Senatariaren fitxako gainerako informazioa fitxa hauek aktibatuta erakusten da: “Senatuan dituen karguak”, “Jarduera parlamentarioa” (zein ekimen bultzatu dituen adierazten da), “Biografia”, “Jardueren aitorpena”, “Ondasunen eta errenten aitorpena” eta, hala balegokio, “Senatuan egindako gainerako legegintzaldiak”.

Nola jarri harremanetan Senatari batekin?

Herritar bat zuzenean Senatari batekin harremanetan jar daiteke, bai posta elektronikoaren bidez, bai parte hartzeko mekanismoen bidez edo baita sare sozialen bidez ere, eta Senatariaren fitxatik bertatik edo, bestela, herritarrekin dituzten harremanei eskainitako webgunearen ataleko “Parte hartu” sailetik sar daiteke horietan.

Senatuko artezkaritza-organoei buruzko zer informazio eskaintzen da?

Web-orriko gune ugaritatik kontsulta daiteke Senatuko artezkaritza-organoei buruzko informazioa: Presidentea, mahaia eta bozeramaleen batzordea.

Jarduera-egutegiaren bitartez, organo guztien deialdi eta agendetara sar daiteke.

Bestalde, Senatuko organoei dedikatutako ataletik, bakoitzak bere txokoa du eta, bertan, zer osaera duen, gaur egunean eta iraganean, eta nola funtzionatzen duen eta zein funtzio dituen jakin daiteke.

Presidenteari eskainitako gune bat garatu da. Bertan, bere agenda, jarduerak, biografia eta funtzioak azaltzen dira. Aurreko presidenteak ere orriaren gune horretan daude. Erretratu-galeriarako eta eurei buruzko informazio biografikoa eta jarduerei buruzko informazioa duten estekak ditu.

Zer funtzio ditu Senatuko presidenteak?

Senatuko presidenteak funtzio hauek ditu, besteak beste: Senatuko ordezkari gorena izatea, osoko bilkurak deitzea eta zuzentzea; eztabaidak zuzentzea eta ordena mantentzea, zigorrak jartzeko aukerarekin eta, azkenik, Ganberako araudia interpretatzea. Mahaiaren, bozeramaileen batzordeko eta izendapenen batzordeko buru ere bada.

Zer da Senatuko mahaia? Zein funtzio ditu?

Mahaia da ganberako artezkaritza-organoa, presidenteak, bi presidenteordek eta lau idazkarik osatzen dute. Legealdi bakoitzerako Ganbera osatzeko saioan hautatzen da. Eskumen garrantzitsuenak parlamentarioak eta administratiboak dira.

Parlamentuko idatziak eta dokumentuak kalifikatzen ditu, onartzen duen edo onartzen ez duen adierazten du eta ekimenak tramitera eramateko prozedura erabakitzen du; era berean, Ganberaren jarduera-lerro orokorrak programatzen ditu, saioen aldi bakoitzerako osoko bileren egutegia finkatzen du eta Senatuko hainbat organoren lanak koordinatzen ditu, bozeramaileen batzordeari aldez aurretik harrera eginda. Presidentearekin bat etorriz eta bozeramaleen batzordea entzun ostean, mahaiak osoko bileren eguna zehazten du.

Administrazio funtzioak gauzatzerakoan, ganberaren lana eta barne-araubidea antolatzea eskatzen duten erabakiak eta neurriak hartzen ditu mahaiak, baita kontratazioarekin eta lan-erregimenari lotutakoak ere, eta ekonomia-ekitaldi bakoitzeko Senatuaren aurrekontu-proiektua onartzen du, bere exekuzioa zuzentzen du eta gastuak agintzen ditu.

Zer da bozeramaleen batzordea? Zein funtzio ditu?

Bozeramaleen batzordea Ganberako presidenteak eta talde parlamentarioen bozeramaileek osatzen dute. Bileretara, bozeramaleez gain, gobernuko ordezkari bat ere joan daiteke.

Senatuan, bozeramaleen batzordea entzun beharko da osoko bilkuren gai-zerrenda finkatzeko. Zerrenda hori, presidenteak zehaztuko du, mahaiaren adostasunarekin; hainbat ekimen parlamentario eta ganberaren barne-antolaketarekin lotutako gaiak entzuten dira eta ebaztea, normalean, mahaiari edo presidentetzari dagokio. Gainera, errealitatean, ganberaren funtzionamenduarekin eta jarduerarekin lotutako edozein alderi buruzko iradokizunak eta behaketak egiten dituzten foro bat osatzen du, Senatuko presidentearen agintaritzapean.

Zer da plenoa? ¿Zein funtzio ditu?

Plenoa ganberako organo funtzionala da eta bere parlamentario guztiekin osatuta dago. Plenoak gai garrantzitsuenak ezagutzen ditu eta, gehienetan, azken hitza du eztabaidetan eta batzordeak hausnartzeko bidaltzen dizkion ekimenak onartzeko.

Plenoaren funtzio nagusien artean hauek nabarmentzen dira: Kongresutik jasotako lege-proiektuei eta -proposamenei dagokionean, Senatuan aurkeztutako betoak eta zuzenketak aurkeztea, besteak beste, Estatuko aurrekontu orokorren lege-proiektuarenak; nazioarteko hitzarmenak eta itunak baimentzea; mozioak onartzea; galderak eta interpelazioak eztabaidatzea eta organo konstituzionaletako kideak aukeratzea, adibidez, Auzitegi Konstituzionalekoak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusikoak, Kontuen Auzitegikoak eta Arartekoarenak.

Noiz biltzen da plenoa?

Plenoa, normalean, hileko bi astetan biltzen da, astearteetan eta asteazkenetan, eta batzuetan ostegunetan, aurrez ezarritako egutegiaren eta gai-zerrendaren arabera.

Zer da Diputazio Iraunkorra?

Aparteko saioak deitzeko eta, bilduta ez dagoenean, agintaldia amaitu duenean edo desegin denean eta ganbera berria osatu arte, ganberaren botereak zaintzen dituen organoa da Diputazio Iraunkorra. Ganberako presidentea du buru eta talde parlamentarioek duten garrantzia numerikoaren arabera hautatutako 21 parlamentariok osatzen dute, gutxienez. Legegintzaldiaren hasieran osatzen da.

Zer da batzorde bat? Nolakoak daude eta zein dira euren funtzioak?

Batzorde bat organo parlamentario funtzionala da; ganberako kide gutxi batzuek bere taldeak ganberan duen pisuaren araberako proportzioan osatzen dute. Gai zehatz batzuk tratatzeko eskumena du. Batzuetan, osoko bilkuraren jarduera prestatzeko organo gisa jarduten du eta, beste batzuetan, eskumen propioak dituen ganbera gisa. Batzorde mota asko daude: iraunkorrak (legegileak eta ez-legegileak); ikerketakoak; bereziak eta batzorde mistoak (Diputatuen Kongresua-Senatua). Batzordeen eskumen nabarmenenak hauek dira: lege-testuen irizpena ematea, gobernuko kideekin, agintariekin, funtzionarioekin eta gainerako jende garrantzitsuarekin informazio-saioak egin eta ahozko galderak eta mozioak izapidetu.

Zenbat kide ditu Senatu batek?

Batzordeak ez dute kide kopuru bera. XIV legegintzako arau orokorra 29 da, legegintzaldiaren hasieran ezarritako legegintzako batzorde iraunkorren gehiengoarentzako baliozko zenbakia. Kide horiek proportzionalki banatzen dira talde parlamentarioen artean. Beste batzorde batzuk, autonomia-erkidegoetakoek edota mistoek, esaterako, kide gehiago izan ditzakete, eta beste batzuk, gutxiago, adibidez, izendapenenak.

Zer da talde parlamentario bat?

Talde parlamentarioa bere atxikipen politikoaren arabera taldekatutako parlamentario talde bat da. Ganberetan osatzen dira, legegintzaldi bakoitzaren hasieran.

Senatuaren kasuan, talde parlamentario bakoitzak, gutxienez, hamar senatari izango ditu. Senatari bakoitzak talde parlamentario batean soilik hartu dezake parte. Hauteskundeetan alderdi, federazio, koalizio edo talde bereko kide gisa joan senatariek ezingo dute talde parlamentario batean baino gehiagotan parte hartu. Izendapen jakin bateko talde parlamentario batean sartzen ez diren senatariak talde mistoan sartuko dira.

Zer funtzio ditu talde parlamentario batek?

Talde parlamentarioak paper erabakigarria du Parlamentuko bizitzan: hainbat ekimen gauzatzeko titularra da, hala nola lege-proposamenak eta mozioak; eztabaida eta deliberazioetan talde parlamentarioei erreserbatutako txandetan parte hartzen du libreki izendatutako senatariaren bitartez; koordinazio-lana garatzen du, funtzioak banatzen ditu eta boto-diziplina du bere kideekiko; bozeramaleak bozeramaleen batzordean parte hartzen du.

Talde parlamentarioei buruzko zer informazio eskaintzen da?

Talde parlamentario eta alderdi politikoek txoko bat dute web-orrian. Bertatik osaerari eta jarduerari buruzko informazioa eskaintzen da eta herritarrekin komunikatzeko eta parte hartzeko bideak irekitzen dira, euren posta-helbideak eta sare sozialetako profilak jartzen baitira eskuragarri.

Zenbat talde parlamentario daude Senatuan?

XIV legealdian 8 talde parlamentari daude:  Grupo Parlamentario Socialista, Grupo Parlamentario Popular en el Senado, Grupo Parlamentario de Esquerra Republicana - Euskal Herria Bildu, Grupo Parlamentario Vasco en el Senado (EAJ-PNV), Grupo Parlamentario de Ciudadanos, Grupo Parlamentario de Izquierda Confederal (Adelante Andalucía, Més per Mallorca, Más Madrid, Compromís, Geroa Bai y Catalunya en Comú Podem), Grupo Parlamentario Nacionalista en el Senado Junts per Catalunya - Coalición Canaria/Partido Nacionalista Canario y Grupo Parlamentario Mixto.

Administrazioari buruzko zer datu eskaintzen ditu Senatuak?

Web-orriak administrazioaren antolaketari buruzko informazioa du, langileen hautaketari buruzkoa eta alderdi ekonomikoei eta kontratazioei buruzkoa. Zehazki, informazio hauek ematen ditu:

  • Antolaketari dagokienean, Idazkaritza orokorraren funtzionamendua, bere funtzioak, bertan lan egiten duten langile motak, organoetako langile kontratudunak eta organigrama arautzen duten arauetara sar daiteke.
  • Langileak hautatzeari dagokionean, langile funtzionarioen eta kontratudunaren deialdi guztiak argitaratzen dira. Aldi berean, gorputz edo talde profesional bakoitzaren funtzioei buruzko informazioa eta prozesuetan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak eskaintzen da. Informazio hori Senatuan garatzen den heziketa-jarduerari buruzkoarekin osatzen da.
  • Azkenik, arau ekonomikoak eta kontratazioenak argitaratzen dira eta, kontratatzailearen profilari buruzko atalean, deitutako eta esleitutako lizitazioen informazio guztia.

Zer da Senatuko Idazkaritza Nagusia?

Idazkaritza orokorra Senatuko administrazioa osatzen duten zerbitzu administratiboen multzoa da. Legaltasun, inpartzialtasun eta profesionaltasun irizpideekin konfiguratuta dago. Ganberak funtzio konstituzional gauzatzeko beharrezko zerbitzuak ematen ditu. Senatuko mahaiak onartutako arauek zuzentzen dute, eta uneoro horren menpe dago, eta Gorte Nagusietako langileen estatutuak. Legelari nagusia edo idazkari orokorra du buru, Senatuko mahaiak izendatutakoak, Gorte Nagusietako legelarien gorputzeko funtzionarioen artean. Langile horiek idazkaritza orokorraren menpe dago, Gorte Nagusietako funtzionarioek osatzen dute, Senatuko kontratatutako langileekin eta atxikitako langileekin.